Síguenos en redes sociales:

‘Auzo madarikatua’, XX. mendeko sanferminen lehen erretratua

Felix urabayenen obra euskaraz argitaratu du pamielak, ifk-ren ekimenez eta aingeru epaltzaren itzulpenarekin

‘Auzo madarikatua’, XX. mendeko sanferminen lehen erretratua

Iruñeko Komunikabideak Fundazioaren (IFK) ekimenez eta Pamiela argitaletxearen eskutik, Felix Urabayenek (Ultzurrun, 1883ko ekainaren 10a - Madril, 1943ko otsailaren 2a) 1925ean argitaratutako El barrio maldito eleberria euskaraz plazaratu da, Aingeru Epaltzak itzulita. Auzo madarikatua, sanferminetan girotutako lehenengo eleberria izanagatik ahanzturak irentsitako lana izan dela nabarmendu zuten atzo bai itzultzaileak, baita kontakizunari testuingurua ematen dioten hitzaurre sendoen egile Kike Diez de Ulzurrunek eta Fermin Erbitik, Nafarroako Liburu Azokaren V. edizioan egindako aurkezpenean.

Urabayenen lana, izan ere, mundu mailako ospea lortu zuen Ernest Hemingwayren The sun also rises baino urtebete lehenago plazaratu zen lehenengoz, 1925ean. Tokiko idazle baten tokiko besten erretratuak, aldiz, ez zuen gerora idazle amerikarraren lanek izan zuten oihartzuna eduki. “Obra enblematikoa izan zen”, azpimarratu du Epaltzak, “XX. mendearen lehen herenean Nafarroan gazteleraz egin den prosaren gailurra”. Hala ere, ez zuen behar adineko arrastoak utzi, “Nafarroako euskal literaturarekin eta idazle askorekin gertatu zen bezala, idazle isilarazia izan zelako, gerra dela eta. Bere lana, neurri batean, ahanzturan gelditu zen”.

Leoncio Urabaien historialariaren anaia eta Miguel Urabaien kazetariaren osaba, Felix Urabayenek Iruñean egin zituen maisu ikasketak. Ultzurrunen, Huescan zein Salamancan irakasle aritu ondoren, Toledon ezkondu eta bertan jardun zuen Irakasle Eskolako katedradun gisa. Espainiako Bigarren Errepublikako presidente Manuel Azañaren laguna izan zen, eta Gobernu Errepublikarreko Kultura kontseilari izendatu zuten. Estatu-kolpera arte bete zuen kargu hori, eta diputatu izateko hautagaia izan zen 1936ko otsailean. Frankismoak jazarri eta espetxeratu egin zuen.

Espainiako gerrak eta Frankoren diktadurak irentsi zuen idazlearen ahotsa eta, Auzo madarikatua-ren itzultzaileak gogoratu bezala, 1980ko hamarkadan bere figuraren berreskuratze saiakera bat egon zen arren, ez du oraino merezitako onarpena lortu. Horretan, egilearen literatura moldeak ere zerikusia duela iritzi dio Epaltzak, izan ere, “neurri batean, Espainiako erdal literaturako prosa tradizio baten ondorengoa da”. XIX. mendetik datorren eleberrigintzak “haustura bat” jasan zuen 1936ko gerran eta honen ondoren. “Gerraostean bestelako literatura bat pizten da, eta haustura horren beste aldean geldituko da Urabayen. Horrek beharbada ez du lagundu gaur egungo irakurleek gehiago estima dezaten”. Prosa “jori eta oparoko” estiloa da Urabayenena, “esaldi luze eta adjektibazio ugarikoa, erreferentzia klasiko eta bibliko asko dituena”. Erreferentzia horiek, hori bai, ikuspegi kritiko batetik eraiki zituen, itzultzaileak nabarmendu bezala, “Urabayen idazle antiklerikala zelako”.

Nafarroari kantua, baina kantu kritikoa Auzo madarikatua Baztan eta Iruñea artean girotzen den kontakizuna da. Pello Mari Etxenike, baztandar protagonistaren begiradatik atzematen dira XX. mende hasierako sanferminak. “Orduko Nafarroaren argazki bat da eleberria, hori bai, arrunt argazki kritiko eta ironikoa”. itzultzailearen aburuz. “Ia modu antropologiko batean irakurri daitekeen lana ere bada, duela mende bateko sanferminak nolakoak ziren ulertzen laguntzen gaituena”.

Hartara, egungoekin alderatuz, “hain desberdinak ere ez diren” sanferminak aurkituko ditu bertan irakurleak. “Orain maiz erraten da ‘zein besta basak diren’. Baina duela mende bat ere besta basak ziren. Mozkorkerian oinarritutako karrikako basakeria kontrolatu hori, kaleko besta gehiegizko, zaratatsu eta Bakiko hori”. Eleberriaren izenburuari erreferentzia egiten dion Arizkungo Bozate auzoko agote batekin ezkonduta, barraren beste aldetik begiratzen dio protagonistak besta giroari. “Mendialdeko gizon baten begiradatik eraikitako kontakizuna da, hori ezin da ahaztu”. Gizonak, izan ere, dira besta horietako protagonistak, “alor guztietan”. Emakumeen rola “bestaren ikusle, jasale eta prestatzaile” izatera mugatzen zela islatzen du eleberriak. “Emakumeak ez ziren apenas existitzen duela mende bateko sanferminetan”, Epaltzak dioen bezala, “hainbeste aldatu ez den kontu bat. Horren inguruan ere hausnarketa bat egiteko balio dezake”.

Sinbolo erlijiosoen presentzian, aldiz, aldea nabaritu du itzultzaileak. “Bitxia da, baina egungoetan baino leku askoz ere murritzagoa zeukaten hauek. Erabat itzalpean agertzen da elizaren mundu guzti hori. Gaur egun askoz ere erritualizatuagoak daude bestak, bestaren bilakaera bitxia da, bere logika izan dezakeena ere”. Akaso duela mende bat sanferminak “oasi moduko bat” zirelako, urte osoan zehar kristautasunak oso presentzia nabarmena zuen gizarte batean. “Beharbada beharrezkoa zen”.

Protagonistak ostalaritzan jarduten du, baina hori baino lehenago pilotaren munduan ere murgiltzen da, eta horretan ere ikuspegi zehatza ematen du Urabayenen eleberriak, “pilota negozio gisa” atzematen hasten den garaia erakusten baitu. Iruñean bere bizitzaren zati handiena eman ondoren, Pello Marik sorterrira, Baztanera itzultzeko hautua eginen du. “Migrazio baten kontakizuna da, baina beste modu batekoa. Izan ere, ingurukoek Ameriketara joateko aholkua ematen badiote ere, mendialdera itzultzea erabakiko du protagonistak. Sorlekuari atxikia dagoen pertsonaia bat da, aberasteko grina hori duena, baina lurrari lotua dagoena aldi berean”. Urte luzez jazarpena eta diskriminazioa jasaz zuten agotekiko bazterketa lausotzen hasten den unean kokatzen da Auzo madarikatua-ren trama, “protagonistak bizi duen maitasun istorio baten bitartez” islatzen dena.

Ororen gainetik, alta, “Nafarroari eskainitako kantu bat” da eleberria Epaltzaren iritziz, “baina kantu kritiko bat”. “Bitxia da nola batzuetan saiatzen den kukutzen ironia hori, gordetzen, nahiz eta etengabean darion, alde batetik, badagoelako miresmen puntu bat ere”.

Maitasunetik eraikitako kontakizun kritiko eta ironikoa, XX. mendearen hasmentako nafar idazle nabarmenetako baten lan erranguratsuena, euskaraz irakurri ahal izateko aukera da Auzo madarikatua-k, hartara. “Nire hautua izan da bere hizkera oparo eta jori hori mantentzea euskaraz ere”, hausnartu du itzultzaileak, “klasikoetara joaz, beste testu batzuetan erabili izan dudan moduan. Kutsu baztandar-lapurtar bat ere izan dezake. Baina nabari da XXI. mendean itzulitako liburua ere badela”.