Euskarazko literaturazaleek, idazleek, argitaletxeek edota, besterik ez bada, euskal kulturaz inguratuta egun-pasa egiteko asmoa dutenek, ezinbesteko hitzordua dute asteburu honetan Zarautzen. Literaturia jaialdiaren hamaikagarren edizioa ospatzen ari dira egunotan bertan, seigarrenez. Atzo ekin zioten euskal letren jaialdiari eta bihar arte luzatuko dute, tartean literatura ardatz duten hamaika ekitaldi burututa. “Gehienez bost minutuko denbora tartean hel zaitezke liburu azoka eta tailerrak hartuko dituen Musika plazara, liburu aurkezpenak eta solasaldiak eskainiko dituen Garoa liburu-dendara eta emanaldiak hartuko dituen Modelo Aretora. Literatur eskaintza anitza, adin tarte guztientzako”, azaldu du Yoseba Peña jaialdiko antolatzaileak.

Ekintza guztien artean, Musika plazako liburu azokari eman nahi izan diote aurten garrantzia: “Literatura festa da euskal letren jaialdiaren ardatza, baina sarritan ahaztu egiten dugu literatura ere industria dela. Literatura ona edukitzeko idazle profesionalak behar ditugu eta horretarako liburuak saldu behar dituzte”, uste du Peñak. Hain zuzen ere, jendea azokara hurbiltzeko eta liburuen salmenta indartzeko asmoz, bi euroko beherapen bonuak banatuko dituzte aurten ordainpeko ekitaldietan sarrera erosten dutenen artean. Halaber, zortzi euroko deskontu bonuak ere jarriko dituzte salgai, bost euroan.

Literatura ardatz “Plazara publiko gehiago eta anitzagoa erakartzeko helburuarekin”, aurreko edizioetan musikak espazio garran-tzitsua hartu duela azaldu du Peñak. Aurten, baina, “egonkortuta eta erronka berriei heltzeko prest” azaldu direla aitortu du: “Konplexurik gabe, egitaraua literatura puruan ardazteko gogotsu azaldu gara”. Ildo horretan, aurtengo programan sartu dituzten “goi mailako mahainguruak” nabarmendu ditu, eta horien adibide gisa jarri du Eider Rodriguezen Idazleen gorputzak lana hizpide izango duena. Idazle errenteriarrarekin batera izango dira Aran-txa Urretabizkaia, Laura Mintegi eta Miren Agur Meabe kulturgileak, euskal emakume idazleen ikusgaitasuna eta aitorpena hizpide. 17:30ean izango da hori, Modelo Aretoan. “Mahainguruak izango direla entzutean, sarri, beldurtu egiten gara, aspergarriak eta intelektualegiak izango direlakoan. Ziur gaude Modelo Aretora gerturatzen direnek izugarri gozatuko dutela solasaldiarekin. Literaturaz arituko dira, bai, baina funtsean, Euskal Herriaz eta euskaldunez arituko dira”, azaldu du Yoseba Peñak.

Mahainguruaren ondoren Margolaria filmaren proiekzioa egingo dute Modelon, 19:00etan. Emanaldi berezia izango da, Mikel Urdangarini egindako elkarrizketa musikatuaz gozatuko baitute bertaratutakoek. Karmele Jaio idazlea eta Oier Aranzabal pelikularen zuzendaria arduratuko dira hura gidatzeaz.

Plazer iturria Euskarazko liburu azokaren lekuko izateaz aparte, txikienentzat bereziki prestutako jardueren agertokia izango da Zarauzko Musika plaza, “haurren artean ere literatura zaletasuna sustatzeko”. Ander Iruretagoiena aktoreak ondutako ipuin kontaketa en-tzun eta ikusi ahal izango dute gaur, 11:30ean. Gauza bera, bihar, Yolanda Arrieta idazle bizkaitarrarekin. Biharkoa, baina, hitzordu berezia izango da, kontaketaren ondoren Yolanda Arrieta bera omenduko dutelako plazan, haur eta gazte literaturan egindako lanagatik.

Omenaldia bukatuta, eta aurreko edizioan izan zuen arrakastari tiraka, Literattipia festari ekingo diote: “Herriko eskolekin lankidetzan, umeen arteko liburu trukea prestatu dugu. Liburuak ere maitagarriak izan daitezkeela erakutsi nahi diegu gure ikasleei, irakurtzeak plazera sor dezakeela. Hain zuzen ere, plazer iturri hori euren artean elkarbanatu dezatela bilatzen du Literattipiak”, azaldu du Peñak.

Salbatore Mitxelena Herriko ikastetxeekin elkarlanean prestatu dute aurtengo Literaturiako beste hitzordu garrantzitsuenetako bat ere: Salbatore Mitxelena olerkari zarauztarrari buruzko mahaingurua. Era honetan, “Euskal Herrian oro har baztertua izan den” kulturgilearen aitortza egin nahi du Literaturiak, bere jaiotzaren ehungarren urteurrenean. Bihar izango da hori, Modelo Aretoan, 13:30ean. Aitor Gurrutxagak gidatuko du mahaingurua eta Anjel Lertxundi eta Lourdes Otamendi izango ditu solaskide. Eskolako ikasleek, beren aldetik, Mitxelenaren poemak musikatuko dituzte.

Ohi bezala, Garoa liburu-dendak hainbat idazleren aurkezpenak hartuko ditu gaur eta bihar artean. Besteak beste, Patxi Zubizarreta, Ione Gorostazu, Miren Amuriza, Miren Agur Meabe, Jose Luis Otamendi edota Beñat Sarasola igaroko dira bertatik.