Euskal Herriko gazteak mobilizatzeko tresna gisa jaio zen Euskal Herria Zuzenean (EHZ) Festibala 1996. urtean, gazteek gazteentzat antolaturiko espazio gisa. Ibilbide gorabeheratsua izan du festibalak jaiotzatik; belaunaldi aldaketa ugari eta zenbait oztopo gainditu behar izan ditu. Urtero antolatu dute jaialdia Ipar Euskal Herrian, azken bi edizioetan desagertzear izan badira ere. Iaz, eguraldia eta arazo ekonomikoak zirela medio, jaialdi ibiltaria antolatu behar izan zuten eta ondoren sumatu zuten azalberritzeko beharra.

Orain, zenbait hausnarketen ondotik, eraberritua dator EHZ Festibala. Talde eragilea goitik behera berriztatu eta kokalekua ere aldatu dute. Azken urteetan Lekornen egonkortua zegoen jaialdia eta edizio berrian barnealdeko herri batera lekualda-tzeko apustua egin dute. “Talde berri batek hartu du antolakuntza eta aldaketa hori markatu nahi izan dugu; hasiera berri bat, herri berri batean eta talde berri batekin”, azaldu du Irati Fernandez EHZko antolakuntza talde berriko kideak. Hortaz, Irisarrin (Lapurdi) lur hartuko du 24. edizioak, ekainaren 28, 29 eta 30ean.

Bidean aurrera egiteko aldaketak ezinbestekoak direla iritzita, halabeharrez eraldatu behar izan dute jaialdia, erraietatik hasita. “Aldaketa nagusia belaunaldi aldaketa da, gazte talde berri batek hartu du bere gain EHZren antolakuntza”, dio Fernandezek. 23 urteko gazteak aurrenekoz biziko du festibala bihotzetik, talde eragilea osatzen duten gainerako kideen eran. Transmisioa beharrezkoa dela ziurtatu du Fernandezek; horregatik, festibala aurrera ateratzeko aurreko belaunaldien “etengabeko laguntza” jasotzen ari direla jakinarazi du.

Iazko irailean egin zuten “hil ala biziko” biltzarra Itsasuko Goxoki gaztetxean (Lapurdi), ordura arte antolakuntzako kide zirenen errelebo beharra zela eta. Hiruzpalau gaztek agertu zuten lekukoa hartzeko nahia eta proiektu bat garatzeari ekin zioten. Epea martxorako jarrita zuten arren, urtarrilean aurkeztu zuten proiektua, iragandako EHZ Festibalaren eta muinean dagoen elkartearen oinarriak bere eginez. Ekainean jaialdia ospatzeko asmoa zutela eta, apirilaren hasieran Hazparneko Ttattola gaztetxean (Lapurdi) egin zuten biltzar nagusian hasi ziren jaialdiaren zehaztapenak aurkezten.

OINARRIAK MANTENDU EHZk

aurpegi berriak aurkeztu dituen arren, jaiotzako filosofiari eusteko konpromisoa berretsi dute antolatzaileek. Muinean, jaialdiaren ardatzak berberak izango direla dio Fernandezek. “Euskal kultura bultzatu, hizkuntza bultzatu, auzolanaren balioa erakutsi, elkarrekin lan eginez gazteak zertarako gai garen erakutsi, Ipar Euskal Herrian festibal bat antolatzea, elkar ezagutzea, gazteak batzea? helburu asko ditu eta horiek denak mantendu ditugu”. Egitarauari dagokionez, hiru atal ezberdindu dituzte: kontzertuak, emanaldiak eta tailerrak. Azken hori da aurreko edizioekiko berritasuna, eta horretan egin nahi dute indar berezia. “Garrantzi handia eman nahi diegu tailerrei, ze lehen ere bazen eztabaida gune bat festibalean, baina aurten tailerrak parte-hartzaileago egin nahi ditugu”, kontatu du Fernandezek.

Gaurkotasuneko bost gai jorratuko dituzte tailerretan: feminismoa, ekologismoa, migrazioa, G7ko biltzarra eta jai eredua izango dituzte hizpide, batik bat. Kontzertuei dagokienez, gehienak euskal taldeak izango direla jakinarazi dute eta euskal musikaren aniztasuna ikusarazi nahi dutela. Oraingoz, bost talde iragarri dituzte: Iseo & Dodosound, Koban, Gari & Maldanbera, Montauk eta Broken Brothers Brass Band izango dira oholtzan.

LAGUNTZAILEEN BEHARRA

15 gaztek osatzen dute jaialdiaren talde eragilea, eta 50 bat daude lan taldeetan sakabanatuta; horrekin, ordea, ez da nahikoa jaialdia aurrera ateratzeko. Inongo hedabide pribaturen zein publizitaterik gabeko egitasmoa den heinean, ariketa kolektibo gisa uler-tzen dute festibala antolatzaileek, norbanako bakoitzaren ekarpenak batuz osotzen den emaitza. Horregatik, laguntzaileen papera azpimarratu du Fernandezek: “EHZ bere laguntzaile guztien multzoa da”. Laguntzaile deritzote jaialdiaren antolakuntzan txandaren bat eginez parte hartuko duten gazteei, festibala barru-barrutik ezagutuz. “Galtzagorriak hartu ditugu irudi bezala. Galtzagorri txikiek gauetan lan egiten dute sarri eta horrela eraikitzen dituzte gauza miresgarriak. Elkarrekin lan eginez lortuko dugu guk ere”. Hala, galtzagorrien lekuan jarri nahi dituzte Euskal Herriko gazteak, jaialdia aurrera doala bermatzeko. Auzolana oinarri, 500 laguntzailera iristeko erronka jarri dute aurten.

Laguntzaile gisa jarduten duten gazteek sarrera doan eskuratuko dute. Bestalde, jaialdirako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude ehz.eus webgunean, 45 eurotan. Antolatzaileek jakinarazi dute prezioak gora egingo duela datak gerturatu ahala. Datozen asteetan kontzertu eta ikuskizun gehiagoren berri emango dute.