Bilbo - Zuzentasunez idazteko gramatika eta estilo arauak jarraituz gero, nola idatzi beharko litzateke: norberak bere buruari edo nork bere buruari? Bihurkaritasuna bi bider alperrik markatzeak suposatzen duenez, bigarren proposamena izango litzateke egokiena. Galdera honen eta beste askoren erantzuna aurki daiteke Esanetik idatzira I. Gramatika-Estiloen zabuan liburuan, Labayru Fundazioaren eskutik Adolfo Arejita euskaltzainak idatzitakoa Ana Oar-Artetaren begiradapean. Hizkuntza idatzia eta ahozkoa uztartuz, ikuspegi bikoitza eskaintzen da atzo aurkeztutako bilduman.

Egileak adierazi zuenez, Deustuko Unibertsitatean ia lau hamarkadatan zehar irakasle izan ostean artikulu laburrak idazteko material mordoa bilatzeko parada izan du. Gutxinaka Labayru Fundazioak orain dela urte batzuk sortutako Bizkaieraren ataria wegbunean sartzen joan da. “Guztira 160 bat artikulu egin ditugu. Hori izan zen lehen urratsa, hurrengoa paperera ekartzea zen. Serie labur baten lehenengo alea izango da”, argitu zuen Arejitak, beste liburuki batzuk egiteko materiala badutela azaldu aurretik. Gainera, gaien proposamenak hazten jarraitzen du, hedabideetan entzun eta irakurritako badaezpadako erabilerak ere iturri bezala erabiltzen baititu.

Gaien kasuistika zabala da. Batzuetan kalko gisa txarto sortu edo erabilitako egitura batek ematen du artikulurako bidea. Izan daiteke, zuzena edo ondo erabilia izan arren, gehiegikeria arazoa ere; hau da, egitura bat modan jarri eta pareko beste batzuk alboratuta geratzea. Horregatik, azalpen teorikoak adibide askorekin osatuta datoz. Batzuk idazle klasikoen idatzitakoak dira, eta, beste asko ahozkoak, han-hor-hemen entzundakoak, lekuan lekuko erabilera kontuan hartuta. Izan ere, euskaltzainak esan bezala, “Labayruren gramatika eta bestelako lanetan, hizkuntza naturalari, ahozkoari, garrantzia handia eman zaio beti eta espiritu horrekin eginda dago”.

Nahiz eta bizkaiera duen oinarri, erdialdeko euskalkietara zabaldu dituzte adibideak eta aipatzen dituzten klasikoak. “Baina euren aldikotasuna kenduta eta gaurko grafiara eta morfologiara ekarrita. Juan Antonio Mogelek idatzitako hirija gaur egun ez da bideragarria gazteentzat. Begirunerik gabe hiria idatzi dugu ordez. Didaktika aldetik mila aldiz mesedegarriagoa da”, azaldu zuen Adolfo Arejitak, zeinak Peru Abarka obraren hainbat eredu erabili dituen. Bere aburuz, helburua jendeari modu erraz batean gramatikaren edukiak sartzea da. Horregatik, liburuaren alderdi praktikoa nabarmendu zuen.

Zentzu horretan, “gramatika zien-tzia” zabaldu nahi dutela gaineratu zuen Ana Oar-Artetak, “edonork adi-tzeko moduan adieraziz”. Hori dela eta, terminologia erraztera jo dute, adibide asko jarriz, berbaz erabiltzen direnak eta tradizio idatzitik hartutakoak. “Artikulu laburrak dira eta bitarteka irakurtzeko modukoak”, adierazi zuen. Atal ezberdinetan banatuta dago: izenordainak, determinatzailek eta mugatubakoak, adi-tzaren modalitate-hitza... Eta arlo bakoitzerako hiruzpalau artikulu aukeratu dira. “Askotarikoak dira, irakurketa atseginagoa eta abesagarriagoa izateko”, azaldu zuen Oar-Artetak, zeinek artikuluak sistematikoak ez direla jakinarazi zuen.

Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzari esker kaleratutako bildumaren aurkezpenean izan zen Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Adolfo Arejita beraren ikaslea izandako. “Bere irakaspenetan beti zegoen tradizioaren oinarria”, gogoratu zuen. “Gaur, euskara batua nagusitu den mundu honetan, bizkaierazko tradizio horrek bere tokia izan behar du eta ekarpen hau zentzu horretan ikusten dut. Ez dakit trenean irakurtzeko modukoa den, baina zerbait idatzi behar duenarentzat erabilgarria da”, adierazi zuen.