ezkio - Ezkiotarrek Joxe Ugarteburu aizkolaria omendu zuten atzo, San Migel jaien barne. Ekitaldian, azken 50 urte hauetako aizkolari onenetako batzuk parte hartu zuten: Arria II, Mindegia, Arrospide, Azurmendi, Atutxa eta Vicentek, besteak beste.

Ugarteburuk bi aldiz irabazi zuen bigarren mailako txapelketa eta lehen mailakoan hiru aldiz hirugarren izan zen. Euskal Herriko aizkolariek Australiara egindako lehen bidaian parte hartu zuen, Arria II eta Mindegiarekin batera. Gainera, hamar apustu jokatu zituen eta horietatik zazpi irabazi.

Omenaldia Jai batzordeak antolatu zuen eta eliza aurreko plazan egin zuten. Aurreskua dantzatu zioten eta Mikel Mendizabalek bertso bat abestu zuen. Ondoren, Ugarteburu, Arria II eta Mindegiak erakustaldia egin zuten. Erakustaldia da hiru aizkolari hauek egin zutena azaltzeko hitz egokiena. Hiruen artean 200 urte baino gehiago dituzte eta baita plazan bildutako gazte askok baino sasoi hobea.

Jon Goenatxo harri-jasotzaileak eta Ezkion elkartutako gainontzeko aizkolariek ere erakustaldia egin zuten. Opari banaketaren ondoren, herri bazkaria egin zuten pilotalekuan. 200 lagun baino gehiago elkartu ziren.

Mihiarekin ere, zehatza Omenaldia Juanjo Sagastibeltza aurkezle eta bertsolari urretxuarrak gidatu zuen. Ugartebururi ekitaldian bildutako aizkolariak definitzeko eskatu zion. Ahoan ere aizkora duela erakutsi zuen: hitz gutxi, baina zehatzak. Arria II eta Mindegiaz lagun onak dituela eta ondo ikusten dituela esan zuen eta aizkorarekin jarraitzea opa zien.

Elorriaga zumarragarra gaztetan bere arerio nagusia izan zela gogoratu zuen. “Askotan aritu gara elkarrekin hemen bertan, Ezkioko festetan”. Arrospideri dagokionez, elkarri asko lagundu diotela aipatu zuen. Azurmendiri eskerrak eman zizkion, azken urte hauetan emandako laguntza guztiagatik. Esnaola “lagun ona” duela esan ondoren, gazteei buruz hitz egin zuen. “Atutxaren aitarekin asko lan egin dut eta bera mutikoa zenetik ezagutzen dut. Beti egur gainean gogoratzen dut. Mikel Larrañaga nire ikasleak ez du beti nik esandakoa egiten, baina ez da mutil txarra”, esan zuen txantxetan. Vicente “etorkizuneko mutila” dela aipatu zuen eta Ugaitz Mugertzak bere antz handia duela esan zuen. “Biok gaitz bera dugu: txiki samarrak gara. Bestelakoan, oso ona da. Segi aurrera, Ugaitz”.

Sagastibeltzak Ugartebururi gainontzeko aizkolariei buruzko iri-tzia emateko eskatu zion eta guk gainontzeko aizkolarietako batzuei Ugartebururi buruzko iritzia emateko eskatu genien. Jose Ignazio Orbegozo Arria II.-ak gaztetan elkarrekin asko ibili zirela gogoratu zuen. “Oso aizkolari bizkorra zen. Onenen pare ibiltzen zen. Kanaerdikoa minutu azpitik ebaki zuen. Gaur egun oso gutxik egiten dute hori. Oso ondo prestatzen zen eta oso saiatua zen. Pertsona bezala, leiala da, konfiantzakoa”.

Anjel Arrospidek Zumarragara ezkondu zenean ezagutu zuen Ugarteburu. Ordutik, lagun handiak dira. “Maisu ona izan zen. Oso ona. Konpromisoa hartzen duenean, emandako hitza betetzea gustatzen zaio”. Aizkolari bezala ere goraipatu zuen. “Duen gorpu-tzarekin, ez dago gehiago egiterik. 80 kilo baino gutxiago pisatzen ditu. 10 kilo gehiago izan balitu, txapel batzuk izango lituzke”. Joxe Ugarteburu ezkiotarra: 1980ko hamarkadako aizkolari txiki handiena.