Villabona - Zubimusu Ikastolak aurten ere bost eta hamabi urte bitarteko haurrei euren ingeles ezagutzak sakontzeko aukera emango die, hango irakasleekin eta aisialdiaz gozatuz. Murgiltze linguistikoaren esperientzia honen helburua, eskolatik at eta giro erlaxatu eta dibertigarrian, hizkuntza-maila hobetzea da.
Aurten bi talde osatuko dira eta ekainaren 24tik uztailaren 31ra luzatuko da Enjoy English! egitasmoa. Saioak goizez izango dira, 9.00etatik 15.00etara.
Ikastolen Elkarteak antolatzen du ekimena eta aurten Izarne Maiz ikasle ohiak koordinatuko du Zubimusun. Duela bi urte bere etxean hartu zuten begirale bat eta esperientzia ahaztezina dela dio: “Oraindik harremana dugu Charlotekin. Charlotte Senior du izena. Hau programa martxan jarri zenetik laugarren urtea da eta nik, adinagatik, ikasle gisa ez dut inoiz parte hartu ahal izan. Baina ikusi genuen familiaren egoerak ahalbidetzen zuela gure etxean hango begirale bat hartzea eta animatu egin ginen”, dio Izarnek.
Beste aldean Mapi Ugalde dago. Bere bi seme-alabek hartuko dute parte Enjoy English-en. “Pentsatuta bakarrik nola ibili ginen gu ingelesa ikasteko! Hemen, Villabonan bertan, aukera izatea begirale natibo batekin egoteko, apartekoa iruditzen zait. Oraindik txikiak dira eta badute nahikoa, nik ez nituen klaseetara bidali nahi udan, baina Enjoy English-en jolastuz eta konturatu gabe ikasten dute eta hiztegia hartzen dute”, azaldu du.
Interesa duten familiek Zubimusu ikastolan bertan galdetu beharko dute lehenbailehen. - M.S.S.