Atzoko jai eguna, euskal sortzaileen eta kulturaren jai egun handia bilakatu zen Durangon eta milaka kulturzaleen plana Durangoko Azokara joatea izan zen. Goizeko 10:30ean ireki ziren 58. edizioaren ateak eta bisitarien joan-etorria etengabea izan zen egun guztian zehar. Ateak irekitzearekin, azokaren fantasian murgiltzeko prest zeuden lehen bisitariak asko izan ziren eta jendetza bildu zen. “Azokara gatozen bigarren aldia da; oso esperientzia polita da eta kulturalki hau mantendu eta bultzatu behar den zerbait da, tradizio gisa mantendu beharreko zerbait”, defendatu zuten Igone Etxezarreta eta Gorka Etxanizek, Zumarragatik euren hilabeteko umearekin batera etorri zirenek. “Ideia egun pasa etortzea da, libururen bat erosi guretzat eta umearentzat ipuintxo bat, baina berak –etxeko txikiak– agintzen duena egin beharko dugu”, gehitu zuten barre artean.

Haiek bezala, familia, koadrila, heldu eta gazte askok Landako Gunera hurbiltzea erabaki zuten lehen egunean, lehenengo erosketak egiteko eta 257 erakusmahaien artean kuxkuxean ibiltzeko. Adibide gisa, Galdakaoko familia batek, “tradizioari jarraituz”, Durangoko Azoka “Gabonak hasteko, euskararen erabilera sustatzeko eta euskaraz giro ezin hobean gozatzeko modu bat” gisa definitu zuen. “Bulego eta ETSren diskoak erostera eta sinatzera hurbildu gara, gero Euskal Dendara joango gara, talo bat jango dugu eta gero Baionara joango gara. Egun luzea dugu aurretik”, gehitu zuen.

Ondarruko ikastolatik etorritako ikasle gazte batzuek ere lehen erosketak egin zituzten, azokaren helburuarekin bat egiten zuten bitartean. “Euskal kultura aldarrikatzea gauza ezberdinak erosiz eta euskara sustatuz. Gaur ikastolarekin batera etorri gara azokara, baina beste egun baten errepikatuko dugu eta kontzertu batera etorriko gara”, adierazi zuten, Lehiotikan punk rok talde nafarraren zazpigarren estudio lana eskuetan eusten zioten bitartean.

Belaunaldi gazteak asko izan ziren. Maite Herrera getxotarra bere gurasoekin etorri zen Durangora. “Oso txikia nintzenetik etorri gara azokara. Asmoa libururen bat erostea da eta ETSren albuma erostea ahal bada, eta nola ez Euskara bultzatzea”, ziurtatu zuen harrotasunez.

Karmele Jaio idazlea erakusmahaian sinatzen duen bitartean. | ARGAZKIA: JOSE MARI MARTÍNEZ

“Euskal kulturaren fantasiari ekiteko gogotsu etorri dira partaideak, sortzaileak eta bisitariak. Azokaren gainerako guneetan ere jendetza pilatu da, ekintzak zuzenean ikusi edota horietan parte hartzeko”, adierazi zuten Gerediaga Elkartetik.

Gauzak horrela, edizio honetan 170 parte-hartzaile egongo dira 257 erakusmahaitan banatuta eta bisitariek 950 nobedade aurkituko dituzte: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen ere bai. Zentzu horretan, “Durangoko Azokak idazle, musikari eta sortzaile ezberdinekin hartu-emana izatea posible egiten du eta hori gauza magikoa da”, adierazi zuen Ane Gómez bilbotarrak, Tomas Lizarazu Bulegoko buru eta abeslariak diskoa sinatzeko ilara luzea egiten zuen bitartean. Handik oso gertu, Markinako koadrila bat pazientziaz zain zegoen Iñigo Etxezarreta ETSko abeslariarekin argazkia ateratzeko. “Goizean goiz etorri gara buelta bat ematera, Nogenen kontzertua ikusteko asmoz, eta gero bazkaldu eta trago batzuk hartu eta etxera itzultzeko”, adierazi zuten.

GAZTEA ETA ANITZA

58. edizioaren helburu nagusietako bat belaunaldi berriei kultura transmititzea da eta, horretarako, egitarau anitza eta gaztea prestatu da, Landako Gunetik haratago doan programa batekin. Zehazki, 265 ekitaldi antolatu dira eta azokaren estreinaldiko egunean hainbat aurkezpen, kontzertu, mahainguru, ikuskizun eta ikus-entzunezkoekin gozatzeko aukera izan zen. Batzuk aipatzearren, Kabi@ espazio digitalean, Bziber egitasmoa: TikTok eta Euskera aurkeztu zen. Bertan, Azkue Fundazioak eta Euskaltzaleen topaguneak antolaturiko lehiaketaren gainean Mondragon Unibertsitateak egindako ikerketa ezagutzera eman zen. “Gazteek euskarazko edukiak sortzea da egitasmo honen helburua, eta baita erreferente euskaldunak indartzea”, adierazi zuen Diana Franco guneko arduradunak.

Eta gazteei zuzendua ere, zortzi erronka digital eta adimen artifizialaren aplikazioa hezkuntzan mahaingurua burutu zen. Eta pil-pilean dauden gaiak jorratu ziren. Zer da kutsadura digitala? Nola funtzionatzen du algoritmo batek? Adimen artifizialak zer ordezkatuko du? Zein eragin izango du garatzen ari den teknologia horrek gure hizkuntza ohituretan?

Hausnarketarako ez ezik, denbora ere egon zen Ahotseneako solasaldien gunean (Musika Eskola) murgiltzeko eta bertan Patxi Zubizarreta, Bernardo Atxaga eta Marjane Satrapik liburuak aurkeztu zituzten.

IKASLE GOIZA

Normalean Ikasle Goizarekin hasten da Durangoko Azoka, baina aurten jai eguna medio, azokaren bigarren egunean ospatuko da. Euskal Herriko hainbat ikastetxetatik ehunka haur eta gazte etorriko dira gaur Landako Gunean zehar bueltaka, kultura ezagutu eta disfrutatzeko asmoz. Gainera, azokako guneetan haiei eskainitako tailerrak egongo dira.

Adibidez, Abere ba, palindromo ilustratuen ariketak, musika esperimentazioa, filosofia, bideojokoen eraikuntza, gamer gela (Game Erauntsia eta Rolariak antolatuta), antzerki inprobisazioa, bideoklipen lanketa eta Ibarrolaren artean oinarrituriko sorkuntza.

Hala ere, ikasleei eskainitako goiza izan arren, azoka bera bisitari guztientzat zabalik egongo da eta egitarauak ez du etenik izango. Programazioa ere ekitaldiz josirik dago, eta hainbat protagonista izango dira. Esaterako: Harkaitz Cano, Nerea Loiola, Estitxu Fernández, Goiatz Labandibar eta Xabier Mendiguren idazleen aurkezpenak Ahotseneako solasaldietan; Braulio, Moxal eta Zeker taldeen kontzertuak Ahotseneako zuzenekoetan; Ximinoa, Erro eta beste sei laburmetrai Irudienean; Potx eta Lotx pailazoen ikuskizuna Saguganbaran; Gaizka Chamizo eta Amahiru konpainiaren antzezlanak Szenatokian...

Azokatik haratago Durangon zehar antolatu diren beste hainbat ekimen ere ikusgai egongo dira gaur. Adibidez, Basques in Australia erakusketa Turismo Bulegoan.