FORMATZETIK hasi zen Dorleta Kortazar mundu horretan, ikastaroak eginez. Eskoriatzakoarentzat garrantzitsua da oholtza gainera igotzean jakitea entzule eta ikusleekiko erantzukizun bat baduela. Gaur egun, bere pasioa eta bigarren lanbidea da ipuin kontalariarena, bizipen oso ederra: “Mundu guztiak ezin du esan txaloak jasota itzultzen dela lanetik etxera”.

Nolakoa izan zen zure lehenengo esperientzia mundu honetan?

-Lehenengo deitu zidaten helduen-tzako saio bat egiteko, baina azken orduan norbaitek kale egin zuen haurrei zuzendutako saio baterako, eta niri deitu zidaten. Mentalizatuta nengoen helduentzako saio bat emateko, baina haurrentzako saio hori aurreratu zitzaidan, eta nire estreinaldia umeekin izan zen.

Haurrak eta helduak dira batez ere zure publikoa.

-Ni erosoago sentitzen naiz helduei ipuinak kontatzen, baina oso gutxi programatzen dira. Umeei zuzendutakoak izaten dira gehienak, eta liburutegien programei lotuta. Uste oso zabala da ipuinak umeentzat direla, eta nahiko nuke horrekin amaitu, iruditzen zaidalako ipuinak denentzako direla.

Kontatzen dituzun ipuinak zuk asmatutakoak dira?

-Helduei zuzenduta direnak, gehienak, nire ipuinak dira. Orain hasi naiz ipuin saio bakoitzean tradizionalen bat sartzen. Baina haurrei zuzenduta direnak ipuin tradizionalak edo modernoagoak diren egileen lanak izaten dira.

Sortu duzun azkena da ‘80 amandre’.

-Bai, helduentzako sortu dudana.

Lau amandre dituzu protagonista. Zergatik sortu zitzaizun horien istorioa kontatzeko gogoa?

-Nire amamak, eta haietako bat batez ere, beti egon dira presente nire ipuinetan. Kontatutako anekdotak beti sartu izan ditut ipuin batean edo bestean. Nire kasuan, nire amamengandik jaso dudana, ipuinak baino gehiago bizitzako anekdotak izan dira, eta ez da erraza hori ipuin bihurtzea. Baina hortik hasi nintzen, kontu horiek nola uztartu eta nola egin ipuin saio bat bihurtzeko. Alegia, benetako gertakizunekin fikzioa egiten eta ipuinak sortzen hasi nin-tzen. 80 amandre obrak lau ipuin ditu, lau emakume ezberdinen historiak. Amama baten ikuspegitik kontatutako beraien gaztaroko istorioak dira.

Eta zergatik amamen erreferentzia edo eragin hori?

-Iruditzen zaidalako bagatozela nonbaitetik, eta non eta zer kontatu nahi dudan dakidanean, asko konekta-tzen dut nire amamekin, biologikoekin eta imaginarioekin. Aurreko belaunaldietako bizipenak eta istorioak oso presente daude, eta irudi-tzen zait garrantzitsua dela nondik gatozen jakitea, nora goazen jakiteko. Era beran, amamak tresna bat dira kontatu nahi dudan hori kontatzeko.

Lau emakume horietako bakoitzak zer ordezkatzen du?

-Ez dut erlazionatzen amama bakoi-tza kontu konkretu batekin, baina badira bizitza gogorra izan duten istorioak. Beraien mikrokosmos horretan, herri txikietako baserrietan, beraien etxeetan beren lekua zein den aitortzeko borroka hori egin duten emakumeen istorioa da. Jazartuak izan direnenak, isilduak izan diren ahotsen istorioak. Uste dut hori badela lau ipuinetan eta lau amama hauetan presente dauden elementuak. Dena den, nahiko gogorrak izanik ere, umoreari bere lekua ematea gustatzen zait; horrekin jokatu eta publikoaren konplizitatea bilatu.

‘80 amandre’-k, baina, erreferentzia egiten dio antzinako eta gaur egungo amonen arteko loturari.

-Bai, Oteizaren esaldi bat da: “80 amonen teoria”. Oteizak dioena da kobazuloetan bizi ziren emakume horiek gaur egungoekin lotzeko 80 belaunaldi besterik ez direla behar. Eta 4.800 urte gure iruditegian oso urruti geratzen den arren, 80 ez da asko. Nire ustez, 80 horrek gertukoa den zerbait irudikatzen du. Horregatik, 80 amandre da belaunaldiei omenaldi bat; kobazuloetan bizi ziren emakumeak agian oso urruti irudikatzen ditugu, baina 80 direla esatean oso gertu sentitzen ditut nik.

Garrantzitsua da kontatzen jarraitzea, izaten jarraitzeko?

-Bai, nik uste dut ipuinak kontatzea gure esentziarekin konektatzeko modu bat dela. Ipuinak, sasoi batean ere, tribuan kontatzen ziren, eta orain ere taldean kontatzen ditugu. Bakardadean egiten dugun sorkuntza prozesua da, eta konta-tzen ditugun arte ipuinak ez dira ezer. Entzulerik gabe ez dira ezer, eta bestearen aurrean jartzen garenean bizi dira.

Nola hartzen du publiko helduak lau amona hauen kontakizuna?

-Esango nuke jendea, orokorrean, ez dagoela ohituta helduentzako ipuinak entzutera. Beraz, ez dakit zein espektatibarekin heltzen diren, baina bukaeran jasotzen dudana batzuengandik sorpresa da, eta beste batzuengandik esker ona ere bai. Lortu dutelako bere barruko zerbaitekin konektatzea. Aurkitzen dute espero ez zuten zerbait, baina ezaguna egiten zaiena.

Esango zenuke beraien mundu imaginarioan kontakizunarekin identifikatuta sentitzen direla?

-Bai. Ipuin batekin konektatzean norberak bere barruan duen iruditegi eta bizipen horiekin bat egiten du. Guk hitzak eta istorioak jartzen ditugu baina, gero, bakoitzak egiten du bere bidaia bere barruko emozio eta sentimenduekin.