Heriotza hizpide Pirritx, Porrotx eta Marimototsen proiektu berrian

22.11.2020 | 01:21
Julio Soto, Maite Mutuberria, Porrotx, Marimotots eta Pirritx, ostegunean Katakraken ospatutako aurkezpenean.

Julio Soto eta Maite Mutuberria elkarlanean aritu dira 'Amaren intxaurrak' ipuina sortzeko

33 urteko ibilbidean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek gai andana jorratu dituzte euren ikuskizunetan, errealitatearen ertz desberdinak haurrengana hurbilduz: familia eredu anitzak, kultura aniztasuna, bizikidetza, inklusioa, gaixotasunak... Amaren intxaurrak izenburupean aurkeztu berri duten proiektu berrian, heriotza izanen dute orain hizpide sudurgorriek, lanean parte hartu duten Julio Soto bertsolariarekin eta Maite Mutuberria ilustra-tzailearekin batera ostegunean Katakraken egindako aurkezpenean azaldu zuten moduan. Heriotza, izan ere, bizitzaren parte bada, "gure egunerokoan presente dagoena", Porrotxek berak azpimarratu moduan.

"Tristurak, pozak bezala, askotarikoak izan daitezke eta heriotza horietako bat da. Haurren aiton-amonak hiltzen dira, baita gurasoak ere. Senideak, lagunak... eta haurrak ere hiltzen dira tarteka". Hala, herio-tza beltzez janzten duen gizarte honetan, kolorez ere agertu nahi izan dute ipuin batek eta disko batek osatzen duten proiektuan. "Helburua heriotzaren gaia haur eta gaztetxoekin, eta haiekin batera, familiekin lantzea da. Gai honek tabu izaten jarraitzen du gure artean, nahiz eta denok ukitzen gaituen".

Ipuina Julio Soto bertsolariarekin eta Maite Mutuberria ilustratzailearekin batera landu dute. Diskoak berriz, aurrez argitaratuak dauden 15 abesti jasotzen ditu. Xabier Zabalak sortutako musikarekin eta hainbat sortzailek egindako hitzekin dago osatua. Bi esuakrri hauetan oinarrituta, bestalde, ikuskizun bat ere prestatu dute, herriz herri eta irriz irri, jolastuz, kantatuz eta dan-tza eginez taularatuko dena. "Hitzak jarri dizkiot ipuinari", azaldu zuen aurkezpenean bertsolariak, "baina denen artean sortutaok istorio bat izan da". "Hasieran oso gogorra da heriotza", hausnartu zuen. "Luze eta gogorra, baina dolua bizitzeko modu asko daude. Dolua ongi ixten bada, aldiz, ohartzen zara galdu duzun hori fruitua ematen duen arbola batean bilakatu dela".

Mutuberriak, bere aldetik, Sotorekin izandako elkarlan ona azpimarratu nahi izan zuen: "Ia elkar ezagutu gabe egin dugu lan baina elkar ulertu dugula uste dut". Amaren intxaurran ipuinerako irudi "oso narratiboak" sortu dituela ere nabarmendu zuen. "Bi baliabide nagusi erabili ditut, alde batetik, akuarela irudiei xamurtasuna emateko; eta bestetik natura. Oso presente dago natura liburuan, bertan aurkitzen ditugulako bizitzaren aldi guztiak".

Zuhaitzaren landaketa
Ipuina, Marimototsen amaren heriotzetik abiatzen da. Marimototsek, triste eta bakarrik, Pirritx eta Porrotxengana joko du, eta beraiengan topatuko du bere familia berria. Amaren oroigarri eta haren omenez ere, intxaurrondo bat landatzea erabakiko dute. Istorio honekin, bi ideia nagusi helarazi nahi dute sudurgorriek: "Jaio bezala hil egiten gara, baina gure bizipenen bidez gure baloreen transmisioa gauzatzen da belaunaldiz belaunaldi. Denborarekin, bizipenekin gogoratzeak irribarrea margotzen baitigu aurpegian", azaldu zuen Pirritxek. "Bestalde, jaiotzean naturatik gatoz eta hiltzean naturarekin egingo dugu bat". Horrexegatik, zuhaitzaren landaketak pisu nabarmena dauka bai ipuinean baita ikuskizunean ere.

Proiektuaren helburua, halaber, ikastetxetako hezkuntza curriculumena heriotzaren gaia txertatzea ere bada. "Proiektua bertan gelditzeko etorri da. Heriotzaren gaia gure bizi-tzaren parte da eta behar bezala laguntzea, agurtzea eta oroitzea oso garrantzitsua da". Lanketa prozesuan, sudurgorriek berriki sortu den Hil Argi elkartea izan dute bidelagun. Hala, elkarte honen jakintzak, Katxiporreta kooperatibak haurren agurretan duen esperientziak eta bizipen hauetatik metatutako jakin-tzak, baita Hik Hasi proiektu pedagogikoak dituen baliabideek, bat egin dute proiektu honetan. Pailazo hirukoteak gogoratu bezala, une oro kontutan izan dituzte bidean hil zaizkien lagun txiki eta handiak. "Haiengandik jasotako bizipenak zein balioak eta haien senide eta lagunekin partekatutakoak bilduta daude lanketa honetan".

Izan ere, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek esperientzia zabala daukate agurretan. Kasu batzuetan globoak askatu dituzte airera, etxe luzez inguratutako porlanezko plazatxo batetan, haurraren arratselderoko jolaslekua izandakoan. Eskolatan ere izan dira, hezkuntza komunitatea osatzen duten partaideekin marrazkiak, bizipenak eta sentimenduak partekatuz. Herriko parke kuttunean arbola landatu izan dute bizilagunekin batera. Orain, pandemia medio, "inoiz baino gehiago agerian geratu da heriotzaren aurreko eta ondorengo momentuetan duintasunez laguntzeak eta agurtzeak berebiziko garrantzia duela".

proiektua

'Amaren intxaurrak'. Ipuin batek, disko batek eta ikuskizun batek osatzen dute sudurgorrien proiektu berria.

Elkarlana. Ipuina Julio Sotok idatzi eta Maite Mutuberriak ilustratu du. Halaber, Hil Argi elkartea bidelagun izan da proiektuan, heriotzaren inguruan dagoen tabua apurtu eta gai honetan herritarrak ahalduntzen lagundu nahi duen kolektiboa.

"Helburua heriotzaren gaia haurrekin, eta haiekin batera, familiekin lantzea da"

Joxe Mari Agirretxe

Porrotx

"Dolua gogorra da, baina ongi ixten bada fruitua emango duen arbolan bilakatu daiteke"

julio soto

Bertsolaria

"Oso presente dago natura liburuan, bertan aurkitzen ditugulako bizitzaren aldi guztiak"

maite mutuberria

Ilustratzailea