Doinuek eta urratsek josia

Uztailaren 31ra bitarte egingo dute musika eta mendizaletasuna lotzen dituen Urmuga jaialdia. Egitasmoak Euskal Herriko mendiak zeharkatuko ditu, hemeretzi etapan banatuta. Horrez gain, inguruko herrietan hamarnaka kontzertu egingo dituzte

14.07.2021 | 09:51
Uztailaren 31ra bitarte egingo dute musika eta mendizaletasuna lotzen dituen Urmuga jaialdia

Berezko muga geografikoa da urmuga, Euskal Herria ekialdetik mendebaldera zeharkatzen, edo erdibitzen, duen ertza. Urak banatzea da urmugaren funtsa, berdin Kantauri itsasoa nola Mediterraneo itsasoa zipriztinduz. Geografiari zentzu poetikoz betetzeko bokazioz jaio zen, hain zuzen, Urmuga egitasmoa. Iaz antolatu zuten estreinakoz jaialdia, eta aurten uztailaren 13tik 31ra bitarte egingo dute.

Mendi ibilaldi musikatua. Hala definitzen dute antolatzaileek Urmuga egitasmoa. Datuei erreparatuz, erraz uler liteke hori: 19 egun, 384 kilometro, hamarnaka herri eta tontor nahiz bidexka artean musikaz goza-tzeko 15 aukera. Garobel mendilerroan barrena abiatuko da Urmuga, eta espedizioan mendizaleak eta musikariak elkartuko dira nonahi.


Mendilerro fisikoa baliatuta, bidaia bat proposatu nahi diete bisitariei antolatzaileek. "Urmuga da hari bat, 380 kilometro dituen hari bat; eta, baliagarria da hari hori herria josteko, batzeko", horrela laburbildu du Felipe Uriarte antolatzaileak egitasmoaren izpiritua eta funtsa. Uriarte goi mailako mendizalea da, eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu Euskal Herriko zein munduko beste hamaika txokotako tontor eta mendilerroak. Bera da, hain zuzen, ibilaldi musikatuaren ideologoetako bat: "Himalaia da planetako mendilerrorik altuena eta sortzen du nolabaiteko muga geografikoa; iparraldean Tibet dago, eta hegoaldean, berriz, Nepal. Han bizi diren sherpek orain 700 urte Himalaia gurutzatu zuten iparraldetik hegoaldera pasatuz. Horrek erakusten du muga geografikoak ez direla sekula mugak izan; kontrara, alde bateko eta besteko biztanleak harremanetan jarri izan dituzte".

Hausnarketa horri segika, munduko mendilerrorik altuenean garatutako istorioa Euskal Herrira ekarri zuen Uriartek: "Urmuga naziogintza ariketa bat da, Euskal Herria estatu gisa aldarrikatzea helburu duena; izan ere, muga kontzeptu berria da, eta estatuek sortzen dute, baina muga geografikoak ez dira mugak".

Euskal Herria, alderik alde


Euskal Herriko zazpi lurraldeak bustiko ditu Urmugak, Garobel mendilerrotik hasita eta mugarri argiarekin: Euskal herriko mendirik garaiena, Auñamendietako Hiru Erregeen Mahaia. Ibilaldiak, orotara, 19 eguneko iraupena izango du, Euskal Herria josten duen hegi naturala alderik alde zeharkatuz. Tologorri, Anboto, Aizkorri, Okabe zein Orhi, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako paisaia natural ikusgarrienak bisitatuko dituzte mendizaleek.


Uriarteren hitzetan, Euskal Herria nazio gisa aldarrikatzeko egitasmoa da Urmuga, eta horretarako lanabesak dituzte musika eta mendia: "Musikarien instrumentuak eta mendizaleen oinetakoak dira gure tresnak". Urmuga ontzeko prozesuan, Miguel Zeberio musikaria eta Et Incarnatus orkestrako zuzendaria izan du bidaide Uriartek, hastapenetik. Bien artean garatu dute proiektua, nork bere ekarpena eginez. Uriartek kontatzen duenez, Zeberiok bota zuen lehen harria: "Miguel Zeberiok jaurti zidan amua, esanez: 'egunen baten zerbait egin behar dugu mendia eta musika lotuz'. Himalaian nintzela, han 5.000 metrotik gora dagoen herrixka batean, otu zitzaidan niri ertz geografikoa oinarri hartzea".


Horrela, apurka-apurka joan ziren Urmuga ontzen, 2020ko udan lehen edizioa egin zuten arte. Kontzertuen nondik norakoak zehaztu ditu Zeberiok, eta mendi ibilaldiaren gidari-tzak hartu du, ostera, Uriartek. Ez-muga natural batetik eratorritako ekimen poetiko-politikoa izan da emaitza.

Bigarrena, hedatzera


Aurtengoa bigarren edizioa izango du Urmugak. Maria Aguirre proiektuko koordinatzaileak azaldu duenez, harrera ona izan du egitasmoak jaiotzetik: "Lehengo urtekoa ikusita, aurtengo erronka da herritarrak gehiago mugitzea: bizkaitar bat iparraldeko kontzertu bat ikustera joatea, adibidez, edo iparraldeko abeslari bat Andoainera ekartzea bere ikuskizuna ematera. Mugarik gabeko proposamen bat egin nahi dugu". Gainera, aurtengo eskaintza zabalagoa eta anitzagoa dela uste du Aguirrek. Mendi ibilaldia bere horretan mantendu da, baina kontzertuen zerrenda luzeagoa prestatu dute aurten. Orotara, formatu handiko bederatzi kontzertu eta formatu txikiko lau kontzertu izango dira Urmugan. Zenbait kasutan bertsolariak eta dantzariak ere jardungo dira oholtzan, kultur diziplinen arteko elkarrizketa uztartuz.


Prestakuntza handiko ekimena dela jakinarazi du Agirrek eta egitasmoak elkarlana duela oinarri; hain zuzen, tokian tokiko elkarte edo instituzioekin elkarlana: "Proiektuaren filosofia hori da; iristen garen toki bakoitzean bertako jendearekin antolatzea".

Parte hartzea, neurrira


Norabide bikoitza duen egitasmoa da Urmuga, eta, era berean, parte har-tzeko aukera ugari eskaintzen ditu, norberaren nahien arabera. Mendia eta musika uztartzen diren arren, era paraleloan doaz bi adarrak, parte hartzaileen gustura elkar guru-tzatuz zein elkarrengandik bereiziz. Mendi ibilaldiari dagokionez, aukera dago osorik nahiz zatika egiteko. 19 eguneko zeharkaldia 25-30 mendigoizalek egingo dute, eta badira tarte laburragoak osatzeko zenbait azpi aukera: astebeteko izen ematea, asteburukoa nahiz egun bakarreko ibilaldia egiteko aukera.

Era berean, aparteko lerroa osatzen du kontzertuen eskaintzak herritarren nahien arabera gurutzatu daitekeena ibilaldiarekin. "Kontzertu batera joan nahi baduzu ez duzu zertan mendian ibili behar, eta alderan-tziz", argitu du Uriartek. Halere, antolatzaileen asmoa bada ahal den heinean herritarrak naturara ahalik eta gehien hurbiltzea.

Musikaren alorrari dagokionez, iazko eskaintza zabaltzea izan dute erronka nagusi antolatzaileek. Euskal Herriko eta atzerriko hainbat musikari eta kantari izango dira Urmugako kontzertuetan, eta Et Incarnatus orkestraren 15 bat partaidez osatutako hezurdura izango dute oinarrian. Besteak beste, honako musikari hauek parte hartuko dute: Dupla, Gorka eta Nerea Urbizu, Alex Sardui, Olatz Salvador, Nogen, Anari, Chill Mafia, Niko Etxart, Juantxo Arakama (Glaukoma), Idoia Asurmendi... Lehen kontzertua Tologorrin egingo dute, eta azkena, Izaban. Edozeinek parte hartu ahalko du proiektuan, beti ere antolatzaileek jarritako baldintzak betez: segurtasun neurriak eta naturarekiko eta besteekiko errespetua mantentzea beharrezkoa izango da. Hala edo nola, Euskal Herria sakon ezagutzeko aukera eskaintzen du Urmugak, naturarekin doinuz zein ibilian konektatzeko parada.

noticias de noticiasdenavarra