Irurako jubilatuek fakturak ulertzen ikasiko dute
Argindarraren fakturaren inguruan argibideak emango zaizkie ostegunean hitzaldi baten bidez
Irura - Tolosaldea Garatzen garapen agentziak zenbait tailer antolatu ditu, Goiener kooperatibarekin batera, herritarrei energia murrizteko bidean argibideak emateko asmoz. Pasa den astean Tolosan izan zen hitzaldia, eta aste honetan, ostegunean, Irurako jubilatuen etxean izango da hitzaldia, 17.30etik aurrera.
Hitzaldira bertaratzen diren jubilatuek, faktura-orria eskuetan dutela, faktura ulertzen ikasiko dute eta argindarraren gastua murrizteko aholkuak jasoko dituzte Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatibako kideen eskutik.
Energiaren arazoaren inguruan herritarren kezkei erantzuteko Tolosaldea Garatzen garapen agentzia Energia Plana garatzen ari da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Plan honen helburua energia kontsumoa, menpekotasuna eta pobrezia maila murriztea da eta eskualdeak duen ahultasun energetikoari konponbideak jartzea hainbat egitasmorekin.
Goieneren xedea irabazteko asmorik gabeko kooperatiba bilakatzea da zeinean %100ean eredu berriztagarria lortzen lan egiteko eta gaur egungo eredu energetikoa aldatzeko desira duten milaka pertsona biltzen diren. Berrogei bazkide ingururekin probatan egon ondoren, Goiener hasi da -modu mailakatuan- argindarra bazkideei kontratatzeko aukera ematen. Web gune bat dute (www.goiener.com), non informazio guztia kontsultatu daitekeen. - M.S.S.