Tolosa - Oria ibaiak 1953an izan zituen uholdeekin lotzen da zuzenean Alpino Uzturreren sorrera. Izan ere, uholde haiek kalte handiak eragin zituen Berazubi estadioan eta Tolosa CFk hura berreraikitzeko proiektua aurkeztu zuen 1956an Igarondo zineman egin zen asanbladan. Garai hartan mendi sail indartsua zuen Tolosa CFk eta mendizale ia gehienak proiektuaren aurka agertu ziren, sortu nahi zuen kirol eskola Falangeren menpekoa izango zela uste zutelako. Horren ondorioz ehun bazkide baino gehiago bota zituzten Tolosa CFtik eta ez zen inor geratu mendi sailean.

Kaleratutako mendizale haiek elkarte berri bat sortzeari ekin zioten. Mendiko Federazioak (Vasco-Navarra deitzen zen orduan) elkarte berria justifikatzeko arazoak izan zituen beste erakundeen aurrean, Tolosan beste bost mendi talde bazirelako: Tolosa CF bera, Aralarko Adiskideak, Ski Club Tolosano, San Esteban eta Oargi.

Esteban Larraioz, Antton Saez Basagoitia, Joxe B. Arrate, Peter Schnabel, Javier Luarizaierdi, Juanito Ugarte eta beste mendizale ezagun asko zeuden elkarte berria sortu nahi zuen taldean eta haien esperientziari eta izenari esker lortu zuten. 300 sinadura baino gehiago lortu zituzten. Sorrera batzarra 1958ko abenduaren 13an egin zuten eta Juan Mari Goiogana aukeratu zuten lehendakari. Materialik gabe, lokalik gabe, beste elkarte baten menpe izatetik naturaren inguruko kiroletan zentratutako elkarte berri bat izatera pasatu ziren. Korazonistetan hasi ziren elkartzen, Cordimarianaren lokaletan eta 1962an egungo egoitzara pasatu ziren, Gudari kalera. Lehen aipatutakoez gain, Mikel Arrastoa, Periko Agirre Txipia, Kepa Brau, Javier Alkorta, Ignazio Zuriarrain Koeti, Miguel Garcia Pelu, Jose Luis Zabaleta, Jose Luis Lopetegi, Jose Luis Mendieta... aipatu behar dira, besteak beste.

irteerak eta ikastaroak Mendira joateko autobusak, haurrentzako martxak, kanpamenduak, eskalada eta eski ikastaroak, eski probak, hitzaldiak, proiekzioak... antolatzeari ekin zioten. Lehen aipatutako mendizaleez gain, eskaladan Felix Etxeberria, Iñaki Sagredo, Santiago Arrospide, Patxi Berrio, Jesus Mari Oiarbide, Javier Miralles... aritu ziren. Eskiatzen, berriz, David Hernandez, Antonio Lobo, Jose Luis Lekuona Gorri, Jose Antonio Gorostidi edota Angel Ortiz izan ziren lehenak.

Kirol alorraz gain, lehen hamarkada hartan beste helburu nagusi bat lortu zuen Alpino Uzturrek: tolosarren onarpen soziala. Harrez gero jardunak ez du etenik izan, batzuetan besteetan baino gehiago. Mendi irteera ugari egin dira Euskal Herria osoan zehar eta baita Pirinioetara ere. Elkarteko zenbait kidek espedizioak egin izan dituzte Laponian eta Groenlandian . Eski taldeak ere probetan parte hartzen jarraitu du, kide batzuk selekzioetara iritsiz: Angel Ortiz, Garbiñe Alkorta edo Joseba Rojo eta, gainera, Imanol Rojok 2014ko Olinpiar Jokoetan parte hartuz. Joseba eta Imanol Rojo anaiak ere urteko Tolosako kirolaririk onenak ere izendatuak izan dira.

Candido Aizpurua bazkide zizurkildarrak 8.000 bat lortu zuen: Gasherbrum II (8.085 m). Urte batzuetan zehar mikologiak arrakasta handia izan zuen Tolosan eta Alpino Uzturrek ere parte hartu zuen zenbait lehiaketatan, antolatzaile eta lehiakide gisa.

Gaur egun, Alpino Uzturrek Tolosako Gudari kaleko egoitzan jarraitzen du eta 400 bazkidetik gora ditu. - M.S.S.