Ilusioz dira Aitor Etxarte eta bestelako Gazte Konpainiako kideak; prest hamalau pertsonen talde itxitik haratago, ahalik eta jende gehienak beraien proiektuaz gozatu dezan, proiektua beste guztiena ere badela ulertzen dutelako.

Nola sortu zen Gazte Konpainia?

Pabiloi 6ko proiektua zen Gazte Konpainiarena, eta 2015ean sortu zen. Bilboko Udalarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Lanbiderekin hitzarmena sinatuta, urtero, konpainiak antzezle-zerrenda berri bat izateko aukera zuen. Hala, orain arte, 30 bat gazte pasatu gara Gazte Konpainiatik. Ni 2020ko proiektura (Ubú, rey de las finanzas) aurkeztu nintzen. Hasi eta bukatu egin genuen, eta aste bitara, konfinamendua iritsi zen.

Konfinamendu horren ostean, aldaketak etorri dira. Gazte Konpainiak, orain, bere egoitza dauka.

Pabiloi 6k aurretik ere bazeukan Gazte Konpainia finkatzeko ideia, egoitza emateko asmoa, talde jakin bat sor-tzeko ideia. Pabiloi 6koek Gazte Konpainiatik pasatutakoi galdetu ziguten ea proiektu hori sortu nahi genuen. hamalau pertsonek baiezkoa eman eta lanean hasi ginen.

Zein da Gazte Konpainiaren helburua?

Gazte Konpainiak gazteei modu profesionalean lan egiteko aukera eman nahi die, gure ogibidea nahi dugun hori benetan egi bihurtzeko. Sor-tze prozesu batean, lau-sei hilabeteko kontratuak eskaintzen ditu: soldata finkoarekin, hilabete osoko saioekin... Asko dira Euskal Herrian dauden gazte antzezleak, geroz eta gehiago. Konpainian, urtean sei eta zortzi pertsona artean kontratatu ditzakegu, eta proiektu horrekin jarraitzen dugu orain ere. Horri esker, Gazte Konpainian sartzeko aukera ez ezik, arte eszenikoetan profesional gisara sartzea ahalbidetzen dugu.

Gazteek antzerkigintzako formakuntzarako aukera badaukate, baina antzezteko momentuan, hutsuneak al dituzte?

Behin antzerki eskolatik ateratzerakoan, ez daukagu inolako laguntzarik, ezjakintasun asko dago, eta hori da arazoa nire ustetan. Horregatik, asko Madrilera joaten dira. Bertan ere, dena den, zabalik dauden castingak oso murriztuak izaten dira. Hori dela eta, gure asmoa urtean gutxienez behin castingak zabaltzea zen; hartara, batzuei, behintzat, lana eskaini, eta aukerak egon badaudela erakutsi. Aurten Euskal Herriko gazteak ez ezik, Madrilgoak ere etorri dira castinga egitera. Zergatik? Egunkarietan castingak egiten direla irakurri daitekeen arren, benetan, ez dagoelako hainbeste aukera.

Zeren topaleku da Gazte Konpainia?

Gure egoitza zabaltzearekin batera konturatu nintzen bageneukala espazio bat nun guk gure proiektuak gara-tzeko aukera genuen. Sortzeko leku bat geneukan bat-batean; beti, gainera, Pabiloi 6ren babes eta laguntzarekin. Hamalau pertsonako talde bat batu gara, enpresa bat daukagula uler daiteke, horrek dakartzan aukera eta ardurekin. Hasiera-hasieratik hainbat helburu eta arau jarri genituen. Argi geneukan orain arte bezala, gazte berriei aukerak ematen jarraitu behar genuela, eta, orain, areto berria izanik, urte osoan programazio osoa betetzen saiatzeko helburua ere jarri dugu. Aurreko urteetako bost proiektuak berreskuratuko ditugu horretarako, baina proiektu berriak ere sortuko ditugu. Programazioan hutsune asko izango ditugu, eta gure lanekin bete-tzen saiatuko garen arren, Euskal Herriko beste gazte batzuen proiektuak ere ekarriko ditugu gurera. Joan den hilabetean, esaterako, Arimaktore elkartekoei eskaini genien gure espazioa.

Zertarako bidea emango du zuen egoitza eta kudeaketa izateak?

Askotan lortzea zaila dena emango digu espazio honek, gure lana egiteko aukera. Urte guztian bertan lanean egongo gara, ez soilik antzerkigintzan, kudeaketan, aretoa atontzen eta hobekuntzak egiten. Orain, guztiok daukagu lan egiteko gogo handia, eta beharrezkoa den guztia egingo dugu programazioa osatu ahal izateko, baina iritsiko da momentu bat Gazte Konpainiako taldekideekin ez dela nahikoa izango, eta kanpoko jendea beharko dugula. Ezjakintasunez jositako etorkizuna daukagu aurretik; batez ere, egun bizi dugun egoera kontuan izanda. Era berean, proiektuek orain arte izan duten kalitatea bermatzen jarraitu beharko dugu.

Ilusioz edo beldurrez ekin diozue bide berriari?

Bat-batean konturatzen zara ez dela soilik antzeztea. Ilusio osoz egingo dugu, baina kontziente izanik lan handia egin beharko dugula. Bizi dugun egoeran ere, otsailera bitarte, nik neuk 30 antzerki-emanaldi ditut. Duela sei urte hasi nintzen antzerkigintzan, eta ordutik ez ditut hainbeste saio egin. Ez dakigu zenbat ikusle izango ditugun, ezta zenbat kobratu ahalko dugun funtzio bakoitzeko, baina, gutxienez, badakigu lan egin eta sortu dezakegula, eta horrek ilusioa dakar berarekin. Duela sei hilabete ez genuen bat ere.