Baginen, eta bagara

Euskal Herriko historia emakumeen bitartez azaldu dute Cira Crespo Cabillo historialariak eta Elena Ciordia Dominguez ilustratzaileak 'Baginen' liburuan. Testu labur eta ilustrazioz osatuta dago

16.09.2020 | 21:52
Historiako iruditeria "emakumez josi" nahi dute egileek

Aurretik horrelako libururik argitaratu ez duen arren, Gasteizko gizarte-etxeetan 'Mujeres que cambiaron la historia' izeneko ikastaroa eskaini zuen duela urte bi Cira Crespok. Kontatu duenez, nolabaiteko inspirazio modura erabili du Baginen (Txalaparta) osatzeko, bertan parte hartu zuten emakumeek ere historia aldatu zutelako. Izan ere, bere iritziz, "historian ibili izate hutsa eraldatzailea da, norberaren presentzia eta lekukotza aldatzailea delako". Dena den, liburua sortzearen ideia Elena Ciordiarena izan zela aipatu du Crespok: "Berak zioen ez zegoela horrelako libururik Euskal Herrian, alde horretatik hu-tsune bat zegoela, eta bete egin behar genuela". Hortaz, lanari ekin zioten, bera testu historikoak idazten, eta Ciordia, berriz, ilustrazioak egiten.

Liburua sortzeko prozesua oso polita izan dela aipatu du historialariak: "Espero dut gure arteko harremana eta giro ona emaitzan nabari-tzea". Lehenik eta behin, zerrenda bat egin zuten, noski, irizpide ba-tzuei jarraika. Euskal Herri osoko emakumeak izan behar zutela adostu zuten, eta, ahal zen neurrian, baita garai guztietakoak ere. Beste baldintza bat izan zen emakume horiek bizirik ez egotea, Crespok azaldu duenez, bera ez baita eroso sentitzen oraindik amaitu ez den historia bati buruz hitz egiterakoan.

Hasiera batean, zerrenda hori 70 emakumerekin osatu zuten, baina ezinezkoa zen guzti horiek liburu bakar batean biltzea. Hortaz, kopurua ere mugatu behar izan zuten: "Zerbait ezberdina eta iradokitzailea esaten lagunduko zigutenekin geratzen saiatu gara". Izan ere, lehenagotik ezagunak ez diren emakumeak ere aurkeztu dituzte. Ahal den heterogenotasun handiena azaldu nahi izan dute, historiak aurpegi oso ezberdinak dituela pentsatzen dutelako.

Lehen izenak Erromatar garaikoak direla azaldu du historialariak, ez baitu garai hori baino lehenagoko dokumenturik aurkitu. Egiturari dagokionez, garrantzi handia eman diotela aipatu du. Emakumeak kronologikoki aurkeztea aukeratu dute, oso bestelakoa baita beraien ustez alfabetikoki edo kronologikoki ordenatzea: "Alfabetoaren arabera egiterakoan, garrantzia handia ematen zaio izenari eta pertsona bakoitzaren ibilbideari. Kronologikoki antolatzerakoan, aldiz, izenak ez dira horren garrantzitsuak, baina bai euren kokapen historikoa". Izan ere, Euskal Herriko emakumeen historia kolektiboa ezagutarazi nahi dutela azaldu du, eta ez biografia batzuen bilduma huts bat egin. Emakume horietako batzuk dira, esaterako, Juana Bautista Miner, XVIII. mendean Tolosako kartzelatik ihes egin zuena, Gasteizen mistela denda bat zuen Teresa Furundarena, Bilboko zigarrogileak, Hazparneko matxinatuak, eta 1937an frankistek fusilatu zuten Juanita Mir.

IRUDITERIA BERRITUZ Horrez gain, ilustrazioek garrantzi handia dutela ere nabarmentzekoa da. Liburuaren hasieran 'imajinario' hitza aipa-tzen dute, historian pentsatu eta lehenengo momentuan burura datozen irudiei erreferentzia eginez. Cresporen hitzetan: "Historiako iruditeria hori gizonez josita dago, horregatik, emakumeen irudi asko ekarri nahi izan ditugu. Noski, horretarako ezin hobeak dira Elena Ciordiak egin dituen akuarelak, irudi batek mila hitzek baino gehiago adierazi dezakeela esaten dute €".

Aipatutako imajinario hori berritu eta Euskal Herriko emakumeen historia ezagutarazteaz gain, "hari mutur ezberdinak eskaintzea" da historialariak azaldutako helburu nagusia: "Pentsatzeko proposamen batzuk eman nahi dizkiogu jendeari, guretzako piroporik handiena li-tzateke esatea liburua oso iradoki-tzailea dela". Bere ustez, emakumeen bitartez ere historia egin daitekeela frogatzea da liburuak egin dezakeen ekarpenetako bat. Horren demostrazio enpiriko baten emai-tza da izenburua bera ere. Cresporen hitzetan: "Baginen horren bidez esan nahi duguna da emakumeak Euskal Herriko historiaren garai guztietan egon garela. Izan gara norbait beti, gure izen eta abizenekin. Imajinatzeko zaila den momentu horretan ere bai, baginen lekukoak eta ekintzaileak. Iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera, baginen, eta bagara".

Lo último Lo más leído