Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira bertsolariak eta Ainhoa Larretxea gai-jartzailea elkartuko dira Iruñean ospatuko den 2021eko lehenengo Bertso Egunean, datorren larunbatean. Gayarre antzokian izango da bertso saioa, 18.00etan hasita. Ez dira protagonista bakarrak izango, Eneko Lazkoz eta Oihane Perea bertsolariek ere hartuko baitute parte emanaldian. Sarrerak dagoeneko eskuragai daude.

Eta horrek guztiak, protagonistek, lekuak, testuinguruak eta bestek, izango du zeresanik Bertso Egunean: “Errealitateei beste ikuspuntu edo perspektiba batzuetatik kantatuko diegu. Abiapuntuak egiten baitu gaia, kantatzeko hautatu dugun lekuak aldatzen baititu esanahiak, kolektiboan aritzeak aldatzen baitu bakarka marraztu dugun errealitatea” aurreratu du aurrelanean aritu den Saioa Alkaizak.

Antzokirako sarrerak www.teatrogayarre.com webgunean daude eskuragai, 12 euroren truke; 9 eurotan izango dituzte Bertsozale Elkarteko bazkideek. Aretora joan gabe, Internetez zuzenean ikusi nahi duenak ere izango du aukera. Horretarako ere sarrera hartu beharko da, baina www.bertsosarrerak.eus atarian: 5 eurotan eskuratu ahal izango dira sarrerok, eta 3 eurotan izango dituzte bazkideek. Behin sarrera erosita, Internetez nola jarraitu azaltzeko argibideak bidaliko zaizkie zaleei.

Ohi baino aste batzuk beranduago izango da, beraz, aurten Bertso Eguna. Ez da, ordea, 2021eko berezitasun bakarra izango, bat bakarrik ez eta hiru hitzordu izango baitira: martxoan eta maiatzean izango diren Getariako eta Hazparneko Bertso Egunetarako sarrerak ere eskura daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian.

Bertso plaza indartzeko Bertsozale Elkartea egiten ari den apustuaren parte dira saio hauek. Plaza biziberritzeko ekimen hau babesten eta laguntzen dute Laboral Kutxak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Gainera, Iruñeko Udalak laguntzen du datorren asteko Bertso Eguna.

Urtarrilaren 30ean izan behar zuen Hazparnen 2021erako iragarritako lehen Bertso Egunak. Lapurdin egun dauden neurrien arabera, ordea, antzokiek itxita egon behar dute eta ez dago kultur ikuskizunik egiteko aukerarik. Hori horrela izanda, hilaren amaieran izan behar zuen Bertso Eguna maiatzaren 22ra atzeratuko da. Leku berean izango da, Mendeala gelan; baina ordubete lehenago, 17.00etan.

Bertsozale Elkartetik aditzera eman denez, antolatzeaileak sarrera erosia dutenekin jarriko dira harremanetan, eta dirua itzuli edo maiatzeko saiorako sarrera gordeko zaie. Maiatzeko Bertso Egun honetarako sarrerak jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Getariako Balenciaga museoak hartuko du martxoaren 27koa; Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan, Maite Berriozabal lemazain dutela.

Iruñekoa bezala, emanaldi hau ere internetez zuzenean nahiz aurrez aurre ikusi ahal izango da: modu baterako zein besterako sarrera eskuratu behar izango da. Aukeren arabera salneurria ezberdina izango da, eta bazkideek eta gazteek merkeago eskuratu ahal izango dituzte. Emanaldiak Internetetik ikusteko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian izango dira.