Tolosa - Traineru denboraldiari ekingo zaio asteburu honetan, eta, iaz bezala, aurten ere Tolosaldeko Arraun Klubak herritarrengana hurbildu nahi du bere proiektua. Horrela, aste honetan zenbait ekimen antolatu dituzte: gaur pintxo potea izango da Euskal Herri plaza sarreran eta larunbatean, traineruaren aurkezpen ekitaldia egingo dute Trianguloan.

TAK-entzat funtsezkoa da herritarrak proiektu honen parte sentitzea, “guk eskualdeko proiektu gisa sentitu eta bizi baitugu”, diote taldekideek. “Traineru honen guztiaren bueltan, izan tostan edo itzalean, jende mordoa dago, baina gu guztiok eskualdeko proiektu bat bezala sentitzen dugu hau eta eskualdeak ere horrela sentitzea gustatuko litzaiguke. Lehorretik itsasorako bidea egitea, palaz palada urteetako ametsa uretaratzea eta horrekin bidea egitea zoragarria da guretzat. Lehorreko eskualdea gara, barrukoak, mendien artean gaude, baina guk ere badakigu itsasoan arraun egiten”, gaineratu dute ilusioz beterik denboraldi berriaren aurrean.

Aurten ere amets horri heldu nahi diote eta bi ekitaldi egingo dituzte aste honetan. Batetik, gaur pintxopotea izango da Euskal Herri plazaren sarreran. Musikak girotuta, pintxoak eta tragoak eskainiko dituzte 18.30etik 21.00etara. Larunbatean, traineruaren aurkezpena egingo dute Trianguloa plazan, 12.00etan hasiko den ekitaldian. Herritarrak animatu dituzte ekimenetan parte hartzera. - M.S.S.