beasain - Iraileko lehen asteburuan ospatzen dira urtero Beasaingo Beasainmendi auzoan festak. Aurtengoan ere, hutsik egin gabe, auzotarrak kalera atera dira beraien egun handia ospatzera, eta eguraldia lagun izanda, jaiaz osotasunean gozatzeko aukera izango dute beste behin ere.

Larunbatean iluntzeko 21.00etan hasi ziren asteburuan luzatu diren ekitaldiak. 21.00etan, herri afaria egin zen eta ondoren, mus txapelketaren txanda izan zen. Bertan, Aritz Aranburu eta Arkaitz Goikoetxea izan ziren irabazleak. Igandean, bestalde, etenik gabeko egitaraua jarraitu zuren Beasainmendikoek eta bertara inguratu ziren guztiek. Goizeko 8.00etarako suziriak jaurtitzen hasi ziren, eta herri meza, trikitilariak eta bertsolariekin segi zuen giroak. Eguraldia ezbaian izan zen, izan ere, iragarpenek azaltzen zuten euria egingo zuela. Hala ere, azkenean ez ziren iragarpen horiek bete eta nahiz eta hezestasuna eta hodeiak agerikoak izan ziren, ateri iraun zuen egunak.

Jaien egitarauko beste ekitaldi nabarmen eta jendetsuenetako bat Usurbe mendiko igoera izaten da. Andre Mari Elizaren aurreko plazan elkartu ziren korrikalari guztiak goizeko 11.30erako, eta Algortarako 4,7 kilometroak goraka egin behar izan zituzten denbora osoan. Aurten ere ikusi da osasun onean dagoen proba dela; 65 korrilakarik parte hartu dute guztira. Ibilbidea osatzen lehenengoa Mikel Beunza izan da eta tarte hori egiteko 22 minutu eta 10 segundo behar izan zituen. Segituan iritsi zen bigarrena, Aitor Regillaga, eta baita hirugarrena ere, Aimad Bouziane. Lehen herritarra Koldo Agirre izan zen, 23 minutu eta 34 segundoko marka eginez.

Emakumezkoen lehia ere bizia izan zen. Sara Alonso izan zen lehena Usurbeko igoera egiten. 27 minutu eta 21 segundo nahikoa izan zituen ia bost kilometroak egiteko. Bigarrena Maite Beregaña izan zen, 28:32ko denbora eginez, eta hirugarrena, berriz, 11 segundora iritsi zen, zilarrezko eta brontzezko dominen lehia ikusgarria eginez. Beasaindarrei dagokionez, Elena Calvillo izan zen lehena, 32:46ean geldituz kronoa.

Aukera izaten da bakarka lehia-tzeko, baina baita taldean ere. Gauzak horrela, aurreko egunean mus txapelketan gailendu ziren Goikoetxea eta Aranburu izan ziren kasu honetan ere lehenak, eta sariketan lortutako txapelak jantzita igaro zuten helmuga, irribartsu.

omenduak Omenaldirako tartea ere hartzen dute beasaindarrek. Aurten, Beatxurretako Juanito Elorza eta Ana Beitiak jaso dute oroigarria, ingurukoen babesarekin batera. Elorza 1948an jaio zen, baserrian bertan, eta haren emaztea 1954an Ormaiztegin jaiotakoa bada ere, ezkondu ondoren, Beatxurretara joan ziren bizitzera eta bertan osatu dute familia. Haien bizilagunek oroigarri handi bat eman zieten, egurrez egina, bi familien abizenek osatzen dituzten armarriekin.

Arratsaldean, aizkolari eta harri jasotzaileen ikuskizuna izan zen, bazkari herrikoia, haurren jolas eta erromeriarekin batera.