iruñea - Belatz marrazkilarian pentsatzen dugunean, ezinbestean, Lucio Urtubia anarkistaren istorioa datorkigu burura. ‘Gerezi garaia’ azken urteotan argitaratu duen lanik mardulena izan den arren, dagoeneko 20 urtetako ibilbide profesionala darama bizkar gainean komikigile nafarrak, eta dudarik gabe ongi ezagutzen duen arloa da, bere argi eta ilunekin. Zorionez, gaur egun komikigintzaren mundua garai loriatsu batean aurkitzen dela iritzi dio.

Hasi gaitezen jatorrietatik. 1999an hasi omen zinen marrazkigintzaren arloan.

-Bai, fanzineetan, doako egunkarietan, aldizkarietan... Pixkanaka hasi nintzen eta egina esan ez nekien honetatik bizitzen bukatuko nuela. Mundu oso konplikatua da, azken finean oso moldakorra izan beharra duzu. Bestela, hoberena izan behar zara gauza zehatz batean: tira komikoak soilik egiten badituzu, adibidez, oso ona izan behar duzu horretaz bizitzeko. Ilustrazioak, ipuinak, tirak... Denetatik egin izan dut, baita marka zehatzetarako marrazkiak ere.

Eta nahaste guzti horren erdian, Tim Burtonen izena ere agertzen da zure lan bati lotuta...

-Bai, horrek batez ere ospea eman zidan, dirua baino gehiago. Tim Burtonentzat zerbait egin baldin baduzu, jendeak ona zarela ondorioztatzen du zuzenean. Ez nago ziur nire lan hoberena izan zenik kalitate aldetik, baina egunkarietan ateratzen hasi nintzen, aitabitxi moduko bat izan zen niretzat. Ondoren Osasunako komikia ere egin nuen, Nafarroako Gobernurako La conquista en tres tiempos liburua ere... Denetatik.

Belatzekin lotzen den beste izenetako bat, Kukuxumuxu.

-Bai, urte dexente egon nintzen Mikel Urmenetarekin lanean. Gero, gertatu zena gertatu zen, epaitegietan ibili ginen eta, beno, jakina dena. Katuki Saguyakin jarraitzen dut Urmenetarekin orain, baina arazo legalak oraindik bizirik daudenez gauzak atera-tzea kostatzen ari zaigu. Orain, liburu eta ipuinetatik bizi naiz.

Argitalpenen munduan ongi moldatzen zara? Faktore asko uztar-tzen dira hor...

-Editorial batek argitaratzen baditu 500 edo 1000 ale, egun tirada ohikoena dena, %10 irabazten duzu gehienez, egile bezala. Eta hori kontutan hartu beharra duzu lan bat proposatzen dizutenean, egitea merezi dizun edo ez erabakitzeko.

Lucio Urtubiaren istorioa konta-tzea proposatu zizutenean, zein izan zen zure erreakzioa?

-Istorio indartsua zela pentsatu nuen. Gerezi garaia egiteko bi urte igaro nituen, eta bitartean beste lanak egin nituen bizirauteko, Elkar argitaletxearendako ipuinak gehienbat. Lucioren bizitza kontatzeko komikia egitea lan handia izan zen eta asko sufritu nuen, baina gustura sufritu nuen. Argitaletxekoei halaxe erraten nien: Gustura sufri-tzen ari naiz. Zalantzarik gabe, gehien arrotzen nauen lana da.

Ohiartzun eta ibilbide zabala izan du Gerezi garaia-k, gainera.

-Bai, eta ikustea beste hizkuntzatan ere atera dela, galegoz, katalanez, gazteleraz... Oso polita izan da. Bi urteko inbertsioa izan da, baina funtzionatzen duela ikusten duzunean pozik sentitzen zara.

Askok Lucio Urtubiaren historia komiki honen bitartez ezagutu izanen dute, ezta?

-Bai, lehendik bi liburu eta dokumental bat argitaratu izan dira honen inguruan, baina askorentzat, gazteentzat gehienbat, Luciorekin izan duten lehenengo harremana izan da komikia. Uste dut komiki bat tresnarik indartsuena dela askotan gai batzuren berri izateko. Gero, gaian sakondu dezakezu bestelako liburuen bidez, baina irudia eta bizipenak uztartzen dituzunean, gauza ederrak sortu daitezke.

Badirudi azken urteotan indartu egin dela komikigintza, ilustrazioaren arloa orokorrean, ezta?

-Bai, eskerrak. Duela 15 urte, bakarrik ume edo gazteentzako zela zirudien. Baina orain argiago dago edozein irakurlerentzako baliagarria dela, edozein istorio kontatzeko balio duela. Begiratu Paco Roca, adibidez, bere obrak helduentzat dira soilik. Gero eta jende gehiagok irakurtzen du, eta lanbidearekiko ere errespetu handiagoa dago, zer esanik ez eleberri grafikoaz ari garenean. Niretzat berdina da, baina badirudi bestelako estatus bat duela eleberri grafikoak. Baina tira, izenak izen, lanbidea dignifikatzeko balio baldin badu aurrera.

Zergatik izanen da, irudien gizartean bizi garelako?

-Akaso bai, Instagramen gizartean bizi gara eta badirudi jendeari gero eta gutxiago gustatzen zaiola irakurtzea. Komikiak irudiaren bitartez kontatzen du, eta agian horrengatik handitu du bere presentzia.

Irakurtzeko erraza izateak ez du erran nahi, aldiz, erraz sortzen den zerbait denik, ezta? Estiloari dagokionez, zein izan zen Gerezi garaia-rekin egin zenuen apustua?

-Lan honekin hasi nintzenean, ez nuen aurreikusi estiloa, bat-batean sortu zen zerbait izan zen. Jende askok esan zidan ez zela nire betiko estiloa. Baina narrazioak eska-tzen zidana zen. Istorio hau konta-tzeko, ez nituen plano ikusgarriak sortu nahi. Normalean, marrazkilariok plano eta ikuspegi desberdinak erabiltzera jotzen dugu, pikatuak eta kontrapikatuak erabiltzen ditugu... Kamera asko mugitzera jotzen duzu, emaitza ikusgarriagoa izateko. Baina plano soilagoak erabili behar nituela konturatu nintzen istorio honetan, eta horrek estilo “atseginago” bat bilatzera eraman ninduen.

Zein izan zen protagonistaren erreakzioa liburua eginda ikusi zuenean?

-Egia esan urduri joan nintzen komikia berari erakustera, argitaletxera bidali eta segituan. Parisera joan nintzen Lucio eta bere emaztearen etxera, komiki guztia irakurri genuen hirurok, bakoitza alde batean eserita nituela. Lucio benetan hunkitu zen, negar egiteraino, baita ni ere.

Horrelako istorio bat aurrean edukita, ez zitzaizun erraza suertatuko zer kontatu eta nola kontatu erabakitzea...

-Hala da. Gertatutako oso ezaguna da eta nik ez nuen horretan bakarrik oinarritu nahi, harago jo nahi nuen, Lucio Urtubia pertsonan sakondu nahi nuen jendeari ezagu-tzera emateko. Nor da Lucio Urtubia anarkista? Nolakoa da bere lankidearekin, emaztearekin, alabarekin? Galdera horiei erantzun nahi nien, jendeak berarekin enpatiza-tzeko. Trama nagusia bere bizitza zela argi nuen, baina istorioa nork kontatuko zuen erabakitzea izan zen lehenengo buruhaustea. Amaiaren pertsonaia asmatu nuen, azken finean ni neu naizena, baina bere istorioarekin lotu nuen. Ondoren, kontatu beharrekoak agertu behar ziren, lapurretak eta Citybankeko istorioarena... Pertsonaia guztiek bere argi-ilunak agertu behar zituzten, eta Lucioren itzalak aurkitzea kosta egin zitzaidan, izan ere, berarekin liluratuta nenbilen, maiteminduta. Bere bizitza eta harreman pertsonaletan itzalak bilatzen saiatu nintzen, eta azkenean konturatu nintzen itzal horiek erabiliz, argiak are gehiago nabarmentzen zirela. Azken finean, pertsona arrunt bat dela konturatzen gara, edozein izan daitekeela eta edonork egin dezakeela berak egin zuena, ausardiaz eginez gero.

Nola ikusten duzu Nafarroako komikigintza eta ilustrazioaren arloa?

-Oso ongi ikusten dut. Gero eta artista gehiago ateratzen ari dira, akaso lehen aipatu dugun arrazoi horrengatik, irudiak duen presen-tziagatik. Denetarik dago, eta kalitate handia ere badago, korronte berri moduko bat dago. Orain Durangora edo Getxora joaten garenean, nobedade asko ikusten dugu aldi oro. Onarpenarei dagokionez, Nafarroako Komikiaren Azoka bezalako ekimenei esker besteak beste, komikia mundura zabaltzen hasi gara. Jendea konturatzen hasi da atzean dagoen lan izugarri horretaz. Ez dira momentu batean egiten dituzun “marrazkitxoak”, eta alde horretatik egoera aldatzen ari dela uste dut. Komikigintzarekiko errespetu handiagoa dago egun.

Edozein gauza kontatu daiteke komiki baten bitartez? Azken aldian, gaiei dagokienez ere aniztasuna nagusitu dela atzematen da.

-Bai, edozein izan daiteke landu dezakezun gaia, ez dago debekatutako gairik. Garrantzitsuena, gauza guztien gainetik, istorioa nola kontatuko duzun erabakitzea da. Aurreko egunean, Paco Rocarekin hitz egin nuen honetaz. Berak gai bat hartzen du, Etxea lanaren kasuan bezala, eta gaia berez oso soila izan arren, irakurlea hunki-tzea lortzen du.