- Hatzamarkak urriaren 17an (datorren larunbatean) aurkeztuko du bere lehenengo argitalpena, I, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan, arratsaldeko 19.00etan. Lehenengo lan honek poesia eta ilustrazioa uztartzen ditu, hitza eta irudia lanabes dituelarik. Halaber, sortu berri den kolektiboaren aurkezpen ofiziala ere izango da larunbateko ekitaldia, Hatzamarka osatzen duten zortzi sortzaile gazte hauetako gehienentzat jendaurrean aurkezten duten lehenengo lana izanen baita.

“Hamasei eskutara harramazka egiteko asmoz gatoz, eta hitza eta irudia ditugu lanabes”, diote kolektiboko kideek. “Proiektua ibilbide eta esperien-tzia anitzeko gazteon batzeko, eta elkarlanean sortzeko beharraren ondorioz sortu zen. Izan ere, gure sorkuntza lanak plazaratzeko aukerak urriak dira, lehiaketak izanik horretarako espazio bakarrenetarikoa. Proiektu honek, beraz, Iruñerrian gazteok euskaraz sortzen ditugun lanen erakusleiho izan nahi du, helburu argi batekin: etorkizunean, Iruuñerriko sor-tzaile gazte eta euskaldunek euren proiektuei bide ematea”.

Lehenengo lan honetan, kolektiboko kideetako bat den Itziar Lópezek “zintzotasunetik” aritu direla azpimarratu du. “Guk nahi genuen horretatik aritu gara, beste ezertan pentsatu gabe. Publikoaren aldetik eran-tzun ona jasotzen badugu oso pozgarria izango da, zintzotasun horrengatik”.

Liburu proiektuak bi diru laguntza jaso ditu: Iruñeko Udalak antolatzen duen sormen proiektuetarako diru laguntza (2019) eta Uharte Zentroak antolatzen duen Arte Gaztearen Topaketen diru laguntza (2020).