ORAIN urtebete eskas jaio zen Kimua Dantza Kolektiboa. Aspaldi elkar ezagutzen zuten zortzi dantzarik osa-tzen dute: Ander Errasti, Uxue Urruzola, Eneko Galdos, Itziar Uzkudun, Oier Laborde, Izarraitz Larreta, Larraitz Balerdi eta Garazi Egigurenek. Urte luzez konpainia berean elkarrekin dantzan aritu ostean, proiektu propioa sortzea erabaki zuten, kolektibo moduan; bada, zortzi hileren buruan lehen ikuskizuna aurkeztu dute: GenEroa.

Ordubeteko saioan genero ikuspegiaren inguruko lanketa berritzailea proposatzen dute. Pozik azaldu da Garazi Egiguren, horren denbora gutxian lana aurkeztu ahal izan dutelako: "Ilusionatuta, emozionatuta eta urduri gaude", azaldu du. Ekainaren 20an aurrestreinatu dute GenEroa Billabonan, eta datorren astean, ekainaren 26an, izango da lehen saioa Tolosan. Hurrengoak Andoainen, Orion eta Hernanin izango dira, hurrenez hurren, eta Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzeko desira dute, "baita hemendik kanpo ere", gaineratu du Egigurenek.

Momentuz kalean egiteko prestatuta dagoen arren, proiektua eskoletara bideratzeko asmoa dute, generoa beste era batean lantzeko "aukera polita" dela iritzita. Osasun egoerak hobera egiten duenean antzokietarako egokitzea gustatuko litzaieke, baliabide berriekin eta argiztapena eta eszenografia aldatuta.

Ikuskizunaren bitartez generoaren inguruko hausnarketak eta galderak piztu nahi dituzte Kimuako kideek. "Ez dugu leziorik eman nahi, ezta pentsamolde jakin bat inposatu ere. Gure sentsazioak eta hausnarketak partekatu nahi ditugu, galderak planteatu erantzunak baino", argitu du dantzariak. Ikuslea galdera berriak buruan dituela joatea nahi dute.

Gorputz espresioa, dantza diziplinen nahasketa, bertsoak eta olerkiak erabiliko dituzte horretarako. Kimua Dantza Kolektiboaren filosofiari jarraiki, beste artista eta diziplina arteko kolaborazioa nabarmena da ikuskizun osoan. Hasteko eta bat, Ekaitz Goikoetxea bertsolariak egindako bertso eta olerkiek gidatuko dute ikuskizuna. Bestalde, koreografiak kolektiboko zortzi kideen artean sortu badituzte ere, kutsu garaikidea duten mugimenduekin Eneko Balerdi koreografoak lagundu die. Ezin ahaztu musikaren montajea egiteko hainbat musikarik utzi dizkiela kantuak: Aitor Etxebarriak, We Are Standard-ek, Huntzak, Oreka TX-k eta Kherauk. Kartelgintzan eta promozio bideoan ere "borondatez" lagundu diete, eta "oso eskertuta" daude denekin. Aurrerantzean kolaborazioekin jarraitzea gustatuko litzaieke: "Elkar hartu-emanean sinesten dugu, egiten duguna konpartitzea eta beste diziplinetatik ikastea gustatzen zaigu".

Lizartzako Kimua Group ingeniaritza enpresarekin ere eskerdun dira, entseguetarako lokala utzi dietelako. Argi dauka dantzariak: "Haien laguntza gabe ezingo genuen hau abian jarri". Kolektiboaren izenean eragina du horrek, baina bestela ere buruan zuten hitza: "Ibilbide ezber dinak izan ditugu, baina enbor bara osatzera iritsi gara. Enbor horretatik sortutako kimuek lore berriak ematea espero dugu".

Lanketa baten beharra

Kezka komun bati tiraka sortu zen GenEroaren ideia: "Gaiaren inguruan asko hitz egiten da eta berdintasunean, tolerantzian eta aniztasunean oso aurreratuta gaudela uste dugu, baina praktikan bestelako errealitatea bizi dugu". Kimua Dantza Kolektiboko kideen artean asko hezkuntza munduan murgilduta daude eta ikasleen artean lanketa baten beharra sumatu zuten. "Ikusten genuen dantza espresio eta transmisio bide desberdin bat izan zitekeela gaia plantea-tzeko eta jendearengana iristeko", argitu du Egigurenek.

Horrela hasi ziren gidoia egituratzen, kontatu nahi zituzten hausnarketak eta ikuspuntuak bilduz. Ideia horiei forma eta sakontasuna emateko, hainbat aditurekin jarri ziren harremanetan, Josebe Iturriotz, Enara Larrain eta Agurtza Zuberorekin kasu.

Koreografiak ontzeko euskal dantzak hartu dituzte oinarri, eraberritu eta beste dantza diziplinekin nahasteko, konbinazio berrien bila. "Esperimentatzea gustatzen zaigu, aberastasun handia dago fusioetan", azaldu du kideak. Dantzaz aparte testu, olerki eta bertsoz osatuta egongo da zuzeneko ikuskizuna. Ez hori bakarrik, saio bakoitzaren amaieran herrian herriko gonbidatu bat egongo da, mediazio saio baten bitartez hausnarketa sakonago batekin bukatzeko.

GenEroa-ren egileek argi dute gaia lantzeko proposamen polita dela. "Azken urteetan bolo-bolo dabil gaia, eta dantzak beste era batean iristeko aukera ematen du", diote. Ikuskizunean ez dira soilik genero identitatean zentratuko, "harreman ereduak, indarkeria matxista eta txikitatik ezartzen dizkiguten rolak" jarriko ditute auzitan, bai eta horiek denek sortzen dizkiguten "barne gatazkak eta sufrimenduak". Galdera berriekin amaitzeko: "Eta etiketa horiek kenduko bagenitu? Eta benetan aske izatera ausartuko bagina? Nola dantzatuko genuke, nola mugituko ginateke?". Erantzunak ikuslearen esku egongo dira.