Raymond Carver ipuingile eta poeta (1938-1988) amerikarraren aleak eta jazza eskutik joango dira gaur Iruñeko Kondestablearen Jauregian aurkeztuko den Zerbait gertatzera doa edozein unetan emanaldian, Trizak hirukotearen eta Harkaitz Cano idazlearen eskutik. Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak elkarlanean antolatuta, emanaldia arratsaldeko 19.30ean hasiko da. Carver ‘errealismo zikin’ deitu izan zaionaren ordezkari behinena izan zen. Egileen aburuz, alta, “etiketa trakets xamarra da hori. Izan ere, ba al da errealismo garbirik? Eguneroko bizitzeko zirrikiturik gordinenetan txinparta poetikoak ateratzen trebe zen poeta amerikarraren aleekin dago osatua, batik bat, emanaldia, AEBk eman diguten genero txundigarrienaz lagunduta: jazzarekin, alegia”.

Oihartzun berriak aurkitu ditu Trizak hirukoak poema hauetan eta Harkaitz Cano arduratu da itzulpen lanaz eta ahotsa jartzeaz. Jon Piris, Julen Izarra eta Hasier Oleaga dira Trizak. Kontrabaxuak, saxofoiak eta bateriak osatutako ezohiko formazioa, beraz. Jazz taldeetan zein herri musikaren beste aldaera batzuetan zaildutako musikariak dira hirurak. Organiks, Travellin’ Brothers Big Band eta RS Faktor taldeetan aritutakoa da Izarra, eta, gaur egun, Nevermind Trioko partaide da Hasier Oleagarekin batera; Oleagak berak, hainbat disko bere izenean argitaratzeaz gain, talde ugarirekin kolaboratu du, eta Ruper Ordorikaren zuzeneko taldean jotzen du duela hamar urtetik hona. Hain zuzen, Ordorikari lagundu zion Jon Pirisek Memoriaren mapan diskoaren bikote formatuko biran.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975) euskal idazle eta itzultzailea da. Literaturan ez ezik, telebista eta irratiko gidoilari ere lan egiten du, hainbat egunkaritan kolaboratzeaz gain. 1993an, Susa aldizkarian ezagutzera emandako Lubaki Bandaren partaide izan zen eta ordutik idazle izateko erabakia hartu zuen.

Zuzenbidean lizentziaduna da. Mota guztietako lanak egin ditu: ipuinak, eleberria, poesia, kronikak, haur- eta gazte-literatura, baita itzulpenak ere; adibidez, Hanif Kureishi, Allen Ginsbergen eta Raymond Carveren lanak. New Yorken bolada bat eman ondoren, hiri hori sarritan agertu da haren liburuetan.