Oiartzun - Bihar En femme dokumentala ikusteko aukera izango da Oiartzungo udaletxeko areto nagusian 19.00etan, Feminismo sailak antolatuta. Dokumentalaren egilea, Alba Barbé i Serra, bertan izango da, emanaldia bukatu ondoren iritziak partekatzeko, galderak egiteko eta tertulian aritzeko.

En femme dokumentala Bartzelonan grabatu zuen Barbé i Serrak. Bartzelonan cross-dressinga egiten duen komunitatearen errealitatea, zailtasunak eta generoaren inguruan dauden arrakalak erakustea du helburu lanak.

2018ko otsailean estreinatu zen eta nazioarteko film-jaialdietan erakutsi du: Zinegoaken Euskal Herrian; Guadalajarako (Mexiko) Nazioarteko Jaialdian; Queer Zinemaren Hamburgoko (Alemania) Nazioarteko Film Jaialdian; Poland LGTB Jaialdian (Polonia)...

Maiatzaren 17a, Gay-les-transfobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna izan da. Dokumental emanaldi honekin, Oiartzunen aniztasun sexualaren kontrako fobia horiei buruzko sentsibilizazioa egitea da helburu nagusia. - A.M.