BILBO. Emilio Sagi, eszena zuzendari handia, eta 2008ko urtarriletik 2015eko abendura Arriaga Antzokiaren zuzendari artistikoa izan zena, ikuskizun handiarekin itzuliko da bere etxea izan zenera. Luna de miel en el Cairo, Francisco Alonsoren musika duen bi ekitaldiko Francisco Alonsoren opereta ezagunari Emilio Sagik beste buelta bat eman dio, datorren astean, apirilaren 3, 4, 6 eta 7an, Bilboko ikus-entzuleak erakarriko dituen oso komedia musikal dibertigarria bilakatzeko. Emilio Sagi, lanaren bertsio librea egiteaz gain, eszena zuzendaritzaz ere arduratzen da. Teatro de la Zarzuelaren ekoizpen lan honetan, musikaren batuta Miquel Ortega Maisuaren eskuetan egongo da.

Luna de miel en El Cairo Espainiako gerra osteko errebista musikalaren proposamen berria izan zen, abagune politikoak zirela eta, aipamen erotikoz eta esanahi bikoitzez betetako ikuskizunez osatutako ordura arteko tradizioa guztiz baztertu ondoren. Emilio Sagik komedia musikalaren eremura eraman gura izan du opereta, barre asko eragiten dituen lana sortuz, opereta, errebista, zartzuela? ez den muntaketa, horien guztien pixka bat baizik. Horregatik, interpreteak abeslari liriko bikainak dira. Protagonistak Beatriz Díaz eta David Menéndez dira, eta eurekin batera Mariola Cantarero, Itxaro Mentxaka, José Manuel Díaz, Enrique Viana eta Alberto Núñez. Ahotsen kalitateaz gain, guztiek erakusten duten ukitu komikoa azpimarratu behar da. Horri helduta, aipagarriak dira Mitxel Santamarina eta Iñaki Maruri antzezleek egiten duten ekarpen dibertigarria, Carlos Imazek zuzendutako Rossini abesbatzaren ahots errefortzua eta txispa, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) beti eskaintzen duen partituraren gauzatze bikaina.

Inolako zalantzarik gabe, musika da lan horren erakarpen nagusietakoa, bikaina izateaz gain, oso erraz barneratzen baita. Izan ere, Francisco Alonso egilea melodia egile bikaina izan zen, zartzuela eta errebista garrantzitsuen autorea. Oraindik oroimenean daude La bejarana, La parranda, Las leandras eta beste asko.

Beste alderdi azpimarragarri batzuk

Luna de miel en el Cairo lanak, Nuria Castejónen koreografiarekin agertokian egongo diren hamaika dantzarik interpretatutako dantza une arinak eta dibertigarriak ere eskaintzen ditu.

Ez dugu Daniel Biancoren ekarpen garrantzitsua ahaztu behar. Bere eszenografia ederrak Kairo hirira eramango gaitu zuzenean, ikuskizuna dotoreziaz jantziz. Gaur egun Teatro de la Zarzuelako Zuzendari Artistikoa den Bianco ere Arriaga Antzokira itzuliko da. Zuzendari Artistikoaren Alboko gisa egin zuen lan bertan, “Sagi garaian”, hain zuzen ere.

Amaitzeko, aipagarriak dira, baita ere, Jesús Ruizen jantzi koloretsuak eta Eduardo Bravoren argiztapen lana.

Sinopsia

Antzoki batean, agian 1943ko otsailaren 6an Luna de miel en el Cairo antzezlanaren estreinaldia jaso zuen Madrilgo Martin Antzokian bertan, edo beste edozeinetan, opereta hori eszenaratzeko entzunaldiak ari dira egiten. Neska batek lan horri buruzko abesti bat abesten dio Maisuari, eta Maisua, zailtasunez, melodia aurkitzen ahalegintzen da. Azkenean lortuko du.

Entzunaldian hainbat pertsonek hartzen dute parte. Horietako batzuk aukeratu egingo dituzte, eta beste batzuk, berriz, ez. Estreinaldi handi baterako prestatzen ari den edozein antzokitan ohikoak diren egoera tipikoak ikusiko ditugu, gaizki irten direnez behin eta berriro errepikatu beharko diren eszenen entseguak, edo ikus-entzuleek ikusten ez dituzten arren oso beharrezkoak diren pertsonaiek eragindako egoerak, pixka bat edatea atsegin duen erregidoreak, adibidez, eta baita sastreak ere, oraingo honetan vedette ohia.

Baina interpretatzaileek, enpresarioaren aginduak direla eta, Luna de miel en el Cairo lanaren benetako funtzioa, bere printzesarekin egin beharko dute, neurria ez emateagatik konpainiatik kaleratuko ote duten beldur den printzesa faltsuarekin, hain zuzen ere; eta hor daude, baita ere, Linburgoko, operetako herrialde hartako, agintari diplomatikoak. Presta zaitezte, nahasketak garaikoak izango dira eta!