Holanda hitzak (Herbehereak litzateke hitz zuzena) gauza ezberdinak iradokitzen dizkigu, batez ere adinaren arabera. Gaztaroan, coffe shop-ak, marihuana, Amsterdameko auzo gorria eta politika aurrerakoiak etortzen zaizkigu burura. Adinean aurrera joan ala, tulipan soroak, Kinderdijk motako egurrezko haize-errota dotoreak, Gouda eta Almaar-eko gazta azokak eta, orokorrean, oporretarako leku aproposak datozkigu burura. Bizi-tzaren errotak beste bira bat ematen duenean, aldiz, behin erretretaz gozatzen hastean, jubilatu nederlandarren autobus tamainako autokarabanek erakartzen dute gure atentzioa.

Herbehereek asko dute eskaintzeko, edozein delarik interesatuaren adina. Baina aurrez azalduriko gauza guztiez gain, bada gauza bat herrialde honi guztiz atxikita dagoena, norberaren interesetatik at, eta bitxia egiten dena pertsona (ia) guztien-tzat. Holandako bidegorriak eta bizikletaren erabileraz ari natzaizue.

BIZIKLETEZ LEPO

2010ean iritsi nintzen Rotterdamera, herrialdeko bigarren hiri handienera. Ez du beste hiriek duten “postal-irudiaren” xarma, Bigarren Mundu Gerran Naziek bonbardatu egin baitzuten, “tabula rasa” eginez. Bere errautsetatik, etxe orratzez beteriko hiri dinamiko bat sortu zen. Ezin ahaztu, noski, munduko bigarren merkataritza itsas portu garrantzitsuena, Europako lehena, bertan dagoela. Urtebete igarotzeko asmoz nindoan eta irrikaz negoen herrialdeak zer eskainiko zidan jakiteko. Tren geltokitik irten bezain laster, bi gauzez ohartu nintzen: nederlandera hizkuntzaren kutsu arrotza eta kaleko bizikleta kopuru itzela. Lehena erronka handi bat izango zen; bigarrena, aldiz, plazer hutsa ni bezalako txirrindazale batentzat. Geltokiaren kanpoaldean zegoen bizikleten parkina aurretik zetorrenaren aurrekari moduan uler nezakeen. Donostiako geltokiko dozena bat bizikletentzako aparkalekura ohituta, Rotterdamekoa gezurrezkoa iruditzen zitzaidan, bertan zeuden 5.000 bizikletentzako lekuarekin. Aparkaleku guztiak beteta, gainera.

Bizitza guztia bizikletan ibiltzen badaramazu ere, egokitzapen fase bat beharrezkoa da tulipanen herrialdean ibiltzeko. Izan ere, ordura arte guztiz ezezagunak diren egoeretan aurki dezakezu zure burua bat-batean: txirrindularien trafiko astuneko bidegorri bat, lehentasuna argi eduki behar den bidegorri eta errepide ugariren bidegurutzea edo bizikleta erabiltzaileei zuzenduriko bide-seinale ugariak.

Azken honek zer pentsatua eman zidan. Gurean, ohituta gaude errepideetan bide-seinaleak ikustera. AP8 Irun, Baiona, A-132 Maeztu, Kanpezu. Bidegorrien kasuan, aldiz, ez da inolako bide-seinalerik ageri (salbuespenak salbuespen). Bidegorriak planifikatzen dituztenen arabera, bide horiek aisialdirako omen dira soilik, eta, dirudienez, noraezean ibiltzea da txirrindularion patua. Rotterdameko bidegorrietan, aldiz, halako seinaleak topa ditzakezu: Delft 15 km, Amsterdam 72 km. Eta bai, bidegorritik irten gabe joan zaitezke hiri horietara.

BIDEGORRI SAREA

Azkar ikasi nuen Herbehereak ez direla idealizatu behar, ez dela ekologistez beteriko herrialdea inondik inora ere. Autobideak gainezka daude. Baina hedadura ikaragarrizko bidegorri sareari esker (eta euren praktikotasun filosofia lagun) bidegorriak ere jendez lepo ere egon ohi dira. Hainbeste bidegorri eta leku ezberdinen izen aldrebestuak oztopo bat izan ez daitezen, Fiests koop punt izeneko sistema bat dute. Bidegorri-bidegurutze bakoitzak zenbaki bat du, eta beste bidegurutze zenbakituen norantzak seinaleztatzen dituzte. Sistema honekin, ibilaldi bat antolatu dezakezu, galtzeko beldurrik gabe.

ITSASOAREKIN BORROKAN

Hiriguneetan alde batetik bestera joateko erabilgarria izateaz gain, herrialdearen muina ezagutzeko baliabide paregabea da Fiest koop punt sistema. Aukera nuen bakoi-tzean Rotterdameko erdialdetik norantza ezberdinetan joaten nin-tzen nire bizikletaz, borondatezko noraezean, inguru berriak ezagu-tzeko asmoz. Horrela ezagutu nuen, adibidez, Herbehereetako punturik baxuena, Nieuwerkerk aan den I Jssel herrian kokatzen dena, eta itsaso mailatik 6,76 metro azpitik dagoena. Polder bat zer den ere ikasi nuen, eta haize errotak herrialdeko garapenean izan duten berebiziko paperaz ohartu nintzen. Ezin sinestekoa da hernehereetarrak itsasoarekin izan duten eta izaten ari diren etengabeko borroka. Diotenez, lurraldearen %30a itsasoari irabazitako metro karratuak dira. Esaera batek argi adierazten du egoera: “Jaungoikoak mundua sortu zuen, baina herbeheretarrak sortu zituen Herbehereak”.

Natura aldetik gauza gutxi eskain-tzen ditu herrialde lau honek, mendirik ez baitago eta artifizializatu gabeko metro karratu gutxi baitauzka. Baina inguru guztia putzu eta kanalez beteriko lorategi erraldoi baten antzekoa denez, hamaika txori eta ur ertzeko animalien bizileku dira paraje hauek. Herbeheretarrak, hirietatik kanpo bizi direnak batik bat, lasai bizi dira, gora-beherarik gabe, euren paisaiaren moduan, zeina apenas aldatzen den zeruertzerantz. Zalantzarik gabe, bizikleta baten gainean ezagutzeko herrialdea da Herbehereak.