Duela zazpi urte saiatu zen Fernando Bernues zinegile donostiarra Soinujolearen semea pantaila handira eramaten, baina egile-eskubideak beste produktora baten eskuetan zeuden orduan, eta ezin izan zuen aurrera egin. Bernardo Atxagaren eleberri honekiko lilurak, baina, bizirik zirauen, eta istorioa antzezlan bilakatu zuen 2012an, Ttanttaka Teatroa konpainiarekin. Antzerkian izandako arrakastaren ondoren, zinemara eraman du Bernuesek eleberria. Atxagaren eleberri entzutetsuak 15 urte bete dituen honetan, azkenean pantaila handian ikusi ahalko da Obaba herrian giroturiko istorioa. Apirilaren 12an estreinatuko da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, eta dagoeneko trailerra ikus daiteke.

Adiskidetasunari, traizioari eta indarkeriari buruzko istorio hunkigarria da eta protagonisten hiru garai desberdinetan oinarritzen da: haurtzaroa, 20 urteko gaztetasuna eta 50 urte inguruko garaia, Euskal Herrian bizi izandako historia aztertzeko. Izan ere, bi lagun horien arteko adiskidetasuna oinarri hartuta Euskal Herriko gertuko historiari errepasoa egiten dio filmak. Umetako lagunak diren Davidek eta Josebak zortzi urte dituztela hasten da pelikula. Francoren diktaduraren azken urteetan, ETAko militanteak izan ziren biak. Davidek Euskal Herritik ihes egin behar izan zuen 70eko hamarkadaren erdialdean, traidoretzat hartu zuen bere jendearen gaitzespena ikustean. Kalifornian zorionaldia aurkitu arren, bere lehenaldiak zama bat izaten jarrai-tzen du oraindik, 25 urtez isiltasuna gorde ostean, berriz elkartuko dira bi lagunak, Kalifornian, egiari aurre egiteko.

Atxagak 2003an argitaratu zuen Soinujolearen semea eleberria. Patxo Telleriak egokitu du eleberria zinema aretoetara eramateko gidoia, asteasuarrak idatzitako euskal gatazkaren inguruko lana moldatuz. Hortaz, filma atzera eta aurrerako denbora jauziekin josia da, Patxo Telleriak gidoiarekin egindako lan bikainari esker.

FILMATZE KONPLEXUA Guzti horrek, jakina, zailago bihurtu zituen filmatze lanak, zuzendariak azaldu duenez: “Pertsonaiak karakterizatzeko kontu handiz planifikatu behar izan nuen filmatze prozesua, protagonistek bizarra noiz izango zuten kontuan hartuz, adibidez”, gogoratu du zuzendari donostiarrak. Filmatze lanak sei aste eta erditan burutu zituzten, Gipuzkoan eta Nafarroan batez ere, eta emaitzarekin oso pozik da Bernues. “Oso istorio hunkigarria da, eta, geografikoki oso zonalde konkretukoa bada ere, kontatzen duena unibertsala da. Pelikula hausnarketa bat da. Protagonistek hartutako erabakiek haien familiengan izan zuten eraginari buruzko hausnarketa, baita hirugarrenei egindako minari buruzko hausnarketa ere”.

Ameriketako Estatu Batuetako abeltzaintza-etxalde batean bizi da David heldua, eta, istorioaren pasarte hori filma-tzeko Euskal Herriko paisaia erabili behar izan dute. Horrela, Uliako aterpetxean filmatu dituzte zati ba-tzuk, baita ere Opakuan, Urbasako inguruko mendietan, Ulzamako zaldi-talde batekin. “Emai-tza oso sinesgarria da”, ziurtatu du zuzendari donostiarrak.

Gaztelaniara bikoiztuta ikusteko aukera ere egongo da, baina Soinujolearen semea-ren jatorrizko bertsioa euskaraz da, istorioa ematen den testuingururako aukera zentzuzkoena baitzen. “Pertsonaia gehienak Obabakoak izanda, gure-tzat planteamendu oso argia izan zen hasieratik”, azaldu du zuzendariak. Egoera batzuetan, pertsonaiaren batek gaztelaniaz egiten du, adibidez, emazte batek bere senarrari euskaraz galdetu eta senarrak gaztelaniaz erantzuten dionean, baina, Bernuesen hitzetan, “horrek ere agerian uzten du hizkuntza bat erabili edo ez erabiltzearen aldeko hautu politiko eta pertsonala”.

Interpretazioei dagokionez, makina bat aktorek hartu dute parte, besteak beste, Aitor Beltran, Iñaki Rekarte, Cristian Merchan, Bingen Elortza, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson, Miren Arrieta, Laia Bernues eta Eneko Sagardoi. Haietako gehienek Bernuesek Atxagaren eleberriaren antzerkirako egindako moldaketan ere hartu zuten parte, pertsonaia gazteenak berriak badira ere. Aktore ezagunekin lan egitea oso erreza izan dela onartu du zuzendari donostiarrak: “Gehienak gure tribu artistikoko kideak dira, sarritan lan egin dugu elkarrekin”, adierazi du. Bestela, pelikula egiterakoan, aktoreen faktorea oso garrantzitsua izan dela ere onartu du Bernuesek. “Horretan jarri nahi nuen arreta, bi lagun hauen istorioa kontatzea, zergatik urruntzen diren elkarrengandik, non dagoen harreman honen eta haien arteko isiltasunaren gakoa”.

Pertsonaia ezagunak Pelikula egin aurretik, Soinujolearen semea antzezlana egin izana lagungarri-tzat jo du zuzendari donostiarrak. Izan ere, eleberrian zenbait unitate narratibo tartekatzen dira istorio nagusian eta, Bernuesen esanetan, ezinbestekoa zen lerro nagusi bat topatzea zineman lan egin ahal izateko. “Erronka zaila zen, baina an-tzezlana egiteko dagoeneko hasierako lan bat egina geneukan, hari narratiboak zer bideri jarraituko zion apur bat zehaztuta”, adierazi du. Gainera, pertsonaiak jada ezagunak izateak ere lana erraztu zuen, aktore bakoitzari beti egokitu behar bazaio ere. “Nolabaiteko konfian-tzazko harremana duzu jada pertsonaiekin, aldez aurretik bertan sakondu baituzu, eta horrek beti lagun-tzen du”, aitortu du zuzendariak. Atxaga bera ere beti laguntzeko prest agertu dela aitortu du Bernuesek, zeina eskertuta agertu zaion asteasuarrari. “Lehenengo muntaketa ikusi ostean, pertsonaiak horrelakoak zirela esan zidan, istorioa barrutik kontatuta zegoela. Niretzat oso momentu inportantea izan zen”, aitortu du zuzendariak.

Soinujolearen semea Bernuesek bakarka zuzentzen duen aurreneko film luzea da. Aurrez Kutsidazu bidea, Ixabel eta Mugaldekoak zuzendu ditu, Mireia Gabilondorekin batera. Horrek, eta Atxagaren eleberria hain irakurria izanak -15 hizkuntzetara izan da itzulia- bertigo apur bat eragiten diote zuzendari donostiarrari. “Sorkuntzak bertigoa eragiten du beti, berdin da zer sortzen duzun. Baina, aldi berean, pribilegio hutsa da hain ospetsua den eleberri baten pelikula egitearen arriskua nire gain hartzea”.

Honen harira, Atxagaren liburua hain ezaguna izateak bere alde onak eta txarrak dituela onartu du. “Batetik, titulua ezaguna denez, jakinmina sortzen du. Bestetik, nork bere imajinarioa eraikitzen du irakurtzen duenean. Ezagutzen duzun istorio bat ikusten duzunean ederra izaten da; baina kontrakoa gertatzen denean, nahigabe hutsa da”, uste du Bernuesek. Hala ere, baikor agertu da zuzendaria. “Pelikulak, behin estreinatu dituzula, ikuslearenak dira. Eta ez daude bi begirada berdin. Hori ere interesgarria da oso”.

Pasa den abenduan, Durangoko Azokan, batzuek jada filma ikusteko aukera izan bazuten ere, apirilaren 12an helduko da Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zinema aretoetara Soinujolearen semea.