Gure artean kokatzen diren arkitekturen inguruan hitz egiteko proposamenak ekarri ninduen lerro hauetara. Espezimen desberdinak azaleratzea zen hasierako nahia, baina zer nolakoak dira euskal arkitekturak? Zer ezaugarri betetzen du eraikin bat euskal lurraldeetan izateak? Euskal arkitekturez hitz egin daiteke? Zerk bereizten ditu? Idatzizko edota ahozko arteetan, literatura eta musikan kasu, oinarrian euskaran oinarritzen direnak dira. Definizio hau oso orokorra da eta adreiluen munduan ez du tarterik. Eztabaida diziplina honetara ekartzeko asmoarekin arkitekturaren ezaugarri hauetan sakondu da: jatorria, testuingurua, eraikitzeko modua eta begirada digitala.

Unibertsaltasun honetan, bereizketa ez da horren erraza. Erreferente desberdinak aipatu ditzaket irakurleek erraz erlazionatzeko, esaterako, Luis Peña Gantxegi oñatiarra eta Rafael Moneo tuterarra. Jaiotzez euskaldunak dira, biek eraiki dute Donostia hirian, antzeko estiloa jorratzen dutela esan daiteke, baina biak berdin identifikatzen ditugu aipatutako testuinguruan? Edota Gantxegiren Espanya Industrialeko parkea (Bartzelona) euskal arkitekturatzat har daiteke? Eta Moneoren Loiolako Iesu parrokia?

TESTUINGURUA

Kontuan hartu daitekeen beste ezaugarri bat testuingurua da. Hiru edo zazpi probintzietan eraikitzen den oro izan daiteke. Hots, lurralde hauetako arkitektura orok Basque Label Construction zigilua darama. Hau horrela ote da? Begirada azkar batean baztertu daitezke Bilboko obra esanguratsu asko: Frank Gerhyren Guggenheim-a, Calatravaren zubia, Alvaro Sizaren paraninfoa, edo aurreko hilean aipatutako Foster arkitektoaren hainbat lan. Haatik, bertan errotuta egon daitekeen estudio batek ere ez du zertan jorratu. Vaumm estudioaren Basque Culinary Center ikustean ezaugarri estetikoetan eta teknikoetan ez da nabari bertakoaren eragina, testuinguruarekiko atxikimendu urria nabari da.

Eraikitzeko modu desberdina izan beharko luke euskal arkitekturak: eraikuntza sistema, bertako materialak, estilo propioa, eta lurraldearekiko atxikimendua. Donostian koka-tzen den Arkitektura Eskolari erreparatuz ohartu gaitezke hori guztia ez duela betetzen. Miguel Garayren eraikina aztertuz, ikus daiteke euskal arkitekturarekin erlazio minimoa deuseztatu eta gustuko zuten postmodernismotik jorratu zutela. Kanpora begira zeuden adierazle izan daiteke. Bestetik, Salburua auzotik pasatzean iparraldeko hiri batean gaudela pentsa dezakegu, dena baita arrazionala eta garbia, onerako eta txarrerako Gasteizen edo Hamburgon egon gaitezke.

Sarean “euskal arkitektura” eta “arquitectura vasca” ezartzean orain arte esandakoa berresten da. Etiketa honen azpian ez dira ageri orain arte aipatutakoak. Oraindik “eusko” eraikinak aurki daitezke gure herri eta hirietan, baina beraiekiko dugun erlazioa begirada estetiko batetik eraikitzen da, hots, begirada folklorikoa da, urteetako transmisioz eraiki dena. Urte askoan eraiki diren hauek kopia folkloristak izan dira, eta Baiona, horren adibide da. Atrezzo batean zehar ibiltzearen sentsazioa izan daiteke. Testuinguru estetiko minimo bat mantentzea beharrezkoa da, baina, era berean, mantentzetik beste errealitate piktoriko bat sortzera aldea dago.

FIKZIOZKO ETIKETA

Beharbada, artikuluaren hasieran honako galdera egin beharko litzateke: existitzen ote da euskal arkitektura? Erantzuna ezezkoa da, argi eta garbi. Folklore estetikotik, eta hortik kanpo, eraikitzen den gehiena ezin daiteke bertan katalogatu. Euskal Herrian, bere osotasunean, gauza interesgarriak eta anitzak daude, baina ezin da hitz egin euskal arkitekturaz. Fikziozko etiketa honen atzean beste errealitate bat ageri da, eta azken hamarkadetako arkitekturek gehiago dute kanpo eraginetik modernitate europarretik, eta hizkuntza ingelesetik, bertakotik baino. Izaera puritano baskoa aldarrikatu eta sustatzeaz aparte, hobe dute instituzio publikoek eraikinei ezartzen dizkieten ingelesezko izenetan horrenbeste denbora ez galtzea. Ez gaitezen pasa folklore estetikotik izendapen kosmopolitetara. Arkitekturaren Brexit-aren beharretan al gaude?