elizondo - Berriki egindako Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzaren patronatuaren bileran hala erabakita, IDEA enpresak bertze 5 urtez segituko du adinekoen egoitza kudeatzen. IDEAk 10 urte daramatza adinekoen egoi-tza kudeatzen, eta hurrengo bortzetan ere hala segiko du, azkenak izanen dira, halere, bere garaian sinatutako hi-tzarmenak ez baititu gehiago ahalbidetzen.

Patronatuko bileran, afera honen inguruan erabaki-tzeko aukera zuten kide gehienek IDEAk kudeaketarekin jarraitzen aldeko botoa eman zuten eta EH Bilduko udaletxeko ordezkaritza izan zen horren kontra agertu zen bakarra, adinekoen egoitzak berriz ere kudeaketa publikoa izatearen aldeko apustua berretsiz.

LAB SINDIKATUA KRITIKO LAB sindikatuari arras larria iruditzen zaio IDEAk kudeaketarekin jarraitzea, ohar bidez kritikatu duenez. Gaur egungo gure gizartean, zahar etxeek betetzen duten zerbitzuak gero eta garran-tzi handiagoa duela uste du LABek, “oinarrizko behar bat betetzen du eta batzuek honen bitartez etekin ekonomikoa bilatzea guztiz onartezina da. Onartezina, etekin horiek eskuratzeko aunitzetan bai langileen baldintzak eta baita bertan ematen den zerbitzua ere kaskartzen direlako”.

Benetan kezkagarria irudi-tzen zaio “patronatuak, oinarrizko zerbitzua den hau esku pribatuetan segitzearen alde egin izanak; are gehiago langileak arras gustura daudela bezalako aitzakia guztiz faltsuak erabili direlarik erabaki hori hartzerako orduan”.

Oharrarekin hainbat kontu azaleratu nahi izan ditu sindikatuak, ematen den egoera zein den jakinarazi, sortzen ahal diren arazoen inguruan abisua eman eta honen gibelean dagoen filosofia salatu.

LABen arabera, gai hau ez da zerbait puntuala eta ziur dago etorkizunean ere zer errana ematen segituko duela. “Argi izan dezatela guzti horren aitzinean, ez LAB eta ezta zahar etxeko langileak ere ez garela geldirik egonen”. - F.A.G.