Eskola kiroleko programaren barruan modalitate ugari daude; horietako asko nahiko jarduera minoritarioak dira, baina dituzten jarraitzaileak fidelak dira. Horietako bat da abiadura-patinajea; ez du jende asko biltzen, baina parte-hartzaile kopurua mantendu egiten da denboraldiz denboraldi. Basauriko Basroller eta Bilbo Skating klubei esker, abiadura-patinajeak harrobi txiki bat osatu du, eta bertakoek aukera asko dituzte federatuetara jauzi egiteko. Gainera, esan behar da kirol honek baduela indarra maila federatuan. Horren adierazgarri dira jasotako sariak; esate baterako, Basroller klubeko Maríak Master 30 kategoriako pistako Espainiako txapelketa irabazi zuen duela ez hainbeste.

Hori bai, Euskadin, orokorrean, ia ez dago klubik. Iruñean bai, bertan jarraitzaile asko ditu kirol honek, batez ere eskoletako ikasleen artean; izan ere, baliabide ugari dituzte.

Bizkaiari dagokionez, Artxandako pistan hasi ziren jarduera praktikatzen, eta eskola ligak badaramatza urte batzuk egonkortuta. Gaur egun, probak errepikatu egiten dira udalerri desberdinetan, hala nola Arrigorriaga, Galdakao, Basauri edo Bilbon. Hain zuzen ere, Zorrotzako kiroldegiko hockey pistan egin zen zazpi jardunaldietako bosgarrena. 11:30ean hasi zen ekitaldia, trebetasun zirkuitu batekin. Arduradunek aurretik bidali zieten parte-hartzaileei horren inguruko informazioa. Ondoren, abiadura lasterketa tradizionalen txanda heldu zen; eta, azkenik, erreleboak.

Duela gutxi kanpoan ere egiten hasi dira probak, ez kiroldegietan bakarrik; eta biak uztartzen dituzte. Federazioak erabaki zuen modalitate gehiago sartzea, haurren artean zabaltzeko, eta asfaltozko zirkuituko patin-lasterketekin hasi ziren. Kategoria horren barruan daude Getxon eta Etxebarrin egiten direnak. Lehena Eskuinaldeko herri horretan egin zen, azaroan. Getxo Skating Race lasterketaren laugarren edizioa izan zen eta hogei neska-mutiko inguru elkartu ziren, Kirol Portutik zehar zirkuitu bat egiteko. Zoritxarrez, euria eragozpen bat izan zen. Ez zuen justu lasterketaren unean egin, baina bai sari-banaketaren unean. Behin ekitaldia atzeratu behar izan zuten, eguraldi txarra zela eta, baina bigarren saiakeran zale kopuru polita biltzea lortu zuten.

Kanpoko bigarren proba martxoaren 10ean izango da, Etxebarrin. Klasiko bat da dagoeneko, eta bertako Herri Krosaren parte da. Eskolako ikasleek bi kilometroko proba bat eginez parte hartzen dute eta federatuek hamarreko batean. Parte-hartze handia izaten du eta ziur aurten ere hala izango dela.

Behin eskola-egutegiko probak bukatuta, Bizkaiko Eskola Jokoetako finalak izango dira. Aurten, abiadura-lasterketa Getxon izango da. Federazioko kideak Fadurako belodromoa lortzen saiatzen ari dira, haurrak beste leku desberdin batean aritu ahal izateko. “Ez daukagu patinajerako pista espezifikorik, eta antzekoena txirrindularitzako belodromoa izan daiteke. Azken probak Faduran egitea gustatuko litzaiguke. Badakigu ez daukala inklinazio egokirik, baina neska-mutikoentzako esperientzia polita izango litzateke. Erandioko Altzaga ikastolan ere egin genuen proba bat”, esan dute federaziokoek.

Abiadura-patinajeak zale fidelak dituen arren, aurten beherakada txiki bat egon da; izan ere, monitoreak falta dira ikastetxeetan patinaje ikastaroak emateko. Pasa den urtean arbitro izateko ikastaro bat eman zuten; harrera ona izan zuen, beraz, aurten monitore izateko beste bat egin nahi dute. “Jendea behar genuen abiadura lasterketetan laguntzeko, beraz, ikastaro bat antolatu genuen pasa den denboraldian. Batez ere neska patinatzaileek eman zuten izena eta praktikak egin zituzten jardunaldian, epaile moduan. Poz-pozik gaude deialdiak hain erantzun positiboa jaso izanagatik. Orain monitore ikastaro bat eskainiko dugu, eta espero dezagun honek ere arrakasta izatea”, esan dute.