BILBAO. 2019ko uztailak 24. 197,3 milioi euroko mozkin garbia lortu du Kutxabank Taldeak 2019ko lehen seihilekoan, iazko epealdi berean baino % 5,0 gehiago. Cajasur-en ekarpen positiboa 15,4 milioi eurokoa izan da, 2018ko lehenengo seihilekoan baino % 11,5 gehiago.

Eremu makroekonomikoan ziurgabetasunak irauten duen testuinguruan lortu du emaitza hori finantza-taldeak, Txina eta AEBen arteko guda komertziala eta Brexit-a hortxe daudela, Espainiaren hazkunde aurreikuspenak, ordea, hobetu egin dira testuinguru horretan eta burtsek aurrerapen txikiari eutsi diote.

Banku negoziorako aipatzeko alderdi negatiboa da, EBZk ateak zabaldu dizkiela tasen beherapen berriei eta estimulu monetario gehiagori, Euriborra berriz ere minimo historikoetan dagoen unean.

2019ko lehenengo seihilekoan joera bertsua mantendu da. Negozioaren bilakaeran produktu berrien kontratazioaren hazkunde sendoa izan da gako nagusietako bat. Hala jazo da ETE-en finantzaketan, eta bereziki, hipoteka-maileguetan eta kontsumorako maileguetan, kasu bietan argi eta garbi merkatuaren portaeraren batez bestekoaren gainetik kokatu baita Kutxabanken bilakaera, eta berriz ere hazkunde errekorrak lortu ditu.

Hipoteka Kredituaren Kontratuen Lege berriaren indarrean sartzeak baldintzatu duen seihilekoan, Kutxabanken xehekako sareak merkaturatutako hipoteka-maileguak % 24,8 aipagarria igo dira. Bien bitartean, kontsumora bideratutako maileguek % 13,3 egin dute aurrera.

Enpresei emandako finantzaketaren bilakaera ere merkatuaren gainetik kokatu da, % 8,2 igo baita kontratazio berria.

Aseguruen negoziotik eratorritako diru-sarrerek ohiko joera onari eutsi diote. 71,7 milioi euroko ekarpena egin dio jarduera horrek emaitza-kontuari, % 8,3 gehiago. Hazkunde hau produkzio berrian oinarritu da, salmentak %4,1 hazi baitira.

Salmenta digitalak % 86 hazi dira

Irtenbide digital ugari merkaturatu ditu Kutxabankek 2019ko lehenengo hilabeteetan. Bere banka digitalek telefono mugikorraren bidezko Apple Pay, Samsung Pay eta Google Pay ordainketa-zerbitzuak gaitu dituzte. Baliabide horiek bezeroei ematen zaien zerbitzua hobetu dute, gero eta ohituago baitaude eragiketak online egitera.

Telefono mugikorretarako agregazio-zerbitzu berria ere abiarazi da. Zerbitzu horren abantaila nagusietako bat honakoa da, ‘app’ bakarretik kontsulta daitezkeela beste finantza-erakunde batzuetan kontratatu diren produktuen posizioak. Tresna horri esker, Kutxabanken bezeroek euren finantza-egoeraren ikuspegi globala izan dezakete, ia begirada bakar batean.

Gaur egun, Euskadiko finantza-talde honen bezeroen % 40 erabiltzaile digitalak dira, eta zifra hori era esponentzialean doa gorantz. Gainera, online kontratatutako banku produktu eta zerbitzuen pisua gero eta handiagoa da; izan ere, salmenta digitalak % 86 hazi dira Kutxabanken 2019ko lehenengo seihilekoan.