Hain handiak gara, maitatuak edo gorrotatuak izan gaitezkela, inoiz ez ahaztuak”, irakur daiteke Gorpuzkingzen disko berriko barrualdean. Zakil Onilek ere argi utzi nahi izan du hasieratik: “Euskal Herriko bazterrak nahastera gatoz”. Euskal trap taldeko hirukoaren ahotsetako bat da Zakil Onil, Donald Trap eta Big Txiki DJ-arekin batera.

Hondarribiagra du izena Hondarribiako taldearen bigarren lanak: “Herria piztera gatoz, izan ere, pertsona zaharrek kudeatutako pertsona zaharrez betetako herri batean bizi gara. Arraunaz eta alardeez aspertuta gaude eta bestelako oihartzun bat eman nahi diogu gure herriari”, azaldu du Zakil Onilek. Lehen aldiz argitaratu dute diskoa formatu fisikoan: “Gure managerrak konbentzitu gaitu; bestela, hedabideak galduta omen zabiltzate”, dio abeslariak.

Euskal traparen aitzindari Gorpuzkingz-eko kideak lehenak izan dira trap musika euskaraz egiten. “Guk oso argi genuen: munduko gazteek trap musika entzuten dute, eta Euskal Herrikoek ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez edo beste hizkuntza batean entzun behar zuten orain arte. Guk trapa egin nahi genuen, eta gure hizkuntzan, euskaraz kantatu nahi genuen. Euskal Herriko traparen heroiak gara”, uste du Zakil Onilek.

Hala, trap estiloko bereizgarriak diren elementuak bilakatu dituzte euren ikur: bortizkeria, drogak, armak? Aurpegiak zapiekin ezkutatzen dituzte beti, “poliziak gu ez identifikatzeko, batetik; eta, bestetik, gainontzeko bandetakoek nor garen ez ezagutzeko”, dio Onilek. Janzkeraz gain, zenbait ikur errepikatzen dira euren bideoklipetan: Ipar Koreako bandera, arrano beltza eta Playboy untxiaren arteko fusioa, dirua, armak? “Irudia taldearen ehuneko laurogeita hamar da -uste dute hondabirritarrek-. Euskal taldeen bideoklipak berdinak dira den-denak. Guk zerbait ezberdina egin nahi genuen eta abesten ditugun istorioak laguntzeko ikur adierazgarriak dira hauek. Trap musikak rollo hau dauka, eta guk Euskal Herriko kulturarekin uztartu nahi dugu”, argitu du Zakil Onil traperoak.

Izan ere, Gorpuzkingzekoak “trapero abertzaleak” diren aldetik, “nazio eraikuntzarako tresna funtsezkoa” direla nabarmendu nahi izan du Onilek: “Garaietara egokitutako egitura bat behar du Euskal Herriak. Internetak dena aldatu du eta ezin dugu beti gauza bera egin. Munduko joerei kasu egin behar diegu eta gure bihurtu”. Zentzu horretan, kritiko azaldu da euskal musikak bizi duen panoramarekin: “Ematen du orain arte egindakoa ondo egon dela beti. Euskal musikak mugitu egin behar du. Ezin da izan festibaletan, irratian eta telebistan beti musikari berberak agertzea. Gauza bera gertatzen da zineman: euskarazko pelikula edo telesail bat egiten dugu eta aktoreak beti dira berberak”, salatu du Onilek. “Erosotasun sakon batean bizi gara eta arteak dena izan behar du hori izan ezik”. Hala, Hondarribiagra diskoko kantek agerian uzten dute “euskal kulturaren sistemaren zurruntasunarekiko desadostasuna”, eta mezu gordinak zabaldu dituzte “pribilegiatuen zirkuitu itxian” ibiltzen diren zenbait talderentzako.

‘DO IT YOURSELF’ Eskema errepikakorren aurrean, Do It Yourself filosofiaren defendatzaileak dira Gorpuzkingzekoak, hots, “zuk zeuk egin ezazu”, eta gazteak animatu dituzte plazara irtetzera: “Euskal gazteriak gauzatu behar du aldaketa. Badago jendea gu bezala prest dagoena estiloan eta formatuan berritzeko, eta horri eutsi behar dio. Baliteke kalitatea berdina ez izatea, baina askatasuna ematen dizu nahi duzuna egiteko”, dio Onilek. “Arteak kalean egon behar du. Gauza interesgarriak grabatzen dira etxe askotan, inoiz argitaratuko ez direnak. Guk uste dugu gauza guztiak atera behar direla kalera, lau haizetara zabaldu. Horrela hasi ginen gu ere”.

Bestetik, euskal gizartea askotan serioegia dela uste du Onilek: “Gauzei buelta gehiegi ematen zaie maiz. Egongo dira euskal trapa euskal kulturaren kontrako erasoa dela uste dutenak. Hamaika entzuteko jaioak gara”, dio abeslariak. Letren inguruan galdetzen dietenean, “esan nahi duguna esan duguna da, ez gehiago eta ez gutxiago”, dio hondarribiarrak. Gazteen artean izan dute harrerarik beroena: “Askotan deitzen digute kontzertuak eskaintzeko eta gure kantak abesten dituzte. Oso pozik gaude orain arteko ibilbidearekin”, dio taldeko abeslariak.

Udarara begira zuzeneko mordoa ditu lotuta Gorpuzkingzek, eta gogo-tsu heldu diote birari. Hala ere, argi dute proiektua ez dela luze irauteko jaio: “Gu ez gara Su Ta Gar bezala 30 urtez taula gainean arituko. Fermin Muguruza dugu horretarako eredu, proiektu on bat abiatu eta badaki hori noiz bukatu behar duen. Guk bidea ireki diegu ondorengo belaunaldiei. Zail izango dute guk bezain ondo egitea, baina beno?”.