“Bost kontinenteetan daude nik egindako piezak, eta harro nago harria euskaldunon adierazgarri delako”
185 kiloko harria esku bakarrarekin jaso zuen 1982 urtean, baina orain trebeziaz erabiltzen ditu bi eskuak harri txikiak zizelkatzeko Iñaki Gorostidi adunarrak
Aduna - Denetik probatu du bizitza honetan Iñaki Gorostidik. Harria jasotzen kontrariorik ez zuela eta Parisera joan zen boxeoan aritzeko, eta azken 25 urteotan ogibidea atera du adunarrak harri txikiak zizelkatzen Apakintza baserrian. Herri kirolen zaletu amorratua, ez du hutsik egingo gaur Tolosan izango den aizkoa apustuan.
Gaztetxo hasi zinen harria jaso-tzen, ezta?
-Hamabost urtekin hasi eta hogei urte arte aritu nintzen. 200 kilo jaso-tzera iritsi nintzen, baina 80 kilo azpiko kategoian nenbilen eta kontrariorik gabe geratu nintzen.
Zer dela eta pasa zinen harria jasotzetik boxeoan aritzera?
-Urtain tarteko, boxeoa modan jarri zen garai hartan eta Parisera joatea erabaki nuen boxeoan aritzera. Lehengusua dut Paco Ibañez kantaria eta bera han bizi zenez, bere etxera joan nintzen. Lau urte egin nituen bertan, 33 borrokaldi egin nituen profesional bezala; 16 irabazi, sei nulu eta gainontzekoak galdu egin nituen. Orduan pentsatu nuen harrira bueltatu behar nuela.
Zer moduzkoa izan zen Parisko esperientzia?
-Paco Ibañez lehengusuaren giroan mugitzen nintzen, denak bohemioak ziren... baina nik oroitzapen ona dut.
Baina bueltatu egin zinen...
-Bai, nirea harria zen eta itzultzerakoan egin nuen nire markarik hoberena; 185 kilo altxatu nituen esku batekin 27 urte eta 77 kilo nituela. Motozerrarekin istripua izan nuen, eta ezin izan nuen jarraitu ez nin-tzelako lehengokoa.
Eta orduan heldu zenion harri txikiak egiteari?
-Bai, harriak konpontzen nituen eta ofizioak berak erakutsi zigun aukera bazegoela. Altxatzeko harrien miniaturak egiten hasi ginen, baina harriarekin gauza asko egin zitezkeela ikusi genuen eta denetariko piezak egiten hasi ginen; txapelketetarako garaikurrak, ekitaldietarako oroigarriak, apaingarriak... Harrokeririk gabe, baina lan dezente dugu. Azoketara joatea eta jendearekin hartu-emana oso gustuko dut.
Harri-jasotzaileak gizon sendo eta zakarren ospea duzue. Artisau-tzak, aldiz, esku finak eskatzen ditu... ederki moldatzen zara zu!
-Harri-jasotzaileok harria altxa eta egunero txuleta jaten dugula pentsatzen du askok, baina arrain ona ere gustatzen zait niri! Ofizioak berak ere asko erakutsi dit.
Mundu osoan daude zuk egindako harri txikiak...
-Bost kontinenteetan milaka harri daude guk egindakoak. Txinan ere egiten dituzte, baina patentea guk daukagu. Hori niretzat harrotzeko modukoa da, harria euskaldunon ikurra delako, euskal kulturaren adierazgarri. Pepe Mugica Uruguayko presidente ohiak bere bulegoan zuen guk egindako harri bat.
Nola ikusten duzu herri kirolen etorkizuna?
-Aldatzen ari da, baina gazte asko dago. Gaur egun kirolari bezala ikusten dira herri kirolariak. Aizkora igotzen ari da, etapak izango dira...
Gorostidi Harria jaialdia izango da Adunan apirilaren 22an, zer esanahi du zuretzat harri honek?
-Adunako alkateari proposatu nion jaialdi bat antolatu behar genuela eta Gorostidi Harria izena hartu zuen. Baserrian museo txiki bat dut eta bertan gordea dut 185 kiloko harria. Niretzat ez du preziorik. Harri zaharrak dira eta polita da nire garaiko harri-jasotzaileentzat.
Gipuzkoako txokoa. Aduna nire herria da, baina Donostia zoragarria iruditzen zait, itsasoa eta lurra dauzkazu.
Paisaia idilikoa. Euskal Herriko mendietako edozein paisaiak niretzat ez du parekorik.
Festa edo ospakizuna. Herri kiroletako edozein apustu. Gaur Tolosako zezen plazan izango naiz Arria V eta Iker Vicenteren arteko desafioan.
Mendia. Ernio da niretzat gertukoena eta kuttunena.
Hondartza. Gehien gustatzen zaidana, Kontxa.
G
ipuzkoatzen