Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak, Liburutegi Zerbitzuaren bitartez, Nafarroako Irakurketa Kluben XII. Topaketa antolatu du azaroaren 6tik 16ra bitartean. Irakurketa Kluben Topaketak poesia tailerrak, idazketa dramatikoa eta irrati elkarrizketak eskainiko ditu, besteak beste. Artean, larunbat honetan euskarazko irakurle taldeen txanda izanen da, Ines Castiella antolatzaileak azpimarratu bezala, “sarea indartzea eta taldeetan dagoen jendea elkar ezagutzeko leku bat eskaintzea” helburu izanen duena. Izen-ematea oraindik irekita dagoela ere gogoratu du.

Goizeko 10:45etan irekiko da jardunaldia, akreditazioak banatze aldera. Aurkezpen labur baten ondotik hasiko da ekitaldi nagusia, Uxue Alberdi bertsolari eta idazlearekin. Irati Majuelorekin elkarrizketan, Alberdik errepasoa eginen dio bere ibilbide literarioari, “bai eleberrigile bai bertsolari ibilbideari, bertsolaritza literaturaren arlo bat ere baden heinean”, Castiellak azpimarratu duenez.

Eguerdi aldera, 13:00etan, Ibon RG musikariak eta Garazi Navas akordeoilariak Iaquin Vahu errezitaldia emanen dute. Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae euskaraz argitaratutako lehen liburutik abiatuta eta Itxaro Borda idazlearen aukeraketa oinarri hartuta, Ibon RG-k 16 kantuz osatutako disko-liburua plazaratu du aurten. Musikari bizkaitarrak eta Navasek zuzenekoan emateko egokitu dute ondoren, eta horixe izanen da larunbatean eskainiko dutena. Castiellaren iritziz “ezin egokia” da errezitaldia, “kontutan hartuta Etxeparerena euskaraz argitaratu zen lehenengo liburua izan zela”. Errezitaldiaren ondotik otamen txiki bat emanen da liburutegiko erakusketa aretoan bertan.

Gero eta talde gehiago Euskarazko irakurle kluben kopuruak etengabe egin du gora azkeneko urteotan. Duela bost urte 25 talde baziren, gaur egun 40 aurkitu daitezke Nafarroa osoan zehar sakabanatuta, Castiellak azpimarratu bezala. Hartara, kontutan hartuta talde bakoitzaren bataz-bestekoa hamar pertsonakoa dela, 400 pertsona inguru daude Nafarroan euskarazko irakurle taldeetan izena-emanda.

Irakurritakoak taldean partekatu eta komentatzeaz gain, tadeek parada eskaini dezakete egileak ezagutu eta aurrez-aurre irakurritakoaren inguruan hausnartzeko ere. “Asko asmo horrekin apuntatzen dira taldeetara”, dio Castiellak. Hala ere, talde bakoitzaren dinamika desberdina da, taldea gidatzen duen liburuzainak erabakitzen baitu nolakotasuna. “Nire taldearen kasuan, adibidez, akaso hain ezagunak ez diren idazleak ekartzen saiatzen naiz”.

Larunbateko egitaraua

l 10:45. Akreditazioak.

l 11:00. Aurkezpena.

l 11:15. Elkarrizketa: Irati Majuelo eta Uxue Alberdi.

l 13:00. ‘Iaquin Vahu’, Ibon RG eta Garazi Navasen errezitaldia.

l 13:30. Aperitiboa.