“Antzerkia eta arkeologia antzekoak dira, biek betetzen dituzte hutsuneak istorioak kontatzeko”
Artedramaren eta Axut! kolektiboaren ‘Nor naizen baneki’ antzezlanak euskal historiaren hautsak harrotuko dituen indusketa batean bilakatuko du gaur Gayarre antzokia, 20.00etan.
Gaur iritsiko da ‘Nor naizen baneki’ antzezlana Gayarrera, aski ezaguna duzuen oholtza bat. Gogotsu, beraz?
–Beti. Oholtza bakarrik ez, oholtza eta plaza bada interesgarria. Iruñeko plaza beti atsegina da, euskal komunitatea beti gogotsu ikusten baitugu, mobilizatua eta mila gauzetan sartzeko prest. Publiko bero eta sentikorra dela uste dugu. Gayarre antzokia, gainera, oso antzoki ederra da.
Nor naizen baneki indusketa baten inguruko kontakizuna edo hausnarketa da. Baina zer nolako indusketa, zehazki?
–Antzoki baten indusketa izango da. Irulegiko eskua aurkitu zenean lurrikara sortu zuen Euskal Herrian, oro har: bagara hemen eta bagara nor, hori bagenekien, baina bazen garaia kontatzeko. Hortik abiatuta sortu dugu dena. Imaginatuz Gayarre antzokia indusketa batean dagoela, zeren parking bat eraiki nahi dute bertan. Etekin ekonomiko baliagarria izanen da, noski. Baina eraikin hori eraisterakoan, Europako legeak tartean, behartuak egonen dira indusketa egitera, aztarna arkeologikorik bdauden jakiteko. Orduan, arkeologo batzuk etorriko dira indusketa egitera, eta noski, hainbat gauza aurkituko dituzte antzoki horretan, gure historia kontatu dezaketen hainbat objektu. Antzezlanaren kontakizuna joan-etorrian arituko da: aurkitutako objektuen historia eta gaur egungo arkeologoen arteko joan-etorri bat. Ohartu arte biak badutela lotura bat, halabaina.
Istorio honek Iruñean bere zen-tzu osoa hartzen duela iruditzen zait. Parking bat egin nahi eta harri bat altxatu orduko gure historiaren aztarnak agertzearena ezaguna egiten zaigu…
–Egia da Iruñean hori modu kasik espektakularrean gertatu dela, baina uste dut Euskal Herri osoan gertatu den zerbait ere badela. Noski, Iruñean badu zentzu bat biziki berezia kontakizun horrek. Arkeologia zientzia politiko bat ere badelako. Zer kontatzen da? Noiz kontatzen da? Interpretaziorako zantzu asko ditu arkeologiak, zeren hutsunez beteriko aztarnak aurkitzen dira bere bidez. Hots, horretarako egiten dugu antzoki batean, arkeologiak eta antzerkiak lehengusuak baitira zientzia edo arte bezala. Biek betetzen dituzte hutsuneak istorioak kontatzeko, eta horrek egiten du komunitatea eta historia.
“Ezagutu daiteke norebere burua isolatuki, ingurunea ezagutu gabe?”. Hauxe da sinopsian ager-tzen den galderetako bat. Nahiko indibidualista ere izan daitekeen garaian, kolektiboari errepara-tzea garrantzitsua iruditzen zi-tzaizuen?
–Bai, eta pentsatzen dugu joera sozial bat dela, baina gaur egun gertatzen dena erabaki politiko batzuen ondorioz hartzen den joera sozial bat da. Politikoei eta merkatuei interesatzen zaie jendeak ez jakitea beren historia kolektiboa, zeren norbanako gisa askoz ere ahulago gara pentsatzeko, ekiteko eta beste mundu baten jorratzeko.
Zer nolakoa izan zen antzezlanaren sorkuntza prozesua?
–Sorkuntza guztiak beti intentsoak dira. Denbora nahiko laburrean behar da egin, hasiera batean, paperean, inposiblea dirudien lan bat. Joan-etorri anitzekin egin dugu lan eta material asko erabili ditugu, bai arkeologiari lotuak direnak, bai historiari lotuak direnak, bai antzerkiari lotuak ere. Guk antzerkia egiten dugu, eta ez da spoiler bat, baina gure azken 2000 urteak kontatzen ditugu. Nola egiten da hori? Ba bi familiren istorioa kontatzen dugu. Bat bertan bizi dena eta bestea kanpotik datorrena, konkistatzeko. Izan ere, gure historia kontatu daiteke konkista luze eta amaigabe baten itzalpean eman diren hainbat gertakariz. Zentzu horretan, bi familiren istorioak kontatzen ditugu, eta kontaketa horretako inspiratu gara aspaldiko tragedietan. Irulegiko eskuaren garaian, izan ere, jada egiten zen antzerkia, antzerki garaikidearen oinarrian dagoen moldean.
Eszenografian nola jorratu duzue kontaketa guzti hori?
–Gure antzezlanak badu eszenografia nahiko konplikatua, hain zuzen ere ez dagoelako eszenografiarik: antzokia bera da eszenografia. Orduan, nola sortzen dira espazioak? Soinuarekin, argiarekin… Nola sortzen dira jauziak edo elipsiak denboran? Kantuarekin, dantzarekin, jantziteriarekin… Ikuslearentzat modu ahalik eta intuitiboenean egin nahi izan dugu guzti hori.
Emanaldi batzuk egin dituzue dagoeneko. Zer nolako harrera izan du antzezlanak?
–Konplikatua da beti sortzaileentzat publikoaren lekuan jartzea, horretan saiatzen den edozein beti susmagarria izango da. Baina oro har uste dut izan dugula denetarik. Iritsi zaigun feedbacka da jendea istorioan murgiltzen dela, norberak bere familia sekretu anitzekin konektatzen duela ere. Hori da gure lorpenik handiena, ikusleak “hau nire historia ere bada” erratea.
Ez da lehenengo aldia Artedrama eta Axut! kolektiboak elkarrekin lan egiten duzuela, 2010ean abiatu zen lotura hori ‘Errautsak’ antzezlanarekin. Dagoeneko nolabait egonkortu den harreman bat dela erranen zenuke?
–Bai, gure ofizioa egonkortzen ahal den heinean. Baina dudarik gabe, badago konplizitate bat, uste dut helburu anitz partekatzen ditugula, eta beti izaten dira guretzat aukera istorio berriak jorratzeko. Gure indarrak biltzen ditugu, gure ilusioak, gure utopiak, eta baita gure barne iraultza estetikoak, eskaintzeko Euskal Herriari gure mozkinik ederrenak, maitasun handienarekin egindako opari bat bezala.
Berezko estilo eta lengoaia bat garatu duzue dagoeneko...
–Hala espero dugu, ez dakit lortu dugun. Nortasun bat izatea lortu dugu edo horretan saiatu gara. Kolektiboaren zentzua, diziplina arteko harremana, Euskal Herrian izateko obrak izatea, gazteak eta zaharrak nahasirik, Euskal Herri osoko aktore taldea osatzea... Guzti hori saiatu gara uztartzen, pixka bat gure paretak mugatzeko. Ametsaren eta utopiaren lekua izan badaiteke antzerkia, horretan saiatzen gara.
‘Zaldi Urdina’-k heroinaren sarraskiari erreparatzen zion, ‘Hondamendia’-k Zaldibarreko zabortegiaren kolapsoari… Gertakari zehatzak izan ditu abiapuntu beti zuen sorkuntzak, ezta?
–Askotan bai, baina uste dut gure funtzioa izaten ahal dela gure gizartearen idazkariak izateak. Oso subjektiboa da, hori bai. Egin genezake hori Shakespeare bat kontatuz, baina ez dakit horrek interes handirik izango lukeen. Gu saiatzen gara egiten beti inork kontatzen ez dituen istorioak, antzerkiz. Gertakari horietatik abiatzen gara, gure antzerki garaikidea zentzu tradizionalenean kontatuz. Gure aroa kontatzen dugu, garai eta komunitate baten idazkaria izanik. Horri esker begiratu diezaiokegu begietara munduari, badakigulako nor garen.
Antzerkia, beraz, bada indusketarako tresna hoberena? Zer du antzerkiak gaitasun hori baduela?
–Arte oso arkaiko bat da. Hori baino konplexuagoa da, baina erraten ahal da antzerkia, demokrazia eta filosofia sortzen direla leku berean eta garai beretsuan. Eta ez da kasualitatea. Antzerkiak eskaintzen diolako komunitateari gaiak ateratzeko, intentsifikatzeko, hausnartzeko, sentitzeko, hizkuntza garatzeko modua. Horri esker badugu pentsatzeko gaitasuna, eta horri esker izaten ahal gara libre. Aspaldiko bukle bat da eta antzerkiak ez du galdu gaitasun hori. Ematen du adimen artifizialak muga guztiak gaindituko dituela, baina antzerkia hain da arkaikoa, adimen artifizialak ezingo duela sekula egin. Beti izango da askatasunaren, pentsaeraren, komunitatearen lekua.
Gaur, arratsaldeko saioa bakarrik ez, eta ikasleentzako emanaldiak ere eginen dituzue goizean. Publiko interesgarria da, ezta?
–Uste dut tresnak partekatzeko espazioa izanen dela. Antzerkia kulturala da eta transmititzen da. Ez bada transmititzen, konplikatua da irakurtzea, musika edo pintura bezala. Pentsatzen dugu berez unibertsala dela eta ez da hala, kulturala da. Transmisioa bi zentzutara egiten da, guk ematen ditugu gauzak baina guk ere asko ikasten dugu gazteekin. Ikasten dugu gaurko munduaz eta biharko munduaz. Belaunaldi guztiek behar dute izan antzerkiaren parte, demokraziaren parte, herriaren parte. Bereizketa horiek, bestela, beti ahultzen gaituzte gizarte edo komunitate gisa. Gu saiatzen gara gazteenei leku bat egiten gure antzokian.
‘Nor naizen baneki’
Zuzendaria. Ximun Fuchs.
Idazleak. Ximun Fuchs eta Harkaitz Cano.
Aktoreak. Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia, Oier Zuñiga.
Sinopsia. Nor naizen baneki… Zuk badakizu? Jakin nahi zenuke? Bada jakin ondoren damutu denik? Angelu guztietatik nahi zenuke zeure burua ikusi, ala behar da angelu itsu bat? Ezagutu daiteke norbere burua isolatuki, norbere ingurunea ezagutu gabe? Nola jakin, zinez, zarena zarela? Gurasoen ispiluan? Seme-alabenean? Aztarnei esker? Nola jakin nor zaren, ingurune aldakor batean etengabe aldatzen dena bazara? Antzezlanak antzoki baten indusketa arkeologiko bat kontatzen du. Arkeologoek eta adituek antzokiaren historia sekretua aztertzen dute, geruzaz geruza, erromatarren garaitik gaur egunera arte. Bi mila urtetan metatu diren gudu ezagunak, gai ez oso ezagunak eta trauma lurperatuak argitara emanez, ikuslea Inkisizioaren, Frantziako Iraultzaren, Karlistaden eta 1936ko gerlaren ikuspegietan murgilduko da, familia, jabetza, mugak, herentzia genetikoa eta indarkeria koloniala bezalako gaiak jorratzeko.
Baina ez da lurra bakarrik esploratuko: pertsonaiak ere barne-bilaketa baten xede izango dira, gauzatu beharreko erabakigarrantzitsuen eta beren kontraesanen artean harrapatuta.