zaldibia - Zaldibiarrak 22. gazte festetan murgilduta dabiltza egunotan. Ostegunean hasi zuten jaia arkakusoaren jaitsierarekin eta ondoren etorri ziren poteoa, buruhandiak eta erraldoiak. Atzokoan, berriz, ogitartekoekin bazkaria egin ostean militantziaren inguruko tertulia egin zuten. Eguraldi onak lagunduta, baltsetan jaitsiera egin zuten errekan barrena, eta 19.30ean R ke R elektro-txarangak alaitu zuen arratsaldea. Iluntzean kontzeantrazioa eta Bake Faltsua, Iluntzean eta Zure Etsai taldeen emanaldia izan zen.

Gaur amaituko dute 22. edizioa. Hala, 18.00etan Joxemari Carrere ipuin irakurketa egingo da eta 18.30ean sasipilotari herriko pilota txapelketaren finalak jokatuko dituzte. Beste ekitaldi nabarmena sagardo dastaketa izaten da eta aurtengoa 13. alea izango dute. Hala, gaur, 20.00etan hasita, plazan hamabost sagardotegitatik ekarritako edariak izango dira dastagai. Horrez gain, pintxoak ere eskainiko dituzte. Egunarekin amaitzeko, Mugipanderoa eta Ziribulio Sound taldeen kontzertuak izango dira, 23.00etan hasita.

ikasle abertzaleak Bestalde, Goierriko Ikasle Abertzaleen martxa ere Zaldibiara gerturatu zen atzo. Ormaiztegin hasi ziren ibilaldi honekin eta Idiazabaldik pasa ostean Zaldibiara iritsi ziren bertako festarekin bat egitea. Egun hauetan bazkariak, tertuliak eta hitzaldiak landu dituzte, besteak beste, hezkuntza sistema kapitalistaren ingurukoa. Aurtengoan ere gazte asko batu dira Ikasle Abertzaleen martxara. - M.A.