- Basakabiko udalekua Iruñeko Baluarteko antzokiko eszenatokira iritsiko da gaur, saio bikoi-tzean: 16.15etan eta 18.30ean. Go!azen 7.0 euskal haur eta gazteen artean izugarrizko arrakasta duen telesailaren denboraldi berrian oinarritutako kontzerturako sarrerak asteartean agortu ziren jada, beraz agerian da publikoaren artean ikuskizunarekiko dagoen zirrara. Emanaldian, azaroan estreinatu zen azken denboraldiko abestiez gain, aurreko denboraldietako kantuetaz ere gozatu ahal izanen dute gaztetxoek.

"Aurtengo eta aurreko denboraldietako abestietako batzuk osatuko dute kontzertua", argitu du telesailaren gidoilari nagusietako bat den Xabier Zabaletak. "Urte guzti hauetan atera diren abesti nagusiak ez dira faltako, esaterako Go!azen bera edo Euskararen txantxangorria, klasikoak direnak. Aurten, adibidez Iñaki, ze urrun dago Kamerun abestiaren moldaketa bat egin dugu eta hor egongo da. Izaroren Paris abestiaren moldaketa ere entzungo da, Iker Laurobaren Kalera irten gara€"

Eszenatoki gainean, Basakabiko udalekuko pertsonaia nagusiek parte hartuko dute: Maddi (Dánae Riaño), Zuri (Maria Redondo), Igor (Xanti Korkostegi), June (Lorea Intxausti), Markel (Asier Burguete), Enara (Aitziber Errazkin) eta Luken (Ander Lacalle).

Azaroan estreinatu zen azken denboraldiaren trama berriak ere atzemango dira, bai dagoeneko emandako hamar kapituluetan agertu diren abestien eskutik, baita oraindik ere aurkeztu ez diren abesti berrien bitartez ere. "Abenduan hasi ginen kontzertuekin", gogoratzen du Zabaletak, "eta orain arte Euskal Herriko 12 herritan egon gara, horietako bakoitzean bi emanaldi eskaini ditugularik. Egia esan espero baino hobe joan dira kontzertuak, sarrera guztiak agortu ditugu".

Denboraldiz denboraldi, gero eta nabarmenagoa da Go!azen-ek publiko gaztearen artean duen arrakasta, ohiko kapituluen bitartez bakarrik ez eta telesailak dituen gainontzeko plataformen harrera onaren bitartez nabarmentzen dena: YouTubeko kanala, mugikorrentzako app berria, aldizkaria, Jasone Osorok telesaileko pertsonaietan oinarrituz idatzi dituen eleberriak... "Oso pozik gaude, etxeko txikiek horrelako zeozer merezi dutela uste dut. Guraso bezala ere oso pozgarria da disfrutatzen dutela ikustea. Uste dut musikak garrantzia handia duela arrakasta horretan, horren bitartez saiatu gara gurasoak eta txikiak elkartzen".

Trabak traba, EiTBk eta Pausoka Entertainment ekoiztetxeak elkarlanean ekoizten duten telesail musikalak ez du bere erri-tmoa jaitsi urte berezi honetan, nahiz eta ez den lan erraza izan. Koronabirusaren pandemiak bultzatuta martxoan bizitako konfinamenduan, erraterako, Go!azen etxean saio bereziak prestatu zituzten, non telesaileko protagonistek itxialdian zehar zuten bizimodua kontatzen zioten elkarri. Aurreko denboraldietako aktore batzuk ere itzuli ziren atal berezi hauetan, tartean Ainhoa Larrañaga (Eli), Asier Burguete (Markel), Miren Arrieta (Ane), Aritz Mendiola (Gari), Iholdi Beristain (Naia) eta Nerea Mazo (Nikole).

Martxoan, saioaren arduradunek dagoeneko denboraldi berriko atalak idazten ari zirela iragarri zuten, hain zuzen azaroaren 20an estreinatu zirenak izugarrizko jarraipen eta arrakastarekin publiko gaztearen artean. Go!azen 7.0 denboraldi honetan, bi neskaren arteko maitasun istorio bat eta harreman toxikoen gaiak dira hizpide, eta aurreko denboraldietako pertsonaietako asko zein pertsonaia berriak ere agertu dira. Xabi Rodriguez (Aimar), Andrea Mora (Sara), Kimetz Renteria (Gabo) eta Iban Malo (Musa) aktoreek ez dute jarraitu, eta hiru ikasle berri aurkeztu dira dira? Enara (Aitziber Errazkin), Luken (Ander Lacalle) eta Garazi (Nerea Elizalde). Horretaz gain Endika Zamalloa aktoreak Aitor pertsonaiarena egiten du, mantenimenduko arduradun berria dena, eta Maria Cruickshank ingeles irakasle berria da. Asier Burguete aktorea ere itzuli da Markel Aranbururen paperean, oraingoan ikaslea izan ordez bekadun lanetan. Aktore gonbidatuen artean Iñigo Larrinaga dago.

Kalera irten gara, denboraldiaren bideoklipa Iker Laurobak sortu du eta uztailaren 9an estreinatu zen.