Hogeita hamabost urte joan dira Urtz-ek bere lehenengo akordeak jo zituenetik. Taldearen ibilbide oparoan, askoren bizitzako soinu bandaren parte bilakatu diren hainbat eta hainbat melodia utzi ditu, tartean Kaixo!, Oh Lur, Ekaitzaren garrasia, Maite dut… Lehenengo notak aditu bezain laster errekonozitzen diren abestiak. Himnoaren mailan kokatu daitezkeen horietako batzuk aditzeko parada izanen da gaur, Iruñeko Zentraleko bigarren aretoan, taldeak berriki plazaratu duen Esnatzean diskoko kantu berriekin batera.

Duela 35 urte sortu zen Urtz taldea, eta 1992an plazaratu zenuten ‘Ekai-tzaren garrasia’ izeneko diskoa. Lan hartako lehenengo abestiko lehen akordeak, ‘Negua datorrenean’ abestikoak, askoren memorian grabatuta gelditu dira

Alde horretatik oso eskertuta sentitu izan gara beti, izan ere, zortea izan dugu gure zenbait abesti pertsona askoren bizitzan sartu direlako, soinu banda txiki baten moduan. Lehenengo hura grabaketa garrantzisua izan zen, lehenego diskoaren lehenengo abestiarena. Egia esan ez genuen halako harrera izango zuenik espero, eta hasiera polita izan zen.

Berriki plazaratu duzuen diskoko lehenengo akordeek, alta, leku oso desberdin batera garamatzate. Atzematen den lehenengo aldaketa, elektronikaren erabilerarena.

Bai. Disko honen grabaketa oso desberdina izan da. Hasteko, beti grabatu izan dugu beste estudioetan, erlojuari begira, eta kasu honetan gure taldekide den Daniren estudioan grabatu dugu, entseguak egiten ditugun toki berean: Polo Sur estudioan. 2023a konposaketak egin eta grabatzeko urtea izan da, eta oso lasai egin ahal izan dugu dena, esperimentatzeko astia ere izan dugu eta erabili ditugun osagaiak desberdinak izan dira, betiko musika tresnez gain. Ausartu gara, tartean Daniren gaztetasunari esker, gauza berriak probatzera ere.

Gauza berriak ikasten, ikertzen eta probatzen jarraitzeko gogotsu zaudete, beraz?

Bai, beti oso irikia izan naiz, eta konturatzen naiz oraindik ikasteko asko daukadala. Esentzia hor mantentzen da, baina eguneratuagoa agian eta beste atmosfera batean sartuta. Atzematen da zer dagoen atzean.

Lau urte dira azkeneko diskoa plazaratu zenutela. Beharrezko tartea?

Azkenean, gauzak sortzen direnean etortzen dira, dagokien momentuan. Disko bat garatzen hasten zara, eta kaleratzea merezi duela erabakitzen duzunean egiten du aurrera. Lau urte arraroak izan diren arren kontzertuak ematen aritu gara, ez gara gelditu. Diskoa plazaratzeko unea orain iritsi zaigu. Oso pozik gaude alde horretatik, hau kaleratzeko orduan ziur ginelako egiten ari ginenaz, hauxe zelako nahi genuena.

Esperientziak, egindako bideak ematen dizu ziurtasun hori?

Bai. Gogoan dut garai batean bi urtero ateratzen genituela diskoak. Baina denborarekin ohartzen zara egiten duzun horrek bete egin behar zaituela, presioak ez zaituela inora eramaten. Lau urte uste baino azkarrago pasa dira… Sentsazioa daukat denbora gero eta azkarrago doala.

‘Esnatzean’ disko honekin zer izan da aldarrikatu edo nabarmendu nahi izan duzuen mezua?

Barrura begirako diska bat dela esango nuke, kanpora begira egindakoa baino. Horrek ez du esan nahi errealitate sozialetik at gaudela. Baina egia da batzuetan erantzunak kanpoan bilatzen ditugula, gure agintariek hartzen dituzten erabakietan edo, baina iruditzen zait baditugula erantzun asko gure barrenean, denbora eman beharko geniokeela gure inguruan gertatzen ari den horren inguruan zer sentitzen dugun ikusteari. Iruditzen zait barruan informazio asko daukagula. Hortik dijoa diskoaren mezua, pixka bat.

Kanpora begira gehiegi bizi ote gara?

Teknologiari dagokionez zenbait gauza oso beharrezkoak direla iruditzen zait, komunikazioaren aldetik adibidez, baina beharrezkoak ez diren beste asko ere badaude. Informazio piloa dago eta zenbaitetan informazio horretan galdu gaitezke. Aurrerakuntza guzti hauek onik izango dute? Agian bai, baina, zeozer egon daiteke atzean? Botere gehiegi ez ote gara ematen ari beste norbaiti?

Disko honen azalak ere barne begirada hori iradokitzen du, ezta?

Bai, saiatu izan gara hitzekin eta musikarekin transmititu nahi genuena azalean ere agertzen. Josu Torrealdaik egin du azala, guk ideia batzuk emanda. Oso azal indartsua gelditu da, eta uste dut informazioa ematen dugula hor.

‘Esnatzean’ abestiak, diskoari izena ematen dioena, akaso jatorrizko Urtz hori ekartzen digu gogora.

Bai, hau izan zitekeen diskoaren kantu nagusietako bat. Abestiak, azken batean, momentu intimoenetan sortzen dira, akaso melodia batetik, ahots batetik, gitarra eta ahotsa elkartzetik… Horregatik, gure soinua hor dagoela nabarmentzen da. Nahiz eta taldean elkartu egin garen belaunaldi desberdinetako musikariak, taldearen esentzia mantentzen da.

Letrek garrantzia nabarmena daukate Urtz-en, betiere interpretaziora irekiak dauden letrak.

Beti gustatu izan zaigu hori. Bakoitzak bere esperientziaren arabera ulertzen ditu hitzak, baina egia da zenbait hitz akaso zuzenagoak edo argiagoak direla. Irekia uztearena beti oso polita iruditu zaigu. Gertatu izan zaigu letraren abiapuntutik oso urrun dagoen interpretazio bat egitea norbaitek, baina hori horrela izatea ongi dago. Irekia izatearena, gainera, hizkuntzaz harago doa, hizkuntza ulertu gabe ere musikak berak norabait eramaten zaituelako. Ondo dago dena oso argi ez agertzea, norberak bere bidea hartzea.

Zer nolakoa izango da gaurko kontzertua?

Abesti berriak defendatzeko ilusio handiarekin gaude. Prestatu dugun kantu zerrenda oso orekatuta dagoela uste dut, abesti berri hauek gure ibilbideko abesti ezagunekin tartekatuko dugu, baita hainbestetan jo ez ditugun kantuekin ere. Polita izango da.