elizondo - Hasiera batean martxoaren 11n egitekoa bazen ere, azkenean martxoaren 18ra gibelatu zen, beraz, etzi, astelehenean burutuko da Nafarroako Gobernuko INTIA erakundeak antolaturiko Esne-behiak ekologikoan izenburua duen abeltzainendako jardunaldi teknikoa.

Elizondon, Arizkunenean burutuko da jardunaldia, 11.00etatik 14.00etara. Izena emateko 948 01 30 58ra deitu behar da.

11.00etan parte-hartzaileei harrera eginen zaie eta 11.15ean Esne-behiak ekologikoan produzitzeko baldintzak solasaldia eskainiko dute INTIAko Jone Lizarza eta Josepe Saezek; 12.15ean ekologikoan aritzen diren abeltzainen esperientzien berri emanen dute Asturiasko Jairo Garcia eta Kantabriako Manuel Sanzek. Bukatzeko, 13.00etan galderen eta mahai-inguruaren txanda izanen da, 14.00etan jardunaldiari akabaila emanen diotelarik. - F.A.G.