Irain arrazistak, migratzaileen aurkako amen-omenak eta txiroenen aurkako mespretxu-adierazpenak ohikoegiak dira sare sozialetan eta espazio publikoetan. Haien hedapenak gizarte-zatiketa sustatzeaz gain, elkarrizketarako gaitasuna ahultzen du eta erakunde demokratikoekiko konfiantza ere higatzen du.
Talde jakin batzuen aurkako arbuioa sustatzen eta gizarte-polarizazioa areagotzen duten mezu diskriminatzaileei aurre egiteko asmoz, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Zaska-Zurrumurruen aurkako Nafarroako Sareak bereziki gazteei zuzendutako doako ikastaro bat antolatu dute. Ikastaro horren xede nagusia da gazteei zurrumurruak, estereotipoak eta diskurtso diskriminatzaileak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko tresnak eskaintzea. “Gorroto diskurtsoei aurrea hartu eta arrazakeria eta xenofobia borrokatzea” lelopean gartuko den prestakuntza Iruñeko Gaztediaren Etxean egingo da maiatzaren 27an, 17:30etatik aurrera.
Tailerra, bereziki, beren esparru pertsonalean zein sozialean diskriminazio-egoerei aurre egiteko estrategiak eskuratu nahi dituztenei 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Izen-emateko aukera maiatzaren 22ra arte izango da zabalik Iruñeko Udalaren webgunean den online inprimaki baten bidez.
Gazte kritikoak
Ikastaroaren helburu nagusia da diskurtso diskriminatzaileen aurrean gazte kritikoak eta konprometituak sustatzea, aniztasun kulturalarekin lotutako gezurrak eta amen-omenak desaktibatzeko informazio egokia emanez. Horrela, gizartea polarizatzen duten eta talde jakin batzuk deshumanizatzen, kriminalizatzen eta haien aurkako indarkeria sustatzen duten diskurtsoak borrokatu nahi dira.
Ekimena jatorri desberdinetako gazteen arteko bizikidetza sustatzeko programen garapena aurreikusten duen Iruñeko Kultur Aniztasunaren eta Herritartasun Inklusiboaren 2023-2026 aldirako Planaren barruan kokatzen da.
Gorroto-diskurtsoen aurkako konpromisoa
Zurrumurruen aurkako sareak Bartzelonan sortu ziren 2010ean eta Estatu osora zabaldu dira, ZAS Euskadi, Stop Rumores Andalucia edo antirumores.com Estatu Mailako Hirien Sarea bezalako erakundeekin.
Nafarroako Zaska Sarea 2016an jarri zen martxan. Ordutik hona, Sarea hazi egin da eta, gaur egun, 31 erakundek osatzen dute, besteak beste, gizarte-kolektiboek, udalek, erakundeek eta Nafarroa osoko norbanakoek. Erakunde eta pertsona horiek guztiek “konpromisoa dute gorroto-diskurtsoen eta bizikidetzan eragina duten eta diskriminazioa sortzen duten zurrumurru arrazista, xenofobo eta aporofoboen aurkako borrokarekin”.
Ekimenak aniztasun kulturala baloratzen duten, kulturen arteko bizikidetza errazten duten eta gizartean tratu inklusiboa bermatzen duten narrazio alternatiboak ere sortu nahi ditu.
Jarduerak 20 plaza mugatu ditu, izena emateko ordenaren arabera esleituko direnak. Interesdunek informazio gehiago lor dezakete diversidadcultural@pamplona.es helbide elektronikoaren bidez.