elizondo - Miren Gorrotxategi Azkune azpeitiarrak irabazi du Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak, (H)ilbeltza ekimenaren laguntzaz antolatzen duten Euskal Nobela Beltza sustatzeko (H)ilbeltza bekaren III. edizioa. Atzo eguerdian Baztango Udaletxean eskainitako prensa agerraldian eman zuten jakitera aurtengo bekaren sariduna zein izanen den. Aurkeztutako hamar lanen artean Castillo Suarez, (H)ilbeltza elkarteko ordezkaria, Joseba Otondo, Baztango alkatea eta Garazi Arrula, Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osaturiko epaimahaiak Miren Gorrotxategi Azkunek idatzitako lagina, Vianako bihotza izenburua duena aukeratu du bekaren irabazle gisara. Lauek parte hartu zuten atzoko agerraldian, eta bitxikeria bezala, aipatu, Azpeitiatik Gorrotxategiren hamar lagun hurbildu zirela, publikotik babesa agertzera. Miren Gorrotxategik 6.000 euroko beka jasoko du, erdia orain, eta bertze erdia, lana bukatzerakoan. Urte pasatxo izanen du nobela osoa idazteko.

LAN IRABAZLEA Garazi Arrula, Txalaparta argitaletxeko editoreak Gorrotxategiren lana sariteko arrazoiak eman zituen atzo, “literatura beltza izanagatik ere, ohiko detektibe eta polizia historia horietatik pixka bat aldentzen zela iduritu zitzaigun. Tramak Donejakue bidea eta upategien negozioa batzen ditu eta horrek ezohiko agertoki batera eramaten gaitu, nondik nora joko duen jakin-mina pizten duelarik. Gainera, lagina eta egitasmoa aurkezten dira lehiaketara eta nolabait proiektu arriskatua baina era berean egingarria iruditu zitzaigun, eta hori ere saritu nahi izan dugu”.

Miren Gorrotxategik eskerrak eman zituen bere lana aukeratzeagatik, eta baita (H)ilbeltza ekimeneko kideei ere, euskal nobela beltzaren alde egiten ari diren lanarengatik. Gorrotxategik berak gogora ekarri zuen duela bi urte Euskal Nobela Beltzaren baitan aurkeztu zuela bere lehenbiziko nobela, 33 ezkil, Agustin Zubikarai bekari esker idatzitakoa. Bekari esker idatziko duen hurrengo nobelarekin ere gustura itzuliko omen da.

Vianako bihotza proiektuari buruz, Arrulak errandakoari jarraiki, aipatu zuen, Donejakue bidea eta upategiez gain, lerro artean fado doinuak ere entzunen direla. Gainera maskarak ere agertuko direla aitzinatu zuen, “denok erabiltzen ditugu maskarak egunero, maskara bat jarriz agertzen gara mundura gure benetako ni hori ezkutatuz, eta nere asmoa hausnarketa bulkatzea da, ezagutzen ote ditugu gure inguruan ditugun persona horiek? edo ezagutu nahi ote ditugu beren alde gris, ilun eta beltz guztiekin?”. Hurrengo urtean ikusiko da bere lan osoaren emaitza, 2020ko abenduan argitaratuko baitu Txalaparta argitaletxeak, eta 2021eko Euskal Nobela Beltzaren astean aurkeztuko du nobela Miren Gorrotxategik.

´

AITZINEKO EDIZIOAK Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko helburuz burutzen da lehiaketa hau eta nobela sorkuntza eta itzulpenak saritzen ditu, aldizkatuz. Lehenbiziko edizioan Miel Angel Elustondok aurleztitako lagina ebatzi zuen epaimahaiak irabazle, eta urtebeteko epea izan zuen Elustondok nobela osatzeko. Duela hilabete gutti aurkeztu zuen bekari esker idatzitako nobela, Kezko bola batek itoak birikak. Iaz, itzulpena saritzea zuen xede bekak, parte hartzaileek Patricia Highsmith idazle estatubatuarraren The Blunderer nobela beltzaren lagin bat itzuli behar zuten, eta epaimahaiak Josu Barambonesen lana saritu zuen. Orain, liburu osoa itzultzeko lanetan ari da eta urte bukaerarako aurkeztu beharko du lana. Aurtengo III. edizioan, sorkuntza saritu dute, beraz, hurrengo urtean itzulpena sarituko dute.