- Iristear da unea. Nafarroako Bertsolari Txapelketak urriaren 2an Izaban hasi zuen bidearen helmuga dagoeneko atzeman daiteke. Datorren igandean, azaroaren 28an Iruñeko Anaitasuna Kiroldegian ospatuko da final handia, hantxe ezarriko da hurrengo nafar txapeldunaren izena iragartzeko oholtza. Taula gainean, final-laurden eta finalerdietan nagusitu diren zortzi bertsolariak ariko dira lehian: Eneko Fernandez Maritxalar, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Xabat Illarregi Marzol eta Xabier Silveira Etxeberria. Saioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta dagoeneko sarrerak eskuratu daitezke, Nafarroako Bertsozale Elkarteko arduradunek atzo jakinarazi zuten bezala.

Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari Alaitz Rekondok aditzera eman bezala, 1600 bertsozalek egin dute bat txapelketarekin orain arte egindako ibilbidean, Nafarroan bertsolaritza “sendoa, osasuntsua eta anitza” dela erakutsiz. Bere hitzetan, bi hilabetez, “kultur sorkuntza, bertsolaritza eta euskara herrialdeko bazter ugaritara” eraman ditu txapelketak. Pandemiak sortutako egoerari eran-tzun eta “kultur plazak biziberritzeko ahaleginean”, Nafarroako Bertsolari Txapelketak “bere alea” jarri duela azpimarratu du elkarteko lehendakariak: “Bultzada eta aldarri izan zedin abiatu genuen txapelketa, eta asmo horrekin egin du orain arteko bidea. Finala ere izan dadila beraz bultzada eta aldarri, bertsogintzaren eta kultur sorkuntzaren defentsan”.

Zortzi buru, Anaitasunari kantari

29 bertsolarik abiatu zuten bidea, baina zortzi baino ez dira iritsi finalera. Horiek dira oholtza gainean ariko direnak kantari. Horietatik, batek bakarrik jantziko du txapela, Estitxu Arozena Albizuren eskutik. Edonola ere, txapeldunetik harago, talde lana nabarmendu du Rekondok: “Izan dadila denentzat gozamen iturri, eta are gehiago, izan dadila Anaitasunaren estalpean bilduko garen denon-tzat (bertsolari, gai-jartzaile, epaile, antolatzaile, laguntzaile, entzule guztientzat) festa kolektibo handia”.

Alaitz Rekondok berak eta Ander Aranburu Arriolak aurkeztuko dute saioa. Bi atal izango ditu finalak: lehenengoan zortzi bertsolariak ariko dira. Bigarren atalera lehen atalean puntu gehien eskuratutako bi bertsolariak pasako dira. Bi ataletako puntuazioak batuta puntu gehien lortzen duenak jantziko du txapela.

Final anitza izanen da Anaitasunakoa. Izan ere, dagoeneko azken oholtzara hainbatetan igo diren bertsolariak eta lehenengoz iritsi direnak bilduko dira bertan. Alde batetik, egungo txapelduna, Julio Soto: 2006an sartu zen lehen aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean, 2009an txapeldunorde izan zen eta 2010, 2011, 2015, 2017 eta 2019 urteetako txapelduna da. 2009, 2013 eta 2017 urteetan jokatutako Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusietan ere parte hartu zuen. Zuzeneko pasea eskuratuz sailkatu den arren, puntuazioaren arabera ere lehenengo postuan mantendu da.

Xabier Silveira izanen da zortzi finalisten artean esperientzia luzeena biltzen duena. 1992an parte hartu zuen lehenengoz Nafarroako Bertsolari Txapelketan eta zazpitan jantzi du txapela: 1997, 2004, 2005, 2006, 2007, 2009 eta 2013 urteetan. Azken aldian plazetatik aldenduta ibili ondoren, aurten itzuli da berriro txapelketara.

Lazkozentzat zazpigarren finala izanen da aurtengoa eta azken bi txapelketaten txapeldunorde izan da, Sotoren atzetik. Aurten zuzeneko pasea eskuratuz igaro da azken oholtzara, puntuazio bidez hirugarren postuan sailkatu den bitartean. Fernandezentzat bosgarren finala izanen da. 2013an parte hartu zuen lehenengo aldiz txapelketan eta urte horretan bertan laugarren postua eskuratu zuen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan parte hartzea lortuz. Aurten, zortzigarren postuan sailkatu da txapelketako finalerako. Joanes Illarregirentzat bigarren finala izango da azaroaren 28koa. 2019an laugarren postua eskuratu zuen eta aurtengo txapelketan indartsu datorrela erakutsi du leitzarrak, Zangozako final-laurdenean eta pasa den igandeko finalaurrekoan gailenduz. Puntuazioari kasu eginda, bigarren postuan sailkatu da, Sotoren ondoren. Xabat Illarregirentzat ere bigarren finala izanen da aurtengoa; eta azken oholtzara lehenengoz iritsi dira bai Saioa Alkaiza baita Josu Sanjurjo ere, azkeneko urteetako txapelketetan parte hartu izan duten bi bertsolari.

Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, finalaren eguneko 15:00ak bitarte. Hortik aurrera, Anaitasunako txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira. Ateak 15:00etan irekiko dira, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak garaiz joateko deia egin du, pilaketak ekiditeko. Gainera, osasun neurri guztiak mantentzeko betebeharra gogorarazi du, bai eta bertsolarien lana errespetatzeko isiltasuna mantendu eta mugimendu handiak ekiditeko eskaera egin ere.

Finala ETB4 katean jarraitu ahalko da zuzenean eta, internetez, www.bertsoa.eus eta www.eitb.eus atarietan, streamingean.