Zestoa - Zestoako haur eta nerabeek txoko berri bat izango dute aurrerantzean Gazteria Sailak eskaintzen dituen zerbitzu eta jarduera guztien berri izateko. Montse Atxegak, gazteria zinegotziak, eta Leire Otaegik, gazteria dinamiza-tzaileak, aurrerapauso horri buruz eta beste hainbat gaiez hitz egin digute elkarrizketa honetan.
Zein helbururekin estreinatu duzue webgune berria?
-Leire Otaegi: Dagoeneko martxan ditugun zerbitzuak osotasun batean herritarrei ikusgarri egitea da helburua. Udalaren Facebook orritik ematen dugu ekintzen berri, baina webgunea adinka dago banatuta eta osotasun bat ematen dio. Hori oso baliogarria da herritarrentzat. Herritar batzuk udaleku garaian soilik hurbiltzen dira zerbitzura eta ez dakite urte osoan zehar ere hainbat ekintza burutzen ditugula, eta asmoa informazioa herritarren eskura geratzea da.
Webgunea hiru ataletan dago banatuta: haurrak, nerabeak eta gazteak. Zer aurki dezakegu horietako bakoitzean?
-L.O.: Haurren eta nerabeen atalari dagokionez, adibidez, orain udaleku irekietarako kanpainaren berri eman dugu. Horretaz gain, gaztelekuko egitaraua, haurren-tzat eskaintzen den programazioa, Barbantxo Aisialdi Taldearen egutegia... Gazteentzat, berriz, ez daukagu zuzeneko zerbitzurik eta baliogarri izan daitekeen informazioa ematen dugu; hala nola, Foru Aldundiak publikatzen duen lan eskaintzen dossierra, Gaztetxartela, Ikastxartela... Baina gazteak ez ditugu ahaztuta eta liburutegiak arratsaldeko ordutegia duen arren, goizean erabiltzeko aukera ere badute.
Nolatan erabaki zenuten aparteko webgune bat egitea?
-L.O.: Udaleko web orria berritu egin behar zuten eta Aldundiak plataforma bat eskaini zion Udalari. Gainera, ez zitzaidan interesatzen Gazteria atala Udaleko koloreekin joatea, formatu aldetik beste gauza bat nahi nuen. Atari berri baten beharra somatzen nuen eta aukera sortu zi-tzaigunez, aurrera egin genuen.
Udalekuen izen-ematea joan den astean amaitu zen, ezta?
-L.O.: Bai, baina epez kanpo dabiltzanak gurekin zuzenean jar daitezke harremanetan. Jendea apuntatzen da eta oro har, erantzuna oso ona izaten da.
Udaleku irekiez gain, hainbat tailer eta jarduera ere antolatzen dituzue.
-L.O.: Bai, baina lehendik ere egiten genituen horrelakoak. Tailerrekin, adibidez, ikasturte hasieran hasi ginen, eta Barbantxo Aisialdi Taldea haurrentzat jolasak eskaintzen hiru urte darama. Ez dira eskaintzen ditugun zerbitzu berriak, baina orain agian ikusgarriagoak dira.
Eta gaztelekua noiz egoten da zabalik?
-L.O.: Ostegun arratsaldetan 10 eta 11 urtekoentzat egoten da zabalik. Ostiraletan eta larunbatetan, berriz, 12 urtetik gorakoentzat.
-Montse Atxega: Gaztelekuari dagokionez, legealdi honetan Udalak duen erronka nagusiena gaztelekua handitzea da. Une honetan buru belarri gabiltza hori konpontzeko. Azken finean, zerbitzu gehiago eskaini nahi baldin baditugu, eskas gelditzen gara. Gainera, haurrek ere eskaera bat sartu dute udaletxean. Ziur aski aurten konponduko dugu. Zalantzarik gabe, gaztelekuari beste espazio bat ematea da erronka nagusia.
Herri Hezitzailea proiektua ere martxan jarri duzue duela gutxi. Zertan datza?
-L.O.: Herri mailako erabakietan haurrei hitza ematea da Herri Hezi-tzailearekin bilatzen duguna. Udala gaztelekutik ari da haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzen, baina ikusten genuen hezkidetza, euskara edo ingurugiroaren zaintza lan-tzean, adibidez, zerbait gehiago egin behar zela herri mailan aldaketa ikusi nahi bagenuen. Hala, proiektua ezagutu genuen eta salto hori eman genuen.
-M.A.: Iaz, adibidez, parkea berritu zen eta haurrek erabaki zuten parkearen izena. Orain, Aizarnan ere jolas parkearen izena beraiek erabakiko dute eta uste dut parte-hartze hori aberasgarria dela.
Baduzue beste proiektu edo berrikuntzarik esku artean?
-M.A.: Esan bezala, erronka nagusia lokal berri bat izatea, eta modu horretan, gauza gehiago eskaintzea da. Gaztelekuan 14 urte artekoak etortzen dira, baina leku zabalago batekin 14-16 urte tarte hori ere landu dezakegu. Baina argi dago tokirik gabe ez dela posible. Gazte asko etortzen dira eta horri erantzuna eman behar zaio.