ataun - Ataungo San Martin jaien barnean, herriko jaki preziatu bat balorean jarri dute beste behin, eta bederatzigarrenez, Jentilbaratza Kultur elkarteak antolatuta, IX. mondeju lehiaketa egin dute. Horrez gain, marrazki eta ipuin lehiaketako sariak ere banatu dituzte.

Aurtengo kasuan, mondeju onena Xabier Antzarentzat izan da eta bigarren postuan gelditu dira Mikel Morea eta hirugarren Iban Sukia. Sei lagunek parte hartu dute edizioan eta sari banaketa egiterakoan Joxe Ramon Erauskini eman zitzaion oroigarria, Mondeju Beltzaren Lagun izendatuz eta orain arte janari honengatik egin duen lana errekonozituz.

irudien indarra Marrazki lehiaketak ere eman du bere alea. Aurten 46 parte hartzaile izan dira, herriko LHko umeentzat zuzenduta. Hala, antola-tzaileek nabarmendu dute “kalitate oneko lanak” jaso dituztela eta iazko edizioarekin alderatuta parte hartzea “asko” igo dela. LH 1-2 mailan Unax Santana, Garazi Jauregi eta Enara Aizpuruk osatu dute podiuma; LH 3-4ean Aiora Jauregi, Beñat Bikuña eta Lia Goena, eta LH 5-6 mailan Aetz San Sebastian, Intza Amundarain eta Haitz Urrestarazu izan dira lehenak.

Ipuin lehiaketan, bestalde, 85 izan dira parte hartu dutenak. Kasu honetan, DBHko mailara zabaldua zegoen, eskualdeko gazteen parte hartzea bultzatzeko asmoarekin, eta aldiz, Ataungo LHko gaztetxoei zuzenduta ere bazegoen eta bertako 66 gaztek aurkeztu dira. “Jasotako ipuin kopurua handia izan da, eta horietako asko, kalitate handikoak”, agertu dute. Pol Elgarresta, Haitz Urrestarazu eta Intza Amundarain herritarrak izan dira sarituak eta Goierri mailan June Aiestaran, Uxue Llorente eta Leire Barandiaran.

Jentilbaratza Kultur Elkarteak, Goierri bailarako ikastetxeei; batez ere Beasaingo Loinazpe ikastetxeari eta Ataungo Joxemiel Barandiaran eskolari, bi lehiaketetan aurkeztu izana eskertu die eta irakasleen lana ere bai, “gazteen parte hartzea ahalbidetzeko ahalegin handia eta laguntza egokia eman baitigute”. Hala agertu dute: “sarituak gutxi batzuk izan diren arren, irabazleak denak dira eta horrelaxe jarraitzea opa diegu”.