Barañain bertsolaritzaren bestaren eszenatokian bilakatuko da bihar, egun osoan zehar. Izan ere, Bertso Egunaren 50. edizioa eta Bertso Eskolen Eguna ospakizun berean bateratuko dira aurten, goizeko 11.00tan hasi eta arratsaldeko 19.00etan Auditorioan eskainiko den bertso saio bereziarekin itxiko dena, gaueko kontzertuei ekin aurretik. Bertsoa bera eta bertsolaritzaren unibertsoan osatzen dutenak protagonista izango ditu, hartara, bestaren edizio berri honek.

“Bertso eskolak gure ekosistemaren erdiguneko elementu dira” adierazi du Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko kide eta egunaren koordinatzaile nagusiak. “Azkenean, zaleak biltzen diren gunea dira bertso eskolak, herri askotan ditugu eta horri esker dago bertsolari-tza osasuntsu, bertan egiten den lanari esker. Ekitaldian bai egunean zehar, keinu hori egin nahiko genuke”.

“Bertso eskoletako momentu, erabaki eta aldarte ugari” ikusiko dira Barañaingo Auditorioan ospatuko den arratsaldeko ekitaldi nagusian. Bertso eskolako kide guztiak “identifikatuta sentitzeko moduko saio bat” prestatu dute, Nerea Ibartzabal bertsolariak azaldu moduan. Bera eta Edurne Azkarate aritu dira Bertso Eguneko arratsaldeko emanaldiaren gidoia prestatzen. Azkaratek aipatu izan duen bezala, “oholtzan gaudenen eta publikoaren arteko mugak hausteko aukera egokia izan daiteke”. Oholtza gainean, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabat Galletebeitia bertsolariak izango dira Azkaratek proposatutako gaiei erantzun beharko dietenak. Ekitaldi nagusirako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke aurretik, 15 eurotan (12 euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 10 euro gazteentzat).

Bertsozale Elkartetik aitortu bezala, “elkarlan handiaren emaitza da 50. Bertso Eguna”. Bertsozale Elkarteko lantaldea ez ezik, gidoilari taldea, bertso eskolen batzordea eta Barañaingo bertso eskola “buru belarri baitabiltza, besteak beste”.

“Nafarroako Bertsozale Elkarteak proposatuta aukeratu genuen Barañain”, argitzen du Agirresarobek, “bertsolaritza indarra hartzen ari den gune bat delako. Haur, gazte eta helduen taldeak badaude eta, alde horretatik, azken urteotan lana ongi egin den leku bat da. Bertso eskolen gaiari heltzeko leku ezin hobea, bertakoa eredu ona baita”.

Egun osoko besta Bertso Egunari goiz partean ekingo zaio, hala ere. 11:00etan, Barañaingo Udaletxeko aretoetako bat bertso-oholtza bilakatuko da, Andoni Egañak, Xabi Zabalak eta Alberto Abajok prestatutako eta Lanku Kultur Zerbitzuek bideratutako Enkarguz ikuskizuna hartzeko. “Emanaldiaren ideia”, Agirresarobek azaldu moduan, “zuzeneko sorkuntza prozesu bat erakustea da. Kasu honetan, Barañaingo Alaitz Ikastetxeari egindako kantu bat izango da. Kantuaren sormen-prozesua erakutsiko da, eta horretarako kantuaren zirriborroa bera osatuko dute, bai musika eta bai letra”.

Jarraian, poteoa egingo da tabernaz taberna: Aitor Servier, Alaia Martin, Andoni Egaña, Arrate Illaro, Eli Pagola, Gorka Pagonabarraga, Mikel Lasarte, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa bertsolariak ariko dira kantari, Akelamendi, Kupela, Iratxo eta eta Saoly ostatuetatik igaroko den ibilbide batean.

15.00ak aldean ospatuko den bazkaria, Barañaingo udaletxearen aurrean atonduko den karpan izango da. Hotzari aurre egiteko egokitutako karpa izanen dela adierazi dute Bertsozale Elkartetik, eta Iparra-Hegoa ekimeneko kideak arituko dira sukaldari lanetan. “Sorpresarik” ere ez dela faltako aurreratu dute antolatzaileek. Bazkarirako txartelak, halaber, eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Arratsaldeko bertso jaialdiaren ondotik, gaueko parrandari jarraipena emateko tartea izanen da herriko udaletxearen aurrean jarritako karpan bertan, Oinutsik, Hezurbeltzak eta Kasu taldeen kon-tzertuekin.