Errenteria - Gaur 12.00etatik aurrera Errenteriako XXXI. Sagardo Eguna ospatuko da. Foru plazan lehen txotxaren eta irrintziaren ondoren, Gorena markako sagardoak dastatzeko aukera izango da. Sagar bilketaren eta antzinako sagardogintzaren erakustaldia ere izango dira Xenpelar plazan.

Zita nagusia, ordea, 18.00etan Zumardian izango da txotx ofizialaren irekierarekin. Bertan sagardo dastaketa eta txahala errea Eusko Labelen eskutik izango dira eta ehundaka sagardozale biltzea espero da. Horiez gain, Ataungo talogileak eta kale animazioa egongo dira. Gainera, egun osoan zehar bertako produktuen azokako postuak ipiniko dituzte.

Antolatzaileek aste honetan jakitera eman dutenez, aurten soilik edalontziak salduko dituzte eta beraz aurreko urteetako lepoko zapiak dituztenak etxetik jantzita ekartzeko deia egin dute.

Aurtengo edizioan Sagardo Egunaren antolakuntzak erreleboa ezagutu du. Horregatik, ospakizunaren aurkezpenean 30 urte luzez festa hau antolatzen aritu diren guztiei eskerrak eman zizkieten, egindako lanari esker Sagardo Eguna apirilaren azkeneko larunbatean Errenteriako egutegian finkatuta gelditu den data bat delako.

Bestalde, ohi den moduan, sagardogileen artean azkeneko urtean zendutakoei omenaldia egiteko balio du festa honek. Gauzak honela, aurkezpenean Egiluze sagardotegiko nagusi Sebastian Retegi Mitxelena izan zuten gogoan.