- Euskal literatura eta kultura sustatzeko urte luzeetan zehar egin duen lan eskergagatik Lourdes Oñederra (Donostia, 1958) euskal filologiako doktore, ikertzaile eta idazlea sarituko du asteartean, urtarrilaren 19an, Noticias Taldeak. Or-tzadar Saria emango diote, zeina 1997an talde honetako Deia egunkariak sortu baitzuen euskarazko sormen lanak aintzatesteko. Sari hau urtero banatzen da larunbatero taldeko egunkari guztietan argitara-tzen den Ortzadar gehigarri kulturalaren esparruan, eta tradizionalki ekitaldia Durangoko Azokan ospa-tzen bada ere, pandemia dela eta aurtengoan Gasteizko Artium zentroan egingo da, ekitaldi pribatu batean.

Oñederrari gaztetatik gustatu izan zaio literatura, baina idazteko joera Deustuko Unibertsitatean Filologia Hispanikoa ikasten ari zela hartu zuen (1975-1980). Hori amaitu ondoren Ameriketako Estatu Batuetara abiatu zen 1980an eta University of Iowan Hizkuntzalaritza masterra burutu ostean itzuli zen. Euskal filologian doktore izatera iritsi zen 1987an tesia defendatu ondoren eta fonologian aditua da gaur egun.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Filologia Fakultateko irakasle ohia izateaz gain, Euskaltzaindiako kidea ere bada. 1996ko martxoaren 29an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 2007ko azaroaren 30ean euskaltzain oso. "Hemendik aurrera dugun erronka, euskara batuarekin batera, bestelako hizkerak gordetzea da", azaldu zuen euskaltzain oso bihurtu ostean Noticias Taldeak egin zion elkarrizketa batean.

Eta hizkerek pizten dioten interesa aintzat hartuta, bere ibilbide profesionaleko ordu gehienak fonologia ikertzen eta irakasten igaro ditu erretiroa hartu arte. Idazteko nahiari jarraiki, zutabeak eta artikuluak idatzi izan ditu Ere, Oh Euzkadi, Argia, Hika eta Geu aldizkarietan eta Euskadunon Egunkariako zutabegilea ere izan zen garai batean.

Bere ibilbide zabalean literaturari ere zabaldu dizkio ateak Oñederrak eta lan horren ondorioz ereindako lehenengo fruitua izan zen Eta emakumeari sugeak esan zion eleberria, 1999. urtean argitaratu zuena. Liburuak arrakasta itzela izan zuen eta hainbat sari eskuratu zituen Oñederrak: Espainiako Kritikaren Saria (1999), Beterriko Liburua Saria (2000), Gipuzkoako Liburudenden Elkartearen Zilarrezko Euskadi Saria (2000), Espainiako Narratiba Sari Nazionalean finalista eta Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Literatura Saria (2000). Gainera, gaztelaniara, ingelesera, errusierara eta italierara itzuli zen obra.

Liburuak oihartzun handia izan zuenez, Anderson anderearen kutixia (2001) eta Sommer jaunaren istorioa (2007) ipuinak idaztera animatu zen eta eleberrigintzari ere heldu zion berriro beranduago. Horren adibide da 2013an Intemperies (Babes bila) argitaratu izana.

Literaturaz gain, beste hainbat arlotan ere saritu dute Oñederra. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, 2019an EHUk omendu zituen bost emakumeetako bat izan zen, Arteak eta Giza Zientziak atalean. Halaber, unibertsitate berak Bihotz ahots : M.L. Oñederra irakaslearen omenez liburua eskaini zion urte berean.

Aurtengo Ortzadar Saria San Sebastian egunaren bezperan jasoko du Oñederrak. Gaur egun Gasteizen bizi den arren, donostiar sena barneratuta dauka eta San Sebastian egunaren zale amorratua dela nabarmendu izan du behin baino gehiagotan. Bereziki, 2008ko Gipuzkoako hiriburuaren egunaren bezpera izan zen garrantzitsua berarentzat, Donostiak Hiritar Merezimendu Domina eman baitzion. Bere gurasoei eta terrorismoaren biktimei dedikatu zien saria egun hartan.

Ortzadar Saria jaso ostean, urtez urte handitzen doan zerrenda luze batera gehituko da Oñederra ere. Ondorengoak izan dira azken urteetako saridunak: Ramon Saizarbitoria (2013), Jakin aldizkaria, Joan Mari Torrealdaik jaso zuena (2014), Labayru Institutua (2015), Sagrario Aleman (2016), Jose Mª Iriondo (2017), Euskaltzaindia (2018) eta Leopoldo Zugaza bibliografo eta eragile kulturala (2019).

'Eta emakumeari sugeak esan zion' bere lehen eleberriarekin sari ugari eskuratu zituen eta hainbat hizkuntzatara itzuli zuten