Noaingo hartan gehiago galdu omen zen, baina hauteskunde gaua ez zen batere gozoa izan, eta atzoko eguna, zer erranik ez. Hondagarria. Zaurian piko. Katedraleko kanpai-dorrera igota, nabarmena bezain mingarria da noraino kamustu den duela lau urteko Aldaketaren errotarria. Itsaso zabala baitzen, eta orain, aldiz, uharte sorta bat, eskuindarren indarrek inguraturik. Hiriburutik abiaturik, nekez aurkituko dugu haien mendean erori ez den herririk. Burlata, Barañain, Eguesibar, Berriobeiti Zendea, Noain, etab., eskuindarren eskupean daude orain, sozialistek lagundurik, zeren, hamaikagarren aldiz, nafar sozialistak eskuindarren eskumakila izan baitira. Behin eta berriz ohartarazia zen hori hauteskunde kanpainan. Alferrik, ordea. Zaharrak berri. Sekulako udal boterea, hiriburuarekin batera. Zenbaitek diote nekeza izanen zaiela gobernatzea, aurrekontuak onestea eta abar, baina beti agertuko dira sozialista zin-tzo eta erranekoak laguntza ematera. Dena den, uharteak izanik ere, Aldaketaren eskuetan dirauten udalerriek sekulako garrantzia izanen dute hemendik aitzina. Iparraldean, Antsoainek eutsi dio; ipar-ekialdean, Atarrabiak; ipar-mendebaldean, Berriozarrek; eta hego-mendebaldean, Zizur Nagusik (eskerrak ez den sozialisten botoa erabakigarria izan; bertzenaz, jai). Hegoaldean, bertzalde, Lezkairu zeharkatu, eta hantxe, Aranguren Ibarra, eskuindarren bolada gaitzetik libratu dena. Azken buruan, arnasguneak bezalakoak izanen dira hainbat kontutarako; euskararendako, bertzeak bertze. Hurrengo atala Parlamentuaren mahaiaren eraketa; asteazken honetan berean. Bihar jakinen dugu ea sozialistak prest ote dauden mahai irekia osa-tzeko eta bertze talde batzuei atea irekitzeko, lehen lau indarrek ordezkaritza izan dezaten. Ezezkoa baldin bada, kito. Nork daki ez ote diren udazkenean bozak eginen.