Zazpi egun eta hamaika giro, Santiagoko plazan eta harantzago
Nahiz eta urtero bezala Santiagoko enparantza den euskal giroaren epizentro, euskara hiriko bazter guztietara zabalduko da jaietan
Estella-lizarra. Aurten ere Lizarrak prest dauka egitarau euskaldun eta euskalzale bat, Santiago enparantzan epizentroa duena baina hiri osora ere zabaltzen dena. Jaien bezperetatik hasita eta asteazkenera arte Lizarra Ikastolak, Garean eta La Bota elkarteekin batera, hainbat ekintza ezberdin eskainiko ditu euskal hizkuntz eta kultura aurreneko lerroan ipiniz.
Hirugarren urtea da jada hiru talde hauek programa amankomun bat osatzen dutela, eta hirurak ados daude esperientzia positiboa izan dela esatean. “Oso ongi joan da eta jai gune garrantzitsu bat bihurtu da Santiago enparantza Lizarran”, dio Rakel Herrerok, Gareaneko kideak. “Eta euskaldun gune bat ere bai. Azken finean, egiten diren gauza gehienak euskaraz izaten dira”.
Ikastolako barrakak antolatutako berbena eta afariei atxikitzen zaie Gareaneko Jai-Alai programa eta La Botaren barra eta kontzertuak. Josu Sueskunentzat, programa amankomunarekin “jaiak euskaraz bizitzeko informazioa bateratu da” eta “Santiago plazari ohiartzuna eman zaio”.
Enparantzako giroan etorri berriaren etiketa izaten jarraitzen duena La Bota elkartea da, nahiz eta jada hiru urte daramatzan festak gune honetan gozatzen. Elkarteak oraindik baloratzen ari da bere iraunkortasuna plazan. Izan ere, bere lokalaren berrikuntza obrak amaitzear daude -irailan espero dute inaugurazioa egitea- eta, beraz, 2018-ko festetan erabilgarria izango dute.
“Hurrengo urtean zer egingo dugun ez dakigu; bazkideen asanbladan erabaki beharko dugu”, azaltzen du Sara Txandiak, La Bota-ko kideak. “Alde batetik, enparantzari esker eguneko anbienteaz gehiago gozatzen dugu baina, bestetik, diru asko inbertitzen dugu kontzertuetan, lokalean gaudenean baino gehiago, eta gero ez dago benetazko etekinik”, dio. Erabakia, kideek “jaietan lan egiteko gogoen” arabera hartuko da.
EKINTZAK Berrikuntza gisa, asteazkeneko errefuxiatuen aldeko bazkariari musika saio bat atxikitu zaio, DJ Trufaren eskutik, eta astelehenean Los Últimos Reyes taldeak kontzertu bat emango du. Iaz bezala, egitarau bateratuak apostua egingo du edalontzi birziklatuen inguruan eta baita Udaleko eraso sexisten aurkako kanpainan, esku gorria txartela eta egitarauean ipiniz.
Lizarrako jaietako eskaintza ez da Santiago plazara mugatzen. Hain zuzen ere, Jai-Alaiko ekintzarik popularrena Lizarran Kantuz kalejira izaten jarraitzen du, hiri osoa kurritzen duena euskal abesti tipikoekin. Gareak antolatutako ekintza guztien artean, Jai Alai “jende-tsuena” izaten da, Herreroren arabera, eta “oso familiarra”.
Hirugarren urtez, Gareanek Festa Girorekin elkarlanean giro familiarra eskainiko du txosna gunean, haur berbena bat antolatuz igandean. “Ume dexente gerturatzen dira eta txosnak jendeari irekitzeko aukera bat da”, dio Herrerok. “Lehen txosnetan oin bat inoiz jartzen ez zuten aiton-amonek euren bilobekin datoz orain”.
Más en Navarra
-
El Gobierno de Navarra activará la lista de aspirantes de Maristas para sustituir las renuncias
-
Larrasoaña acogerá la fiesta del Euskera del valle de Esteribar
-
Auritz/Burguete rinde homenaje a la visita de San Francisco de Javier en 1525
-
Exposición colectiva con más de 300 obras de alumnos de la Escuela Municipal de Arte