- Mikrofikzioa mugarik gabeko generoa da. Izan dezake poesiatik, ideiekin eta hitzekin jolasteko moduan; baita narraziotik ere, kontakizun bat islatzen duen heinean. Mugarik ezean, alta, baditu berezko barne arauak eta baliabideak ere, baina arau bat beste guztien gainetik nagusitzen bada, hori soiltasuna da: hitz bat ere ez dago soberan. Kerman Arzalluz (Donostia, 1972) idazleak mikrofizkioa eta umore beltzaren inguruko tailerra eskaini zuen atzo Pamplona Negra jaialdiaren baitan. Max Auben Crímenes ejemplares eta 2019an argitaratu zuen Crímenes ideales lanetatik abiatuta, motzetik abiatuta handia den genero honen berezitasunak aztertu eta bertatik ikasteko parada eskaini zuen Arzalluzek.

Zertan oinarritu da eskaini duzun tailerra, zehazki?

-Oso zehatza naiz eta gustatzen zait edukia ere halakoa izatea, iragarritakoa eta jasotzen duzuna berdina izatea. Mikrofikzioaren ezaugarriak aztertu ditugu, baita nola uztartzen den umore beltza genero honen baitan. Oinarritzat, bi liburu hartu ditut: alde batetik, Max Aub idazlearen Crímenes ejemplares liburua eta, bestetik, nik idatzitako Crímenes ideales.

Mikrofikzioaz ari garenean, zertaz ari gara?

-Nahiko genero berria da. Testu laburrak edo hiper laburrak betidanik existitu izan dira, hori bai. Ahozko tradizioan betidanik egon da, aitzinatik dator. Baina genero gisa, joan den mendeko 60ko hamarkadan, batez ere Ipar Ameriketan ematen da, egile batzuk konturatzen direnean zeozer diferentea egiten ari direla. Egiten ari diren testu ariketa horien corpus bat eraikitzen dute, eta orduan sortzen da generoa. Mikrofikzioa eta mikro-errelatoa bereizi behar direla uste dut: mikro-errelato guztiak mikrofikzioa dira, azken hau orokorragoa da. Bertan, mota askotako testu hiper-laburrak sartu daitezke: prosa poetikoa, aforismoak, mikro-errelatoak...

Oso ongi egokitzen da generoa egun bizi gaituen garaiotara, ezta?

-Oso genero aproposa da gure garai honen abiadurarako, bai. Adituek esaten dutenez, sare sozialen hasmentan asko argitaratu zen zentzu horretan, eta uste dut pixka bat jaitsi egin dela. Hala ere, generoak oso garai indartsua izan zuen sare sozialetan, Twittterren batez ere. Denbora falta ere bada da arrakasta horren arrazoietako bat.

Umore beltza izan da tailerraren gai nagusietako bat, halaber. Baina genero beltzean umorea ez da maiz landu, ezta?

-Alde batetik, Pamplona Negra oso jaialdi transbertsala da eta hor izan dugu gai hau proposatzeko aukera ere. Gastronomia beltza, eleberri beltza, umore beltza... Diziplina asko hartu dira kontutan jaialdia antolatzerakoan. Beste motatako genero bat aurkeztu nahi genuen guk, mikrofikzioarena, eta bi liburu horietan oinarrituta, umore beltzaren tratamendua ere. Genero beltzean ere, trama zabaldu egin da azkeneko urteetan, eta bestelako gaiak lantzen dira.

Zer nolako umorea da genero beltzaren baitan agertzen zaiguna?

-Umore beltzak umorearen ezaugarri guztiak dauzka, baina bereziki krudeltasuna da desberdin egiten duena. Umore beltza, irribarrea sortzen duena da, barregarriak ez diren egoereretatik abiatuta, izan egoera beldurgarriak edo ilunak. Beste sentimendu batzuetatik abiatzen da. Oso berezia da eta irakurketa desberdinak eragiten ditu: batzuei grazia eragiten dienak, besteei ez. Deserosoa ere izan daiteke. Aldi berean, betidanik existitzen den umorea da, absurdoarekin ere zerikusia duena: platano-azalaren istripuaren umorea da. Baina argi dago umore beltzak harreman zuzena duela irakurlearen mundu ideologikoarekin, hor kokatzen direlako mugak ere.

Badauka alde kritiko bat, ere?

-Bai, dudarik gabe. Eta onuragarria da hori. Mexikon, adibidez, heriotzaren kulturarekin egiten duten efektu berdina da. Heriotzaz umore kutsu horrekin hitz egiten baduzu, horrek ere nolabait banalizatzeko balio dezake.

Mikrofikzioan, genero beltzean bezala, faltatu ezin diren elementuak identifikatu daitezke?

-Mikrofikzioan, hasteko, inportanteena baliabideen ekonomiak hedadurarekiko alderantzizko propor-tzioa daukala da. Gero eta testu motzagoa, gero eta zehaztasun handiagoa behar duzu. Ezin da hitz bat soberan egon. Oso zorrotza izan behar zara alde horretatik. Gero, genero jostagarria ere bada. Malabarismoak egiteko, hitzekin eta esanahiekin jolasteko genero bat da. Hizkuntzari buelta eman eta zukua ateratzekoa. Kasu honetan, umorea ere ezin da faltatu.

Balore sozialek ere pisu nabarmena daukate tailerrean landu dituzuen liburuetan, ezta?

-Bai, hala da. Funtsezko ezaugarri bat da, gainera. Bat irakurriko dizut, edertasunaren kanona eta presio soziala salatzen duena, De quita y pon izenekoa: "Esa negativa suya a quitarse la papada, las bolsas de los ojos y las patas de gallo me dio coraje. Y tampoco quería ponerse tetas ni morros. Me la quité de en medio con un empujón. Con la tripita". Hor ikusten da aipatzen dudana. Testu hauek ondo pasatzeko dira, entretenimendu gisa, baina atzetik badaukate balio soziologikoa ere. Uste dut hori dela funtsezkoena liburu hauetan. Kasu honetan, emakumeek gizartean ederrak bezala onartuak izateko jasan behar izaten duten presioa da mintzagai. Max Auben liburuan, adibidez, bere gizartearen deskribapen bat egiten du, eta orduko gizakiaren alderdi txarrak sala-tzen ditu. Alderdi kritiko nabarmena dauka.

"Mikrofikzioa betidanik existitu da, baina genero bezala 1960ko hamarkadan sortu zen, Ipar Ameriketako egile batzuek eskutik"

"Gero eta testu motzagoa idatzi, orduan eta baliabide gehiago behar dituzu, oso zorrotza izan beharra zara alde horretatik"