- Dagoeneko azken txanpan sartu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Izan ere, bihar erabakiko da zein izango den azaroaren 28an Iruñean jokatuko den finaleko zortzikotea. Eneko Lazkozek eta Julio Sotok dagoeneko eskuratu dute azken oholtzarako zuzeneko fasea, eta azken finalaurrekoan gailenduta sailkatuko den bertsolariaz gain, puntuazioaren arabera sailkatuko dira azken bost bertsolariak. Biharko saioa, beraz, erabakigarria izanen da.

Herriko kiroldegian jokatuko da finalaurrekoa, 17:30etatik aurrera, eta oholtza gainean sei bertsolari arituko dira kantuan: Joanes Illarregi Marzol, Eneko Fernandez Maritxalar, Sarai Robles Vitas, Xabier Silveira Etxeberria, Julen Zelaieta Iriarte eta Iker Gorosterrazu Elizagoien. Gai-jartzaile lanetan Ainhoa Larretxea arituko da. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, saioaren eguneko 15:00ak bitarte. Hortik aurrera, aretoko txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira.

Saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 28an Iruñean jokatuko den finalera, Altsasuko saioan irabazitako Eneko Lazkozek eta Berriozarko saioan irabazitako Julio Sotok dagoeneko egin bezala. Hiru finalaurrekoetako hiru irabazleekin batera, puntuazioaren araberako hurrengo bostek osatuko dute finalisten zerrenda. Hain zuzen ere, igandean bertan, Leitzako saioa bukatutakoan, argituko da zerrenda.

Altsasun zen 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa, Iortia Kulturgunea bete duten 300 lagunen aurrean. Han aritu ziren kantuan, zozketan egokitutako ordenean, Endika Legarra, Eneko Lazkoz, Erika Lagoma, Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain eta Oier Lakuntza. Fernando Anbustegi izan zen saioan gai-jartzaile.

Saio puntuagarria amaituta, Lazkozek lortu zituen puntu gehien eta haren atzetik sailkatu ziren Xabat Illarregi, Erika Lagoma, Ekhiñe Zapiain, Endika Legarra eta Oier Lakuntza.

Joan zen asteburuan jokatu zen bigarren finalaurrekoa Berriozargo Entzunaretoan, 200 ikus-entzulerekin.

Han aritu ziren Josu Sanjurjo, Alazne Untxalo, Patxi Castillo, Mikel Lasarte, Saioa Alkaiza eta Julio Soto, Maialen Belarraren gaiei erantzuten. Behin ariketa puntuagarri guztiak eginda, egungo Nafarroako txapeldun Julio Sotok eskuratu zituen epaileen puntu gehien (520,5), eta ondorioz, zuzeneko pasea eskuratuz.

Sailkapen orokorra