BILBO. Euskara batuaren bilakaera azaltzen duen dantza ikuskizuna martxoaren 16an helduko da Arriaga antzokira. Euskaltzaindia eta Aukeran dantza konpainairen elkarlanetik sortutako Biz Hitza Loraldia festibalaren programaziaren parte da. Munduko hizkuntza guztien historia unibertsala abiapuntu izanik, euskara batuaren istorio partikularra kontatzen du Aukeran dantza konpainiaren ikuskizunak, Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko sortu den ekitaldi kulturaletako bat izanik.

Imanol Agirre Loraldia festibalaren zuzendariak atzoko aurkezpenean adierazi zuenez, “musika eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna tradiziotik abiatu da gaurko produktu bat ekoizteko”. Gainera, Edu Muruamendiaraz Aukeran dantza konpainiaren zuzendariaren arabera, “ikuskizun minimalista da Biz Hitza”, eta konpainaren bederatzi dantzarik (Garazi Egiguren, Ander Errasti, Eneko Galdos, Ione Iriarte, Ekain Kazabon, Oier Laborde, Maier Muruamendiaraz, Uxue Urruzola eta Itziar Uzkudun) osa- tzen dute ikuskizuna hamar koreografia aurrera eramanez.

Xabi Paya gidoigilea izan da ikuskizuna sortzearen arduraduna, eta atzo adierazi zuenez, “hizkun- tzaren lekua dantzak hartu du”, eta “antzerki garaikidea ere oinarri duen ikuskizuna obra unibertsala da”. Horregatik, euskaldunak ez direnak ere gerturatzera animatu zituen gidoigileak. “Euskara batuaren historia dantzatua kontatu nahi banuen, euskara batua XX. mendean euskaldunok izan dugun asmakizunik handiena izan dela uste dudalako da. Ez bagenu hizkuntza bera, are zatikatuagoa izango zen Euskal Herria nire ustez”, adierazi zuen Payak, eta hori kontatzea beharrezkoa dela gaineratu zuen, guztia ikuskizun batean bilduz, tradizionala eta garaikidea uztartuz.

Beste alde batetik, hainbat ataletan banatuta egongo da dantza ikuskizuna, Payaren arabera: “lehenengoa hutsetik hotsera” joango da, hau da hizkuntzak existitzen ez zirenetik nolabait aitzin euskara sortu arteko une hori kontatu nahi du eta hor hitz batzuk agertzen dira, “mantra” bezalakoak. Bigarrena bere aldetik hizkuntzaren bilakaera bera kontatuko du, horretarako euskararen eragina, bilakaera, sinbolizatu nahi du, euskalkien eraginak, euskal testu klasikoen aipuak txertatuz, hi- tzak lagungarri suertatuz, “makuluak” izango dira eta gidoigilearen esanetan. Dantza ikuskizun baten- tzat gidoia sortzearen zailtasunak ere azaldu zituen Payak, izan ere hurrengo galdera bota zuen: nola egiten da dantza ikuskizun baten gidoia? Horregatik, argi utzi zuen hasieratik Aukera dantza konpainiari soinekoa zela bera sortutakoa, gero Edu Muruamendiarazen taldeak bere egin behar zuela, haien erara egokituz. Horregatik dantza konpainiaren zuzendariak baiezkoa eman eta erronka polita izan zela onartu zuen, nahiz eta “euskara dantzaren bidez argitzea ez da batere erraza izan”.

Musikari dagokionez, Aitor Etxebarria izan da Aukeran Dantza konpainak interpretatzen dituen hamar piezak sortu dituena, modu horretan “betiko doinuak, doinu tradizionalak eta doinu klasikoak estrukturarik gabeko erritomoetara”, eramanez. Etxebarriaren hitzetan, “estetika garaikidea” duten piezak dira, gainera, zuzenenan izango da musikaria eszenatokian martxoaren 16ko emanaldian bertan, arratsaldeko 19:30etan eskainiko dena.

Zuzendaritza eszenikoa, bere aldetik, Ainhoa Aierbek eraman du aurrera, eta jantziak berriz, Oskar Armendarizek egin ditu.

Andres Urrutia euskaltzainburuak atzo aurkezpenean azaldu zuenez “mendeurrena ez da akademikoa soilik, kulturala ere bada”. Horregatik, Mende Berria Kantuz zikloa eskaintzen du, Bilbon martxoaren 10ean egongo dena. Antzerkiari dagokiola Ghero sortu da, eta, azkenik, dantzari ere haren espazioa eskaini dio euskal akademiak ikuskizun honekin. Izan ere, Urrutiaren esanetan, “euskararen konpromiosa bide berrietatik joan da, eta, horregatik, argi genuen iraganari so egin gabe etorkizunaren buruz jakin behar dugula”, izan ere Euskaltzaindia euskal gizarteari beti egon behar da errotuta”. Akademiak “eragile kultural izateko bokazio ere badu”, euskaltzainburuaren esanetan, “euskal kulturarekin lotuta ulertu behar den arren”.

Gainera, ekitaldi berean, Aukeran dantza konpainiaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankide- tza hitzarmena izenpetu zen.